Enekoitz Esnaola

Hilabetea: otsaila 2017

Prozesua

BERRIAko analisiaren (2017-02-19) laburpena: Xabi Larralderena da: “Burujabetza prozesu bat hiru geltokitatik igaro behar da: autoafirmazioa, autoantolakuntza eta autodeterminazioa”. Euskal Herrian prozesu nazional baterako—ez derrigorrean zazpi lurraldeetako—, oraindik ez daude baldintza horiek. Gehienez, autoafirmazioa. Egon da saiorik, baina eragile politiko subiranistek ez dute asmatu bidean aurrera egiten. Beti iritsi zaie une jakin hori. ELA-LABen 1990eko hamarkadako bost bat urteko aroa kenduta, (Hego) Euskal Herrian erakunde politikoak —zehazki, haien arduradunak— izan dira prozesuetako protagonista. Aurrera begira ere, prozesurik bada, nazionalismo historikoak eta ezker subiranistak izango dute protagonismorik, baina, lehen ez bezala, espazio bat ari da ernatzen: Gure Esku Dago herri dinamikaren —eta Ibarretxeren?— bueltakoa. Prozesu nazional baterako berme eta sustatzaile lana bete dezake; hasi dira —bide— orria idazten. “Idaztea da prozesuaren azkeneko partea. Lehenago, dokumentatu egin behar dut, eta jakin zer idatzi nahi dudan” (Javier Moro). Hori betaurreko subiranistekin leituta: erabakitzea da prozesuaren azkeneko partea. Lehenago, ardatzak finkatu behar ditut —balio unibertsalak, kultura politiko-demokratikoa, pazientzia…—, eta jakin zer erabaki nahi du —euskal estatua (?)—.♦

Gauza txiki batzuk (14)

Ibarretxe-Mas. Gure Esku Dago-k bazuen zalantzarik Kursaaleko 600 laguneko aretoa beteko zen Ibarretxe-Mas hitzaldirako. Joan den asteazkenean hilaren 22ko saioa iragarri eta ordu gutxira 700 lagun zeuden izena emanda. Atzo eguerdian, mila. Beraz, Kursaalean 1.800 laguneko aretoa hartu ala milarentzat areto bat egokitu, horretan dabiltza Agirre Lehendakaria Center eta biak. Bihar-edo esango dute.

Torturak. Joan den larunbatean jakin zen martxoan epaituko dituztela lau guardia zibil, Sandra Barrenetxea torturatzea egotzita. Paco Etxeberria auzi medikuak iaz, Tortura: 1960-2013 ikerketaren aurkezpenean, 1985eko istorio bat kontatu zuen: orduan beste lau guardia zibil epaitu zituzten, lesioengatik, eta epaiketan parte hartu behar zuen auzi medikuetako bati lehergailu bat jarri zioten autoan; “gaur, lasai esan dezaket: guardia zibilen lagunek jarri zuten lehergailu hura”.

Espainiako Auzitegi Nazionala. Teresa Todarena da gogoetarako esaldi hau, Auzitegiaren behatzaileak artikulua lantzean esandakoa (ez genuen sartu): “Auzitegi Nazionalean libre ateratako euskal herritarrek behintzat badituzte euskal kazetariak gauzak kontatzeko. Estatu islamikoko kidetzat jotzen dituzten horiekin zer gertatzen den inork ez daki”.♦

Auzitegi Nazionala, post scriptum

Espainiako Auzitegi Nazionalari buruz BERRIAk atzo argitaratutako lan mardularen post scriptum bat: 2009ko abenduaren 15a, Egunkaria-ren kontrako epaiketaren hasiera eguna. Aurreko egunetan galdera bat atera zen BERRIAn: “Eta sare sozialetan epaiketaren zuzeneko kontakizuna egiten badugu?”. Auzitegi Nazionalera deia segituan, ea posible al zen hori, eta utziko al zuten. Baietz haiek, teknikoki egin zitekeela, bazegoela baimena, eta, harritzekoa, artean inork ez zuela egin halakorik, aurrena izango zela BERRIA. Aurrera, beraz. Heldu zen abenduaren 15a, joan zen Aitziber Laskibar kazetaria auzitegiko prentsa aretora ordenadora batekin, Internetera konektatu, eta, prentsa aretoko telebista ikusiz —barne emisio bidez eman zuten saioa—, Berria.info-rako zuzeneko kontakizuna egin zuen Twitterrez —auziko beste saio guztietan ere bai—. Bukatu zen lehen jardunaldia, eta Madrilen zen lankide batek auzipetu bati esan zion BERRIAk zuzeneko kontakizuna egin zuela. “Zer da hori?”.♦

