2017ko udazkenean, Luhuso. ETAren armagabetze zibilaren kontakizuna liburua egiten ari nintzela, Konponbiderako ETAren ordezkaritzako kidea zen David Pla. Paris inguruan dago preso, 2015eko irailetik —Osnyko kartzelan—, eta, desarmatzea gaitzat hartuta, galdetegi luze bat helarazi nion. Ihardetsi zituen galderak; “ETAren erantzun ofizialak” ziren. Guztia ezingo nuenez liburuan sartu, esan nion elkarrizketa osorik BERRIAko blogean sartuko nuela liburuak bide bat egitean —abenduaren 4an izan zen aurkezpena—. Hauxe da David Plari egindako elkarrizketa osoa.

ETA-REN ARMAGABETZEA

2011-2013: AIETE, EUROPAKO HERRIALDE BATEKO MAHAIA…

Argitaratu izan denez eta iturri batzuek diotenez, Aieteko konferentziara iristeko —2011-10-17; hiru egunera, berriz, ETAren jakinarazpena jarduera armatuaren amaieraz—, nazioarteko bitartekariek Espainiako Gobernuaren (PSOE) eta ETAren “konpromisoak” lortu zituzten gatazkaren ondorioen arloan. Esan izan denez —besteak beste, ETAk—, gauza batzuk adostuta zeuden —gaixotasun larriak zituzten presoen kaleratzea, presoen Euskal Herriratze mailakatua.…—, eta beste gai batzuk ETAren eta Espainiako Gobernuaren ordezkaritzen artean aztertzeko eta adosteko zeuden —ETAren armagabetzea…—. 2011ko abenduan PP Moncloara heldu zen, eta jarrera itxia izan zuen Europako herrialde batean zen elkarrizketa eta negoziazio mahaiaz. ETAk 2013ko martxoan jakinarazi zuen desegin zela mahaia.

1. Munduko beste gatazka batzuetan ez da armagabetzea egin. Euskal Herrian bertan Iparretarrak ez zen armagabetu. Zergatik nahi izan du ETAk desarmatzea? 2011n ja esaten zen konpromiso horietan.

ETArentzat bere erabakiaren ondorio logikoa zen, borroka armatuaren bukaera borobila eta zalantzarik gabekoa izan zedin. Ez egitea, arazo iturri baino ez litzateke izango.

2. ETAk 2011n zer eskema zeukan armagabetzeaz? Ustez armategiak Frantziako Estatuan izanik eta Aietera iristeko konpromisoen adostasuna Espainiarekin izanik, nola egin nahi zuen?

ETAk ez zeukan eskema itxirik, negoziazio mahaian adostu beharreko gaia zelako, beste aldearen beharrak eta negoziazio agendaren gainerako gaiak kontuan hartuta. Hori bai, argi zuen armagabetzean ez zuela umiliaziorik onartuko, ezta garaile eta garaituen irudia proiekta zezakeen eredurik ere.

Bestela, Frantziako Estatuarenak ez genuen arazotzat hartzen. Negoziazioak aurrera eginez gero, momenturen batean parte hartuko luke, zuzenean edo zeharka. Eta ez bakarrik armen auziari loturik.

3. Konpromisoak betetzen joango balira, zer lehentasun zeukan armagabetzeak ETArentzat? Madrilentzat?

Berez armagabetzea ez zegoen lotuta bide orrian agertzen ziren konpromisoekin. Konpromiso zehatz horiek negoziazio prozesu klasiko bat zabaltzea zuten helburu. Horietako batzuek prozesuari babesa eta egitura eman nahi zioten: Aieteko Konferentzia, ETAren eta Gobernuen prestasunaren agerpena, negoziazio gunearen sorrera… Beste konpromiso zehatzek hasiera-hasieratik konponbiderako giroa elikatzea bilatzen zuten, abiapuntu egokia jartzeko: borroka armatuaren bukaeraren adierazpena, euskal preso politikoen sakabanaketa eta urruntzearen amaiera, gaixotasun larriak zituzten presoen askatasuna, ezker abertzalearen legeztapena…

Urrats horiek guztiek sortutako zoruan osatu behar zen negoziazio mahaia, eta bertan armagabetzea, euskal preso eta iheslari politikoen etxeratzea eta Euskal Herriaren desmilitarizazioa adostu. Ikuspegi horretatik, ETArentzat armagabetzea akordio osoaren osagaietako bat baino ez zen.

Ez dakit Espainiako Gobernuarentzat zer lehentasun maila zuen, baina esango nuke armagabetzearen garrantzia politikoa edo sinbolikoa zela praktikoa bainoago. ETAk borroka armatua behin betiko bukatutzat emanda ekin zion prozesuari eta, beraz, Espainiako Gobernuak bazekien ETAren armak isilik egongo zirela.

4. Armagabetzea egin aurretik zer denbora eman zezakeen armategiaren zigilatzeak eta inbentarioak? Nola egingo zen? Zein litzateke horien egiaztatzailea?

Egia esan, ez zegoen zehaztuta. Kontuan izan, Estatuekin adostuta izanda, agian armategien zigilatzea bera ez litzatekeela beharrezkoa izango. Edonola ere, argi dago, Estatuen oniritziarekin eta segurtasunezko bermeekin, armagabetze prozesu osoa azkarrago burutu ahalko litzatekeela. Seguru aski, epeak gehiago lotuko ziren beste eremuetan adostutako neurrien garapenarekin, behar operatiboekin baino.

Armagabetze prozesuaren egiaztatzeari dagokionez, guk batzorde independente baten parte hartzea aurreikusten genuen, nazioarteko jende esanguratsuaz osatuta baina Euskal Herriko pertsonalitateak ere biltzen ahal zituena.

5. Espainiako eta Frantziako estatuei lan horietarako zer berme eskatuko zizkien ETAk?

Funtsean, armagabetze prozesuan eskurik ez hartzea. Hau da, ez neurri errepresiborik, ez prozesuaren jazarpenik. Aipatu batzorde independenteari legokioke prozesuaren jarraipen zuzena egitea, eta Estatuei, nazioarteari eta Euskal Herriari haren berri ematea.

6. 2013ko martxoan jo zuen ETAk elkarrizketa eta negoziazio mahaia desegintzat. Aietekotik ordura artean egon al zen aukerarik mahaia abian jartzeko? Espainiak bidali al zuen inoiz ordezkaririk? Nazioarteko eragileek zer zioten?

