Enekoitz Esnaola

Hilabetea: apirila 2017

Aliantzak

BERRIAko analisiaren (2017-04-30) laburpena: Gaur 21 urte sinatu zuten PPk eta EAJk inbestidura ituna. Gero jakin zen PP zenbateraino sartu den ustelkerian. Gero etorri ziren Ermuko izpiritua, Major Oreja-Redondo tandema, Alderdien Legea eta bestelakoak… EAJ 20 urtean egon da PPrekin akordio handirik egiteke. Duela gutxi egin du bat: EAEko aurrekontuena. Espainiakoena dator orain, antza; 1996an ez bezala, berak ere badakienean PP zenbateraino den murgilduta diru publikoaren lapurretan, edo badakienean gatazkaren ondorioen aterabiderako borondaterik ez duela, ezta auzi politikoa konpontzeko ere. ETArik gabeko garai berri honetan PSE-PSOErekin eta PPrekin dabil aliantzak, aurrekontuak eta politikak taxutzen EAJ. Bitartean, subiranismo soziala kongresuen urtean da: Sortu, EH Bildu, LAB, ELA… Baina, aspaldiko partez, ezker abertzalea prozesu baterako bidea errazteko gatazkaren ondorioetan pauso argiak ematen aritzeaz gain, eremu horretan ikusten da gogoetarik eta gogorik elkarlan baterako. Politika dialektika ei da, baina, indarrik izan ezean, hitzak haizeak eramaten ditu.♦

Gauza txiki batzuk (16)

Aberri Eguna. EAJk —eta haren parrokiak— Aberri Eguneko bere ekitaldiari buruzko txioetan #AberriEguna traola erabili du, eta Independentistak sareak —eta haren inguruak—, #AberriEguna2017. Mundu zabaleko euskaldunentzako (ere), halako zera batean ere batasun irudirik ez. Izan da txiolaririk bestaldean kokatu dena: despistea hain segur, ez transbertsalitatea…

Jonathan Powell. ETAren indarkeriaren bukaera prozesuarekin Espainiako Estatuak daukan jarrera deitoratu du Jonathan Powellek, Baionakoaz geroztik, Financial Times-en eta El Pais-en. Lerroartean galduta badator haren beste esaldi bat, kontuan hartzekoa: “ETAren desegitearen amaiera desiratua urte bukaera baino lehenago heldu liteke”. Desegitea, urte bukaera. Euskal Herriko gatazkaren konponbidean ere bada nor Powell. Duela hamar urte ja bazebilen hemengo kontu hauetan, indar handiz.

Oscar Rodriguez. Espainiako Estatuan politikak gero eta atxikimendu txikiagoa izatearen arrazoiez tesi bat egin du Oscar Rodriguez PSE-EEko legebiltzarkide ohiak. Atera duen ondorio bat da politikariek meriturik egin gabeko eta gaitasunik ez duten afiliatuak eta senideak kargu instituzionaletan jartzen dituztela. “Hiritarrek normaltzat hartzen dute hori”. Arabako PSEn ildo ofizialaren aurkako mugimendu batean parte hartu zuen orain bost urte Rodriguezek, politika egiteko modua berritu nahian-edo; galdu egin zuen.♦

Batasuna eta inplikazioa

BERRIAko analisiaren (2017-04-14) laburpena: ETAren armagabetzeaz gain, alor judizialerako garrantzitsua izango da haren ibilbidearen bukaera luze gabe iristea, baina, hala ere, ez dira hori eta EPPKren ondorioak izango giltza bakarrak presoen —eta iheslarien eta deportatuen— etxeratze prozesu azkar baterako. Juridikoki bide konplexu eta gradual bat dator. Borroka soziopolitikorako, ordea, mugimendu horiek inbertsio bat izan ahal dira espazioak sustatu, indartu, eta kartzela frontean ere auziaren aterabide osoaren bila joateko. Armagabetze prozesuak erakutsi du helburu bat erdietsi nahi bada hobe dela lortu nahi dena noiz etorriko egon beharrean, bila joatea. Euskal gizarteak bere osotasunean, eta bideak bide, baditu bi erabaki politiko borrokatzeko eta deuseztapenaren bila joateko: presoen urruntzea eta 7/2003 legea. Apirilaren 8an Baiona Ttipian jende saldoa egun-pasa ederrean zelarik, San Andres plazako lokal bateko mahai batean euskal abokatu ezagun bat sententzia bat ari zen irakurtzen. Foro Sozialak eta Bake Bideak bazioten BERRIAn duela bi aste: inurri lanik gabe, nekez datoz fruituak.♦

Armagabetzea, atzerako kontaketa

Gauzatu da ETAren armagabetzea (apirilak 8). Txetx Etxeberrik, gizarte zibilaren parte handi baten izenean, gaurko jarri zuen ETAren armagabetze eguna, eta agenda guztiak astindu zituen. Eta ETA, armagabetu da. ETAk ostiralean esan zuen dagoeneko erakunde armagabea dela, eta, gaur, haren armak jaso ditu Frantziako Poliziak, behatzaile zibilen aurrean. Egun alaia izan da Baionakoa. Bihar ere halakoa izango da Iruñekoa, Korrikaren bukaeran. Euskal Herriko Itzuli hau –Iruñean hasiz aspaldiko partez–, herri galdeketak… Herri honek albiste onak behar ditu, dinamika, kolorea, parte hartzea, zentzuzko horizontaltasun bat… Oraindik orain filosofia desberdinak daude arrunt. Nola izan parte, parte sentituta, hor koska aurrerabide kolektibo nazionalerako. Luhusokoak eragin duenak ere, apika, aldaketa mental baten hasiera bultzatu du. Gauzatu da ETAren armagabetzea. Bukatu da atzerako kontaketa hau: 22, 21, 20… Baina hau ez da bukatu.
(ondoren daude martxoaren 17-apirilaren 7 artekoak) Continue reading

© 2024 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