#Egunkaria15 dela-eta emandako elkarrizketa batean Iñaki Uriak esan du baldintzak ez direla aldatu. Hots, gauzak horrela, Madrilek jo dezake berriro, nahi duena, nahi duenean, nahi duen moduan. Merke aterako zaio. Joseba Egibar ere izan zen #Egunkaria15 ekitaldian, eta zioen “estatu estrategia” baten barruan kokatu behar dela kazetaren itxiera. Galdera: eta nork diseinatzen du estatu estrategia hori? Egibar: “Hiru zutabe ditu: Guardia Zibila, auzitegiak —ez Justizia, baizik eta Justiziaren erabilpena— eta monarkia”. EAEn estatutu berria egin nahian dabiltza indar politikoak; abertzaleek diote hurrengo pausoa Madrilekin berdinetik berdinera aritzea lortzea dela. Tratua, gehienez ere, Moncloarekin litzateke. Estatu zutabeekin ez; eta, arrastotik-edo irtenez gero, martxan makineria. Berdinetik berdinera hori aurrenik etxean aplikatzea onena, errespetuz, zabaltasunez, koherentziz, konpromisoz, nazio kohesioa landuz, herria egituratuz. Abiapuntua baju dago kanpokoari deus eskatzen hasteko.♦