Aukera, berez, hasieratik bertatik egon zen. Dena prest zegoen: azpiegitura, nazioarteko babesa, elkarrizketetarako gaiak eta ETAren ordezkaritza. Espainiako Gobernuak bere hitza bete izan balu, negoziazio mahaia 2011ko urriaren bukaeran abia zitekeen, baina ez zuen egin.

Hor negoziazio mahaia abiatzeko lehen ahalegina egin zuten nazioartekoek. PSOEri gobernuan denbora gutxi gelditzen zitzaion arren, Estatu mailako ordezkaritza bat bidaltzea eskatu zioten. Argi zegoen negoziazio prozesua ez zela PSOErekin bukatuko, baina prozesua abiatzea zen kontua, hurrengo gobernua baldintzatzeko. Baina PSOEk uko egin zion.

PP gobernura iritsi zenean ordura arte egindako urrats guztien berri eman zitzaion, baita Espainiako Gobernuak hartutako konpromisoena ere. Hasieran, gobernu berriak ez zuen ezezko borobilik eman. Denbora eskatu zuen, baina azkar ikusi zen ez zuela aurrera egiteko inolako borondaterik. Hala ere, 2012ko abenduan bitartekari bat bidali zuen, ETArekin “harreman diskretu eta egonkorra” egiteko zereginarekin. Aski bitxia izan zen, harremana egin eta gero Espainiak ez zuelako berarekin bildu nahi izan.

Nazioarteko eragileak harrituta zeuden, eta zer esanik ez egoitza eskaini zuen herrialdearen gobernua. Harrituta eta minduta, gune hori Espainiaren oniritziarekin sortu baitzen.

7. Frantziak jaso al zuen han parte hartzeko proposamenik? Jaso bazuen, noren aldetik?

Bai, jaso zuen. Kontuan hartu behar da bide orria Espainiarekin adostu zela baina Aieteko Konferentziak bi Estatuen aipamena egiten zuela. Momentu batean, gainera, Espainiak ezarri zuen blokeoaren aurrean, garrantzitsutzat hartzen zen Frantziaren aukera lantzea. Nazioartekoek hainbat gestio egin zituzten, baina ez zuten emaitzarik izan. Gero ETAk berak proposamen zehatza egin zuen eta Frantziako Gobernuaren baitan eztabaida eragin omen zuen. Baina, azkenean, horri ere ezetz esan zioten, proposamenaren seriotasuna aitortuta, betiere.

8. 2012ko udaberrian presidente —eta gobernu— aldaketa egon zen Frantzian: Nicolas Sarkozyren (UMP) partez, François Hollande (PS). Itxaropenik sortu al zion horrek ETAri? Nazioarteko eragileei?

Nik uste dut itxaropen handiagoa sortu zuela nazioarteko eragileen artean, ETAn baino. Euskal Herriko gatazkari dagokionez, PSk ez du itxaropenerako arrazoi askorik eman; alderantziz.

9. Espainia eta Frantzia zergatik ez ziren inplikatu gatazkaren ondorioen konponbidean 2011-2013 aldi hartan ere?

Nik uste dut, funtsean, Espainiaren izaera ez-demokratikoarekin duela zerikusia. Espainiak ez zuen eta ez du konponbiderik nahi. Ez orain, ezta aurreko prozesuetan ere. Gerra eskemetatik ekin diete prozesu guztiei, prozesua hasi eta berehala haustura bilatuz, askapen mugimendua ahultzeko helburuarekin. ETAren erabakia behin betikoa izan denean, agerian gelditu da. Mentalitate horretatik, Espainiak ez zuen konponbide prozesuaren beharrik. Maila batean, neurria hartua zion ezker abertzalearen estrategiari, eta konponbide prozesuaren ondotik zabal zitekeen agertoki politikoak arriskua baino ez zekarkion, ez baitzegoen konfrontazio demokratikorako prestatuta. Frantziari dagokionez, nik uste dut Espainiaren estrategia jarraitu baino ez dutela egin. Seguru aski, Espainiak beste jarrera bat izan balu, Frantziak ere ezberdin jokatu izango luke.

10. Bi estatuen asmoa al zen gatazkaren ondorioen arloa zangotrabatzea, ezker abertzaleak eta Euskal Herriak beste auzi batzuei ez eusteko? Lortu al zuen Madrilek ezker abertzalea blokeo egoera batean sartzea?

Bai. Hori zen kontua, aurreko eskeman jarraitzea Euskal Herrian ziklo berri bat ireki ez zedin. Estatuak bazekien estrategia aldaketa ez zela amore-emate baten ondorio. Alderantziz, ezker abertzaleak bere helburuak lortzeko estrategia eraginkorrago bat eraiki nahi zuen. Baina, horretarako, gatazkaren ondorioak gainditzea zuen lehen geltokia. Eta Estatuak trena hor geldituko zela erabaki zuen. Horrela, Estatuak ezker abertzalearen eskema politikoa indargabetu zuen. Gainera, ondorioen zama beregain utzi zuen, eta etsipena eta barne kontraesanak areagotu zituen.

11. Madrilen jarrera ikusita, ETA zergatik egon zen Europako herrialde bateko mahai horretan urte eta erdi batez Espainiaren zain? Ez al zen denbora gehiegi izan?

Agian, argitu beharko litzateke ETAren ordezkaritza ez zela zain egon. Egia da hara joan zela negoziazio mahaia osatuko zelakoan, horrela zegoelako adostuta. Baina Espainiak bere hitza bete ez zuenean ez ginen besoak gurutzatuta geratu. Ikuspegi orokor batetik jarraitu genuen lanean, Aieteko sustatzaileekin harreman estuan, konponbide prozesua eraikitzeko helburuarekin. Zentzu horretan, egonaldi hura luzatzeak ez zekarren arazorik. Aldebiko negoziazioetan oinarritzen zen konponbide eredua luzatzea izan zen akatsa, horrek, egoeraren blokeoa errotzeaz gain, etsipena zabaltzen zuelako.

12. 2013ko martxorako euskal gizartea ez al zen ohitzen hasia bake mota hartara, ETAren indarkeriarik gabeko egoera hartara?

