BERRIAko analisiaren (2018-2-4) laburpena: Motibazio moduez hitz egin daiteke, ordea. Orain arteko 180 herri kontsulta horietako ia den-denetan galdetu da Euskal Herriaren independentziari, euskal estatuari edo euskal errepublikari buruz, aldeko emaitza %95,7koa izan da, baina mandatu horrek ez du segidarik izan tokian-tokian, ez da elikatu euskal estatuaren kontzeptua, ez da egin pedagogia bat. Ez zen hori galdeketen talde sustatzaileen egitekoa, baina 166.955 herritarrek bozkatu dute Bai… Euskal estaturanzko bidean zenbait eragilek tartekako helmugatzat jotzen dute erabakitzeko eskubidea. Izan daiteke. Ordea, egun, subiranismoan proiektuaz indefinizioa, denbora irabazi nahia edota anbizio eta ausardiarik eza antzeman ahal dira. Katalunian 1961ean sortu zuten Omnium Cultural, katalan hizkuntzaren eta kulturaren alde egiteko. Frankismoaren garaiak ziren. Duela sei urte pausoa luzatu zuen Omniumek: iragarri zuen aurrerantzean Kataluniako estatuaren alde lan egingo zuela, katalan hizkuntza eta kultura “bermatzeko biderik zuzenena” dela iritzita. Euskal Herrian ez da Omnium Culturalik. Euskal estatalizazioaren alde aritzeko, kasurako, arlokako Gaindegien falta sumatzen da. Momentu politikoa, prestatu eta elikatu egiten da.♦