Gure Esku Dago, “askoz erosoago” orain Kataluniakoarekin

Mario Zubiagak gogoeta eta apunte interesgarriak plazaratu zituen astelehenean Oiartzungo solasaldian (BERRIAko artikulua: Prozesua: subiranistaz gain, progresista). Kataluniako prozesua nabarmendu egin zuen, eta zioen Gure Esku Dago orain erosoago dagoela procés-ek hartu duen bidearekin: “Katalunian bide orri bat jarri zuten, independentista; ikusi zuten emaitza ez zuela ematen eta beste, eta bide orria, erabakitzeko eskubidea dute. Bide batez, mesede itzela egin digu horrek, Gure Esku Dago askoz ere erosoago dagoelako bide orri horretan”. Katalanen beste bi gauza azpimarratu zituen: batetik, bidea jarraitzeko daukaten “malgutasuna”, “pragmatismoa”, “inteligentzia politikoa”; eta, bestetik, euskaldunen aldean “saltzeko” daukaten trebetasuna.♦

Gauza txiki batzuk (13)

Gasteiz. Bi bloke behintzat garbi daude Gasteizko udal taldeen artean: PP (1. indarra 2015eko bozetan) eta udal gobernuko EAJ (3.)-PSE (4.). Bestea EH Bildu (2.)-Hemen Gaude (5.)-Irabazik (6.) osatuko lukete. Bloke bakoitzak bederatzi hautetsi dauzka. Baina botoetan-eta nola daude? PPk 35.722 boto (%30,18), EHB-Hemen Gaude-Irabazik 39.942 (%33,75) eta EAJ-PSEk 34.258 (%28,94). Aurrera begirako aliantzetarako datuak, menturaz.

Jonan Fernandez. Noticias taldeak zekarrenez, Jonan Fernandezek datorren asteazkenean aurkeztuko du Eusko Legebiltzarrean Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzaren legealdiko plana. Fernandez oraindik, ofizialki bederen, ez dute idazkari nagusi (ber)izendatu. Jada igaro dira bi hilabete Iñigo Urkulluk lehendakari kargua hartu zuenetik. Astearteko gobernu bileran izendatuko dute, ala?

Algeciras. Euskal kazetaritzan ibilbide luzea egindako emakume bati elkarrizketa egin diogu goizean. Poltsa prestatzera joan da gero: arratsaldean Algecirasera doa autobusean, hemendik 1.100 kilometrora, euskal preso bat bisitatzera. Jonan Fernandezek-eta gaur-gaurkoz benetan heldu beharreko arazoa: presoen urruntzea.♦

Memoria eta zigorra

“Bakea eta normalizazio politikoa lortzeko” ekintza plana aurkeztu du EH Bilduk: Bakerako Euskal Konponbidea. “Memoria duen iragana”, “orainaldi baketsua” eta “bizikidetza demokratikoan oinarritutako etorkizuna” planteatu ditu. 68 ekintza. Iraganari buruzkoetan, biktima oro aitortu, erreparatu eta errehabilitatzea proposatu du —lehen data modura, 1936ko kolpe militarra aipatu du—; kontakizun inklusibo bat ezartzea nahi du; Egiaren Batzordea; Justizia trantsizionala; sinbolo faxistak desagerraraztea; gorpuak hobitik ateratzeko ekinbideak; hezkuntzako proiektuak… Eta: “1977ko Amnistiaren Legea indargabetzea, gizateriaren aurkako delituak egin zituztenen zigorgabetasuna eragin duelako. (…) Gizateriaren kontrako delituak ikertu eta epaitzeko euskal epaitegietan eta baita ere nazioarteko auzitegien aurrean kereila bultzatzea”. Larunbatean aurkeztu zuen asmoa EH Bilduk. Ostiralean, berriz, Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak txosten batean esan zuen ETAren 224 atentaturen egiletza argitu gabe dagoela oraindik. Beste 21 kasu judizialki ireki dituzte. 224 atentatuon erdiak 1978-1982 urte artekoak dira. Eferen arabera, ANko fiskal batek dio ETA desegiten ez den artean atentatu haien egileak etakidetzat jo daitezkeela, baldin eta jendaurrean ez badute iragarri erakundea utzi zutela. Iraganetik anitz dago jakiteko eta urratzeko, baina kontua da bake iraunkorrerako memoria osatu nahi den edo zigorraren bidea ere urratu nahi den. Espainiako Estatuak badu munizioa oraindik, probokatu ala ez.♦

© 2024 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