ETAren indarkeriarik gabeko egoerara bai, baina ez dut uste horrek gainerako arazoak ontzat ematen zituela esan nahi duenik —euskal preso eta iheslari politikoena, bereziki—. Batzuek irakurketa hori zabaltzeko ahalegina egin dute, hori zelako euren gogoa eta euren estrategia. Alde batetik, gatazka ETAren jarduerara mugatzeko. Eta, beste aldetik, euskal preso politikoen egoera ezker abertzalearentzat arazo bilakatu nahi zutelako.

Nik uste dut herriaren aktibazioan hiru arazo egon zirela. Lehena,  konponbide eredua bera zen, aldebiko negoziazioen eskemak ikusle izatera bultzatzen baitzuen. Bigarrena, euskal alderdien arteko liskarrak eta adostasun falta. Nik uste, gainera, batzuek nahitara bilatu zutela. Eta, hirugarrena, krisi ekonomiko bortitzaren eragina, herritarren lehentasunak aldatu baitzituen.

2013-2014: NEB, JAURLARITZA

13. 2013ko martxoan mahai hura desegintzat jotzerako —eta jada jarduera armatuaren egiaztatzea aski sendotua zegoela NEB Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen partetik ere—, ETAk armagabetze prozesua nazioarteko eragileekin hasteko erabakia hartua al zuen?

Ez, erabaki hori gero etorri zen, beste baldintza batzuk sortu zirenean. Hala ere, garai hartan armen auzia ulertzeko modua aldatzen hasi zen. Ordura arte negoziazioetarako txanpona zen, negoziazio agendaren beste gaiekin batera adostu eta ebatzi beharrekoa. Negoziazioaren ikusmiran, ETArentzat berebiziko garrantzia zuen, borroka armatua behin betiko bukatutzat eman eta gero, beste gaien konponbidean eragiteko tresna bakarrenetarikoa zuelako armagabetzea.

Aukera hori momentuz baztertuta, armen aldagaia konponbidea elikatzeko tresna ere izan zitekeela erabaki zen. Eta bi urrats zehatz egin ziren. Lehena, 2012ko udazkenean, Frantziako Estatuari armategi kopuru esanguratsu bat desegitea eskaini zitzaionean, elkarrizketa diskretuak abiatzearen truke. Nazioarteko eragileek proposamen haren sendotasuna goraipatu zuten eta halaxe aitortu zuen Frantziako Gobernuak ere, ontzat eman ez zuen arren.

Bigarren urratsa, 2013ko hasieran mamitzen hasi zen armategiak zigilatzeko proposamena izan zen. Hasierako zirriborroetan, proposamena Estatuei zuzendua zegoen. ETAk bere armategiak zigilatzeko prestasuna agertzen zuen, trukean ezer espero gabe, baina operazioa gauzatzeko segurtasun bermeak eskatzen zituen. Horrela, akordio giroa sustatu nahi zen, ustez Estatuen interesekoa izan zitekeen eta inolako kosterik ez zekarkien proposamen baten bidez. Eta, bide batez, Euskal Herriari eta nazioarteari begira, konponbide prozesua elikatu. Gero, ETAk berak erabaki zuen proposamena egokitzea, eskema horrek ibilbiderik izango ez zuela ikusita.

14. 2011tik bazuen ETAk NEBekin harremana. Nolakoa zen? Giroa…

Lan harremana zen, zintzoa eta giro onean ematen zena. Batzuk ahalegindu dira harremana gatazkatsua zela zabaltzen eta hori islatzeko kontakizun oso bat eraikitzen. Baina ez da egia, inondik inora. Eta frogarik argiena da ETAk bere funtzioak zabaltzea eskatu ziola NEBi, armategien zigilatzean, lehenago, eta armagabetzean parte hartzeko, ondoren.

15. Noiz egin zuen ETAk lehen kontaktua armagabetze prozesuaz NEBekin —zigilatzeaz, inbentarioaz…—? NEBek 2014-2-21eko adierazpenean esan zuen ETA 2013ko apirilean zuzendu zitzaiola gai horretaz, modu konfidentzialean. Aurretik, 2013ko urte hasiera aldera, blokeoa hausteko ETA eta NEB urrats posibleak aztertzen ari al ziren?

Lehen proposamen formala 2013ko apirilean egin zion ETAk Nazioarteko Egiaztatze Batzordeari. Aurretik, 2013ko urtarrilean, ETAk lehen kontraste informal bat egin zuen NEBekin, lehen iritzia izateko eta beraien prestasuna ezagutzeko. Beste eragile batzuekin ere kontrastatu genuen: Aieteko Konferentziaren sustatzaileekin eta negoziazioetarako egoitza eskaini zuen herrialdeko gobernuarekin, besteak beste. Prozesuaren blokeoari buruzko kezka partekatua zen eragile guztien artean. NEBekin hitz egin dugu horri buruz ere, baina argi izanda beti zein zen NEBen egiteko zehatza.

16. Zergatik jo zuen ETAk NEBerengana armagabetze prozesurako? Lan horretan ere konfiantza ematen al zion ETAri? Nazioartearen inplikazioa ezinbestekotzat jotzen al zuen ETAk? Zein ziren ETA-NEB eztabaidagai nagusiak?

ETAk garrantzitsua jotzen zuen nazioarteko inplikazioa, sinesgarritasuna emateko prozesuari. Eta NEB aukeratu zen, bi arrazoiengatik. Batetik, ordura arte su-etenaren egiaztatzean erakutsi zuen seriotasuna eta profesionaltasunarengatik. Eta, bestetik, euskal jendartearen eta euskal eragile nagusien aitortza zuelako jadanik.

17. Aurrerapausorik ez zenez, NEB 2013an bere ibilbidea bukatzear egon al zen? Zerbait esan al zion horretaz ETAri? Esan bazion, zein izan zen ETAren erantzuna?

Ez dakit egiazki desagertzear egon zen, baina egia da hausnarketa egin zutela eta halaxe helarazi ziotela ETAri. Hausnarketa erabat logikoa zen. Ordurako ez zegoen inolako zalantzarik ETAren asmoen inguruan. Beraz, egiaztatzea burututzat eta, ondorioz, NEBen lana bukatutzat eman zitezkeen. Zentzu horretan, uste dut zuzenagoa dela esatea ‘atzerapausorik izan ez zelako egon zela bukatzear’, ETAk bere konpromisoak bete zituelako, alegia.

