Euskal Herrian eragile gehienek goraipatu dute Luhusokoen ekinaldia; Mixel Berhokoirigoin, Txetx Etxeberri, Mixel Bergougnan, Beatrice Molle-Haran eta Stephane Etxegarai boskotearena. Haien konpromisoa baloratzean –publiko orokorrari begira, Berhokoirigoin eta Etxeberri dira ezagunenak–, komeni da haien ibilbide osoko engaiamendua hartzea kontuan Luhusokoa konprenitzeko eta ostiralekoa jendaurrean azaltzen ibiltzeko. Datu solte batzuk ematearren, Berhokoirigoin, adibidez, Frantziako Estatuaren aurka Euskal Herriko Laborantza Ganbera sortzeagatik epaitu egin zuten orain dela urte batzuk —gailen atera zen—. Etxeberrik, beste batzuekin batera, GALeko bi kide harrapatu zituen Baionan 1985ean, Monbar hoteleko hilketak izan eta minutu gutxira; edota, urrutira joan gabe, lehengo ekainean Frantziako poliziak “zapatu” egin zuen Baionan, lan erreformaren kontrako protestan. Orain, Luhuson ETAren armak suntsitzekoak zirenean, bazekiten atxilotzeko arriskua zutela; argitaratzeko bideratuak zituzten gutunak lekuko. Hala ere, aurrera jarraitu zuten. Bake bidean, hitzontzikeririk ez haiek.♦