BERRIAko analisiaren (2017-04-30) laburpena: Gaur 21 urte sinatu zuten PPk eta EAJk inbestidura ituna. Gero jakin zen PP zenbateraino sartu den ustelkerian. Gero etorri ziren Ermuko izpiritua, Major Oreja-Redondo tandema, Alderdien Legea eta bestelakoak… EAJ 20 urtean egon da PPrekin akordio handirik egiteke. Duela gutxi egin du bat: EAEko aurrekontuena. Espainiakoena dator orain, antza; 1996an ez bezala, berak ere badakienean PP zenbateraino den murgilduta diru publikoaren lapurretan, edo badakienean gatazkaren ondorioen aterabiderako borondaterik ez duela, ezta auzi politikoa konpontzeko ere. ETArik gabeko garai berri honetan PSE-PSOErekin eta PPrekin dabil aliantzak, aurrekontuak eta politikak taxutzen EAJ. Bitartean, subiranismo soziala kongresuen urtean da: Sortu, EH Bildu, LAB, ELA… Baina, aspaldiko partez, ezker abertzalea prozesu baterako bidea errazteko gatazkaren ondorioetan pauso argiak ematen aritzeaz gain, eremu horretan ikusten da gogoetarik eta gogorik elkarlan baterako. Politika dialektika ei da, baina, indarrik izan ezean, hitzak haizeak eramaten ditu.♦