Egia da, bestalde, NEB sortu zela ETA eta Estatuen artean negoziazio prozesu bat zabaltzeko atarian ginela. Pentsa, aurrez aurreko lehen bilkura negoziazio gunea izan behar zen hartan izan zela. Horregatik, nahiz eta NEBen zeregina su-etena egiaztatzera mugatua egon, logikoa zen pentsatzea, akordioen egikaritzean, armagabetzean funtzioren bat betetzeko zeregin berriak bereganatuko zituela. Ez zegoen zehaztuta, baina garapen naturala zen aldeek horretarako eragozpenik ez baldin bazuten. Baina Estatuen jarrerak dena blokeatu zuen eta horrek NEBen zereginak berritzeko aukera murriztu zuen .

ETAk ulertzen zuen hausnarketa, baina ez zuen egokia ikusten NEBek bere desagerpena iragartzea. Prozesuaren ikuspegitik atzerapausotzat har zitekeen eta, gainera, konponbide prozesuan aurrera egiteko aukera betiko galdutzat ematen zela isla zezakeen. Horregatik, jarraitzeko eskatu zitzaien, nahiz eta profil baxua izan. Bestaldetik, ordurako armategiak zigilatzeko proposamena borobiltzen ari zen ETA, eta NEBekin egin nahi zuen. Eta hori ere esan genien, epe motzean zeregin berriak hartzea proposatu behar geniela.

18. Noiz lortu zen zigilatzerako-eta ETA-NEB adostasuna? Eta noiz hasi zen NEB lan horretan?

NEB hasiera-hasieratik agertu zen ados eta prest ETAren armategiak zigilatzeko prozesuari ekiteko. Gero, xehetasun guztiak lotzeko hilabeteak eman genituen. Azkenean, 2014ko urtarrilean planteamendua itxitzat eman genuen. Beraz, esan daiteke 2013ko apirilean bertan hasi zela NEB lan horretan, armategien zigilatzea egiazki 2014an hasi bazen ere.

19. Jada ekinbide zehatz gisa, noiz ikusi zuen ETAk bere armategiaren zati bat zigilatu eta NEBi jakinarazi ziezaiokeela? Zein izan zen NEBen erantzuna?

Armategiaren lehen zigilatzea publiko egitea adostua genuen, prozesua aurkezteko. Horregatik, ETAk berari zegozkion prestaketa lanak aurretik eginak zituen eta prozesu guztiaren xehetasunak finkatu zirenean urratsa berehala egin ahal izan zen. NEBek ongi hartu zuen, erabat blokeatuta zirudien bidean aurrera egiteko moldea aurkitu genuelako.

20. 2014ko urtarrilean grabatu zen 2014-2-21ean publiko egin zen ETA-NEB bideoa, armategi baten zigilatze eta inbentarioaz. Zer zailtasun tekniko, logistiko… eduki zituen?

Klandestinitatean burutzeko nahiko operazio handia izan zen, bideoak berak islatzen zuena baino handiagoa. Jende askok parte hartu zuen eta mugimendu guztiak ongi koordinatu behar ziren. Konplikatuena, hala ere, segurtasuna bermatzea izan zen. ETAren armen inguruan ekimenen bat egongo zen zurrumurrua oso hedatua zegoen, eta pentsatzekoa zen NEBeko kideak jarraituak egongo zirela. Beraz, oso ongi prestatu behar izan zen hori.

21. Zergatik izan zen formatu horretakoa? Armategi zati bat, bideoa, ETA eta NEBeko kideak, publiko egin…

Formatu horrek aurkezten ari zen prozesuaren ezaugarriak erakutsi nahi zituen. Publiko egitea funtsezkoa zen. Kontuan hartu behar da armategiak zigilatzeko prozesu hark ez zuela Estatuen oniritzirik, kontrakoa baizik. Beraz, nolabait blindatu nahi baldin bazen, babes politikoa ezinbestekoa zen. Nola lortuko zen babesa, prozesua inork jakin gabe burutu izan balitz? Armen presentziak, berriz, prozesua jadanik hasita zegoela erakutsi nahi zuen, ez zirela hitzak, ekintzak baizik. Eta ETA eta NEBeko kideak batera agertzeak, prozesu hori aurrera eramateko emango zen elkarlana islatu nahi zuen.

22. Formatuaz kritika batzuk izan ziren.

Bai, eta formatua ez balitz beste zerbait izango litzateke. Pentsa lau hilabete beranduago burutu behar ziren Europako hauteskundeei begira EH Bildu bultzatzeko egin genuela leporatu zigutela ere. Seguru aski bazen zer kritikatu, baina, zintzoki, kritika gehienek aurretik prestatutako estrategia bati erantzuten ziotela uste dut, esanahi politiko sakona zuen urratsa kamusteko. Tamalez, urteotan giroa lokazteko ahalegina etengabea izan da. Gasteizko Gobernuak, esaterako, ETAk egin dituen urrats guzti-guztiak kritikatu ditu, baita Luhuso eta Baionako ekimenen formatua ere. Aieteko Konferentzia burutu zenean ez zuen inondik inora irudikatzen baldintza hauetan ETA armagabetuko zenik, eta, hala ere…

23. Armategia gutxi zela ere esan zen.

Bai, eta, irudi horretatik egin den erabilera ikusita, baliteke horrela izatea. Guretzat sinbolikoa zen. Garrantzitsuena ez zen lehen urrats horren arma edo leherkari kopurua, armategi guzti-guztiak zigilatzeko prozesua abian zela iragartzea baizik.

Dena den, arduraz hartutako erabakia izan zen eta ez nolabaiteko gogo faltaren ondorio. ETAk enkontru hartan egon zirenen segurtasuna zaindu behar zuen, NEBeko kideena bereziki. Eta gero eta mugimendu gehiago egin, gero eta arrisku handiagoa hartzen zen. Bestaldetik, prozesuaren berri eman aurretik, politikoki oso arriskutsua zen arma eta leherkari kopuru handiak garraiatzea. Pentsa zer-nolako irakurketak egingo ziren, Erakundeko kideak autoan 500 kilo leherkari zutela atxilotuak izan balira.

24. Armategi osoa erabileratik kanpo uzteko eta zigilatzeko zer egin nahi zuen ETAk? Nola? NEBen bitartez? Edo NEBek esana zuen 2014ko urtarrileko enkontru hartara mugatuko zela?

Prozesu guztia NEBekin batera burutu da, aurreikusita zegoen bezala. Estatuen jarrera kontuan hartuta, NEBek ezin zuen armategi bakoitzaren zigilatzean zuzenean parte hartu. Aukera hori bideraezina zen eta hasieratik baztertu zen. Horregatik, beste metodo bat finkatu genuen, NEBi jarraipena egiteko eta egiaztatzeko berme nahikorik ematen ziona. Oraindik ezin da xehetasun guztien berri eman baina eraginkorra izan dela esan daiteke.

25. NEBek 2014-2-21ean pribatuan zioen zigilatze osoa azkar egin zitekeela, hilabete batzuetan. Posible al zen hori?

Nik ez dakit NEBek pribatuan zer esan duen eta zer ez. Edonola ere, NEBk ez zuen informazio nahikorik halakoak esateko. Ez zekien zenbat gordeleku zeuden, non zeuden kokatuak, ez zituen funtzionamendu klandestinoaren gorabeherak ezagutzen… Eta, batez ere, ez NEBek, ez ETAk, ez genekien Estatuen jarrerak noraino baldintzatuko zuen. Estatuen bermeak egon izan balira, oso azkar egin zitekeen, baina bermerik gabe ezin zen aurreikuspen zorrotzik egin. Horrela adostu genuen NEBekin prozesua hasi baino lehen. Prozesua azkartzeko gakoa prozesua bera ahalik eta gehien blindatzea zen, Estatuen jarrera baldintzatuko zukeen babes politiko eta instituzionala emanez. Eta, hain justu, Estatuen erasoen aurrean hitzik esan ez dutenak dira ETAri prozesua nahitara atzeratzea leporatu diotenak.

26. 2014ko urtarrileko ekinbidearekin ETAk uste al zuen estatuak mugiaraziko zituela armagabetze prozesu batean sar zitezen?

Ez, eta ez zen hori ekimenaren helburua. Urrats hori ez zegoen Estatuei zuzenduta, Euskal Herriari eta nazioarteari baizik. Jakina, prozesua bideragarria izan zedin, Estatuen jarrera baldintzatu nahi zen. Baina ez Estatuak konbentzituz, hori ezinezkoa zen, Euskal Herrian eta nazioartean prozesu horrekiko babesa lortuz baizik.

27. Ustez Frantziako Estatuan egin zen ETA-NEB enkontru hori. Bi eragileoz gain, beste inork ba al zekien egingo zela?

Ezker abertzalea, Aieteko sustatzaileak eta nazioarteko beste eragileren bat ere informatuak zeuden. Ez enkontruaren nondik norakoez, baina bai armategien zigilatzearekin ematera gindoazen urratsaz.

28. ETAk jakin al zuen nola hartu zuen Frantziako Gobernuak —ustez— bere lurraldean egitea ETA-NEB enkontru hori? Manuel Valls zen Frantziako orduko Barne ministroa, eta garai haietan esan zuen: “Ez dago bake prozesurik, terrorismoa bukatzekoa baizik”.

Egia esan, ez dakit Frantziak nola hartu zuen, baina egia da Espainiaren estrategiarekin lerrokatu dela behin eta berriz. Pentsa egun batzuk beranduago eta dena nahastuz, Nazioarteko Harremanetarako Taldekoak Baionako komisaldegira eraman zituztela. Gure atxiloketan parte hartu zuen poliziaburu batek aitortu zidan egun hartan lotsa pasatu zuela.

29. Bideoan agertu ziren NEBeko bi kideak —Ram Manikkalingam eta Ronald Kasrils— Espainiako Auzitegi Nazionalera deklaratzera deitu zituzten berehala; otsailaren 24an izan ziren han. Nola hartu zuen ETAk Madrilen urrats hori?

Kezkarekin, jakina, baina ez gintuen harritu. Azken batean, urrats horrek Espainiaren ildoarekin talka egiten zuen eta bere autoritatea auzitan jartzen zuen. NEBek arrazoizko urrats horren onurak lehenetsi zituen, Estatuen posizioa eta legalitatearen gainetik. Konpromiso handiko urratsa izan zen, blokeotik ateratzeko ezinbestekoa zena. Maila horretan, ondoren Luhuson eta Baionan egin ziren urratsen filosofiaren aurrekaria izan zen.

30. Deigarria izan zen Madrilera joan eta NEBeko bi kideekin bildu izana Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Jonan Fernandez Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkari nagusia. Zer esan nahi zuen Urkulluren ekimenak? Nola hartu zuen ETAk hori?

Nik uste dut Espainiako Estatuaren erasoak Euskal Herrian sortu zuen haserrearen adierazle izan zela. Urkullu lehendakariak egin behar zuena egin zuen, NEBi Euskal Herrian zuen babesa zuzenean helaraziz, eta ETAk oso egokia ikusi zuen. Urte hauetan Urkulluk neurria eman duen une bakarrenetakoa izan da.

31. Estatuen jarreragatik, 2014ko otsailetik aurrera NEB mugatuta edo erreta geratu al zen? Hala ere, segitu zuten ETAk eta NEBek harremanetan, honek 2014-12-21ean ohar batean esan baitzuen ETAk jarraitzen zuela ziligatzearekin-eta; zioen informazio hori eman ziola ETAk.

NEBek lanean jarraitu zuen. Agian, beraien aldartean izan zuen eragin handiagoa, eraso horren ondoren ere Espainiak NEBeko kideak presionatu zituelako batzordea utz zezaten. Seguru aski, horrek NEBek prozesuarekiko babesa lortzeko egin behar zuen lanean eragina izan zuen, baina ez zen erabakigarria izan.

32. Bestetik, 2014ko urtarrileko ekinbidearen ostean, ETAk segitu zuen bestelako pausoak ematen: 2014ko uztailean jakinarazi zuen borroka armatuaren egitura logistikoa eta operatiboa desegin zituela. 

Ordurako aspaldi zen ETAk jarduera armatura zuzendutako egitura desegin zuela. Ondoren egin genuen Barne Hausnarketan kidego guztiak berretsi zuen erabaki hura eta publiko egin genuen. Kontuan hartu behar da garai hartan Espainiak konfrontazio armatuaren zikloaren irudia proiektatzeko ahalegin betean ziharduela, bide errepresiboari zilegitasuna emateko. Bestaldetik, Foro Sozialaren gomendioek ETAren egituren aipamena egiten zuten, eta horri ere erantzun nahi izan zitzaion, modu eraikitzaile batean.

33. ETAk 2014ko uztailean esan zuen “konfrontazio armatutik konfrontazio demokratikora” igarotzeko berrantolatzen ari zela.

Bai, hori zen estrategia aldaketa eta ireki nahi genuen ziklo politiko berriaren funtsa. Oraindik eragile armatua zen arren, ETAk trantsizio hori burutzen ari zela adierazi nahi zuen.

34. ETAk gertu ikusten al zuen bere desarmatzea?

Bai eta ez. Berez, logika horretan murgilduta zegoen. Ordurako argi zegoen ez zela aldebiko negoziaziorik egongo, eta ETAren erabakien jarraipen logikoa zen armagabetzea. Gainera, beharrezkoa zen ziklo politiko berria behar bezala irekitzeko. Baina, gutxienez, hiru baldintza eman behar ziren. Lehena, konponbide osoari zegokion. Gauza bat zen aldebiko negoziazioak ez egotea eta beste bat negoziazio horietan ebatzi behar ziren gaiak zintzilik uztea. Konponbide osoa bideratzeko eredu berri bat eraiki behar zen. Bigarrena, armagabetzea operatiboki bideragarria izateko baldintzak sortzea. Eta, hirugarrena, ETAren izaerarekin koherentea zen armagabetze eredua bilatzea.

35. 2014-12-21ean, NEBen oharraren ondoren, Jaurlaritzak ETA armagabetzeko bere planaren berri eman zuen, prentsa ohar baten bidez. ETAren ustez, zergatik iragarri zuen Jaurlaritzak plana NEBen oharraren egun berean? ETAren ustez, nola ikusten zuen Jaurlaritzak NEBen lana?

Gasteizko Gobernuak ez zuen ETAren armategien zigilatzea begionez ikusten. Ordura arte, blokeo egoera gestionatzeko estrategia garatzen ari zen, Estatuen jarreratik abantaila politikoa ateratzeko. Horrela, blokeoa ezker abertzalea higatzeko baliatzen ari zen, errua behin eta berriz hari botaz. Baina ETAren ekimenak estrategia hori hankaz gora jarri zuen. Horregatik, ekimena kamusten ahalegindu zen hasiera-hasieratik: lehen zigilatzearen formatua zela, epeak zirela, ez zela espero zena… Baina prozesua abian zen, eta NEBek garrantzia eta sinesgarritasuna ematen zion.

Plana egun horretan aurkeztuta, Gasteizko Gobernuak armategien zigilatzea gainditutzat eman nahi izan zuen, aurreko estrategia berreskuratzeko. Berdin zuen NEBek zer esaten zuen, hori ez zelako garrantzitsua. Nolabait, berriz ere blokeo egoeran ginela islatu nahi zuen, ETAk ez zuelako armagabetzean egiazko urratsik egin nahi. Planak ideia hori errotu nahi zuen.

Zinez, itxusia izan zen, eta NEBi zuzendutako mezua ere bazela esango nuke. Estatuen onarpenik gabe, NEBek ezinbestekoa zuen euskal instituzioen aitortza eta Gasteizko Gobernuak bere probetxurako baliatu nahi zuen hori. Behin baino gehiagotan ahalegindu zen NEB eta ETAren arteko giroa gaiztotzen eta NEBi ETA interpela zezala eskatzen. Baina NEBek bazekien ezin zuela halakorik egin. Ez zen ez zintzoa, ez serioa, ETA bere konpromisoak betetzen ari zelako; eta, gainera, hala jokatuz gero, bere zeregina kolokan geldituko litzateke. Horren ordez, lehentasunezko tratua ematen zion Urkullu lehendakariari. Nik uste dut horrela oreka bat lortu zela. Seguru aski, Gasteizko Gobernua ez zen NEBek esaten eta egiten zituen gauza guztiekin konforme egongo, baina onartzen zuen eta bere lana baloratzen zuen.

36. Zer harreman zuen orduan ETAk Urkulluren Jaurlaritzarekin? Elkarren berri al zuten, zeharka bazen ere? Proposmenak elkar trukatzen al zituzten? Edo ez zegoen girorik horretarako?

Harremana ez zen ona, Gasteizko Gobernuaren jarrera erabat suntsitzailea zelako. Ezinezkoa zen harekin ezer eraikitzailerik egitea. Urteotan ETAk eragile ezberdinekin izan du harremana eta guztiekin iritsi da adostasunetara, baina Gasteizko Gobernuarekin ezinezkoa izan da. Ez zuen nahi. Nik uste dut ezker abertzalea konponbiderako eremurik gabe utzi nahi zuela, gatazkaren zama eraman zedin. Elkarren berri bagenuen, jakina, baina ez zegoen komunikazio zuzenik. Eta ETAk ez du inoiz jaso Gasteizko Gobernuaren proposamen sendorik; zeharkako aipamen solteak baino ez.

2013-2014: FORO SOZIALA, BAIONAKO ADIERAZPENA

2013ra joz berriro, urte hartako martxoan Foro Sozialak bake prozesua bultzatzeko topaketa bat egin zuen, eta maiatzean jakinarazi zituen ondorioetan ikusten da jardunaldian hitz egin zela ETAren armagabetzeaz ere, hau izan baitzen ondorio bat: “Desegite eta desarmatze prozesu bat diseinatu, garatu eta bururaino eramatea”. Beraz, ikusten da ETA-NEB harremanaz gain, armagabetzearen gaia gizarteratu egin nahi zela. 2014ko urrian, berriz, Baionako Adierazpena aurkeztu zuten Ipar Euskal Herriko ia sentsibilitate politiko denetako ordezkariek, eta han ere aipatu zen ETAren desarmatzearen gaia puntu batean: “ETAren jardun armatuaren bukaerari lotutako neurriak. Nazioartearen kontrolpean Frantziako Gobernua-ETA akordioa, Frantzian ETAko azpiegiturak nola desegin eta desarmatzeko baldintza eta egin moldeen definitzeko”. 2015eko ekainean Parisko Bake Konferentzian ere aipatu zen..

37. Zer garrantzia zeukan ETArentzat gai hori gizarteratzeak? Zer garrantzi zuen gizarteak bere aldarrikapentzat eta, gerora, lan eremutzat hartzeak?

Armagabetzea bera baino gehiago, gatazkaren konponbide osoa gizarteratzea zen garrantzitsua ETArentzat. Aldebiko negoziazioen eredua baztertuta, eredu berri bat eraiki behar zen, Euskal Herritik eta Euskal Herriari begira. Negoziazio mahairako prestatuta zegoen agenda, Euskal Herriaren esku utzi, euskal eragile politiko eta sozialen artean akordioetara iristeko. Armagabetzea ataletako bat zen, eta koherentea zen eztabaidaren parte izatea.

2015-2016: FRANTZIA, POLIZIA OPERAZIOAK, ZIGILATZEA, ABIAN

38. 2015ean armagabetze prozesuak ez zuen ustez aurrera egiten, eta egia al da ETAk Frantziako Gobernuarengana jo zuela, inplika zedin? Hala bada, zergatik? Noiz? Frantziaren erantzunik jaso al zuen ETAk?

Frantziarekin egin zen gestio horren xehetasunak ez ditut ezagutzen [2015eko irailean atxilotu zuten David Pla]. ETAk proposamen zehatz bat egin zuen, erretzat ematen zituen gordelekuen armategiak deuseztatzeko. ETA armategiak zigilatzen ari zen eta armagabetzerako urratsa prestatzen ari zen, baina gordeleku horiek plan horretatik at gelditzen ziren, Poliziaren kontrolpean egon zitezkeelako ustea oso sendoa zelako. Proposamena armategi osoari irtenbidea emateko aukera bakarra zen. Bazirudien Frantzia interesatua zegoela, baina azkenean proposamenak ez zuen aurrera egin. Ez dakit erantzun zehatza eman zuen edo Poliziaren ekimenetik ondorioztatu zen, Paris inguruan kokatua zegoen gordeleku horietako bat altxatu zutelako oihartzun handiz [2016-10-12an].

39. 2015ean Frantziako Poliziak, Guardia Zibilarekin elkarlanean, ETAko armategien edo ustezko arduradunen aurkako operazioak egin zituen: maiatzean Miarritzen, uztailean Ortzaizen eta irailean Baigorrin —orduan zeu atxilotuz, besteak beste–. Zer esan nahi zuen jarrera horrek?

Estatuak ahalegin guztiak eta bi egiten ari ziren armategien zigilatzea gelditzeko. Jadanik ez zen bakarrik konponbide adostuari uko egitea. Ez adostua, ez aldebakarrekoa, ez zuten ETAren armagabetzerik nahi, aurreko zikloaren irudia proiektatzen jarraitzeko.

40. 2015eko Miarritzeko, Ortzaizeko eta Baigorriko eta 2016ko azaroko Azkaingo polizia operazioetan atxilotutako zibilak gero aske utzi zituzten. Zer esan nahi zuen horrek, ETAren iritziz?

Argitu beharko litzateke denak daudela auziperatuak eta haietako batzuk espetxetik ere pasatu zirela. Zentzu horretan, ez dakit egun kalean egoteak esanahi politikorik duen. Edonola ere, argi dago errepresioaren bideak gero eta kostu politiko handiagoa dakarkiola Frantziako Estatuari, are eta gehiago Erakundeko kide ez ziren herritarrak atxilotu izan dituztenean.

41. 2015ean bertan, abenduaren 15ean Gara-ko elkarrizketan, Konponbiderako ETAko ordezkaritzako kide bezala aurkeztu zinen. Berritasuna al zen kargua publiko egitea eta preso bat izatea Konponbiderako ETAko ordezkaritzako kidea? 

ETAren mintzakidetza preso zituzten kideez osatua egon da aurretik ere, 2000 edo 2001etik aurrera, gaizki oroitzen ez badut. Orduan ere publiko egin zen. Gure kasuan, erabakiaren arrazoi nagusia ordura arteko lanari jarraipena ematea izan da, gurekin harremana izan duten eragileei konfiantza eta segurtasuna emateko, besteak beste.

42. Gara-ko elkarrizketa berean esan zenuen: “Dagoeneko arma eta leherkari kopuru esanguratsu bat zigilatuta dago”. Ikusita 2015ean bertan ere polizia operazioak zeudela, zenbateko zailtasuna zuen horrek denak? ETAren borondatearen isla al zen zigilatzean-eta pausoak ematea?

Borondatea aski erakutsia zuen ETAk ordurako. Armategien zigilatzearekin jarraitzeak ETAk aurrera egiteko zuen erabakitasuna erakusten du. Azken batean, bataila politiko bat zen. Estatuek konfrontazio armatuaren zikloan iltzatuta utzi nahi zuten ETA, bere erabaki estrategikoa bururaino eraman ezinean. Eta ETAk kontrakoa bilatzen zuen: urrats horien bidez ziklo politiko berriaren oinarriak sortzen laguntzea, alegia. Eta ez zen erraza, ez. Armategiak zigilatzeko arrisku handiak hartu zituen ETAk, baita kostu zehatzak pairatu ere. Eta, bitartean, EAJ eta Gasteizko Gobernuaren partetik kritikak besterik ez zituen jasotzen.

43. Zigilatzearen informazioa NEBi ematen segitzen al zuen ETAk?

Bai. Zehaztutako metodoa jarraitzen zuen ETAk, NEBek prozesuaren jarraipena eta egiaztatzea egin zezan. [Luhuso libururako David Plarekin idatzizko elkarrizketaren ondoren izandako hartu-eman batean, hark gaineratu zuen ETAk egiaztatzaileei idatziz eta argazki bidez pasatzen ziela informazioa, kokalekuak zigilatu ahala].

44. Ezker abertzaleak 2015eko azaroan “birdefinizio estrategikoari” ekin zion, Abian prozesuarekin. 2016ko maiatzean amaitu zuen. Besteak beste, ebatzi zuen estrategia independentistaren barruan kokatzea gatazkaren ondorioen agenda. Presoen arloan EPPK-k urrats berriak egiteko edota ETAk armagabetzean formula berriak topatzeko zer garrantzi eduki zuen Abianeko gogoetak?

Armagabetzean egin diren urratsak Abian prozesuan finkatu zen norabidean doaz. Estatuen estrategia gainditu dugu, eta armagabetzea zama bat izatetik herri prozesua sustatzeko aktibo izatera igaro da.

2016: FORO SOZIALA, LUHUSO…

Foro Sozialak 2016ko urtarril bukaeran III. foroa egin zuen, eta Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari armagabetzerako tresnak sortzeko eskatu zien otsail bukaeran, ondorioen aurkezpenean. Txetx Etxeberri, Mixel Berhokoirigoin eta beste batzuk 2016 hasiera aldera hasi ziren biltzen, ETAren armagabetzean nola lagundu aztertzeko. 2016ko urriaren 22an Foro Sozialaren jardunaldia Aieten, armagabetzea zela gai nagusi.

45. 2016ra artean armagabetzearen gaia ustez batez ere ETA, NEB-nazioartea eta instituzioen (Jaurlaritza, estatuak…) artean ibili zen. Esan al daiteke 2016an jauzi bat eman zela gizartera?

Nik uste armagabetzearen gaiak lehenago egin zuela jauzi jendartera. 2013ko martxoko Foro Sozialean agertzen zen jada, gatazkaren ondorioak gainditzeko gainerako gomendioekin batera. Dinamika sozialak gainditu nahi zuen ETA eta Estatuen arteko negoziazio ezak utzitako hutsunea. ETAk berak, armategiak zigilatzeko urratsa ematea erabaki zuenean, Foro Sozialari eta euskal jendarteari begira egin zuen.

2016an azkartze bat eman zen. ETAren borondatea argia zen. Eta armagabetzean aurrera egiteak beste eremuetan aurrera egiteko baldintza egokiagoak sortuko zituen ustea gero eta errotuagoa zegoen. Baina ez Estatuek, ez euskal instituzioek, ez zuten biderik eskaintzen. Nik uste dut hiru aldagai horiek eragin zutela armagabetzearen gaiari lehentasuna ematea jendarte ekimenetik, testuinguru egokia sortzeko.

46. Nola ikusten zuen jauzi hori ETAk?

Begionez ikusten zuen. ETAk aspaldi esana zuen akordioak Euskal Herrian bilatu behar zirela eta herri bezala jardun behar zela. Beraz, armagabetzearena ongi eginez gero, beste akordioetarako arrastoa utz lezake.

ETAk bazuen kezka edo desadostasun zehatz bat, gainerako gaiak armagabetzearen ondorenerako utzi behar zirela baitzirudien. Eta euskal preso politikoen egoeraren baitan, bazeuden eta badaude premia handiz konpondu beharreko arazoak.

47. ETA-Luhusokoak gutunetan, azkena 2016ko azaroaren 15ekoa da —ETArena, hain zuzen—, eta han idatzi zuen ETAk gizarte zibilari eman ziola armagabetzearen ardura politikoa eta teknikoa. Erabaki hori egun batzuk lehenagokoa izan zen —Luhusokoen azken gutuna azaroaren 2koa da— edo aste/hilabete batzuk lehenagokoa?

Aldebiko negoziazioen aukera baztertu zenetik, armagabetzea burutzeko eredu ezberdinak aztertu izan ditu ETAk eta bere armak herriaren esku uzteko aukera horietako bat zen. Gero, urrats zehatza egitea, harreman horien ondorioz izan zen.

48. Luhusokoen aldetik jaso al zuen ETAk proposamen hori? Edo ETAren ekimen bat izan zen ardura igortzea?

Hausnarketa partekatua izan zen. ETA logika horretan murgilduta zegoen jada eta Luhusokoen konpromisoak aukera zehatza eskaini zuen.

49. Zergatik aldatu zuen ETAk armagabetzerako eskema?; hau da, horren ardura politikoa eta teknikoa gizarte zibilari emateko eskema?

Armagabetzerako eskema ezberdinak egon dira, aldebiko negoziazioetan adostetik, euskal eragile politiko eta sozialen arteko akordio oso baten parte izatera. Denboran zehar, bi eredu horiek izan dira nagusiak, baina ez da aurrera egiterik egon.

Aldebakartasunetik egitekotan, aldiz, ETAk bere armak herriaren esku uztea zen koherenteena. ETA herritik sortu zelako eta herriaren defentsan erabili dituelako arma horiek. Nolabait, ETAren historia, erakunde armatu gisa, borobiltzen zuen. Eta etorkizunari begira ere eraginkorrena zen, herriari erronka berriei ekiteko indar eta autoritate erantsia ematen ziolako.

50. Estatuen jarrerak itxia izaten segitzen zuen. Beraz, ETAk zer berme ikusten zion gizarte zibilak ardura izatearen formula horri?

Ez zegoen erabateko bermerik, baina formula honek Estatuen jokabidea zailtzen zuen. Gainera, ETAk konfiantza osoa zuen jendarte zibilaren gaitasun eta erabakitasunean.

51. Formula berriaren aukeraz —gizarte zibilari ardura— informatuta al zuen ETAk NEB?

Informazio hori ez dut.

52. Foro Sozialaren 2016ko urriko topaketa dela-eta, hark zurekin bildu nahi izan zuen kartzelan, baina Frantziak bisita baimena eman edo ez jakin aurretik idatzi bat helarazi zenion Foroari. Idatzi horretan Foro Sozialaren egitekoa “ezinbestekotzat” jo zenuen, baina kritikarik ere egin zenion. Foroak ETAri “armagabetzea lehenbailehen” eskatu zion urriko topaketan, eta zuk idatzian zenion halakoetan ez dela “presarekin eta antsietatearekin” ibili behar, eta “egutegiaren presiorik” ere ez zela behar, “aurrera ez egitearen errua ETArena bakarrik” zela eman zezakeelakoan. 

Nik uste dut beharrezkoa zela argipena. Aipamen horiek aurreiritzi desegoki bat islatzen zuten —Gasteizko Gobernua ari zen kontu horrekin nahiko modu maltzurrean—, eta ez zen elkarlanerako abiapuntu ona. ETAk armagabetze prozesua lehenbailehen egin nahi zuen ere, ezin da ahaztu armagabetzea salbuespen egoera batean burutu beharko litzatekeela, Estatuak erasoka ari zirela, gero eta gogorrago. Egoera horren azterketa egin gabe, eta, batez ere, horri aurre egiteko baliabideak jarri gabe, ez zuen zentzurik epe laburrak eskatzea, nori eta ETAri. Horrela, ETAk bitan pairatuko luke Estatuen eraso bakoitza. Lehenago, erasoaren kostu zehatza —atxiloketak…—, eta, ondoren, erasoak sortutako atzerapenaren kostu politikoa. Epeen presio hori ez zen onuragarria, ez ETArentzat, ez armagabetze prozesuari begira.

53. 2016ko abenduaren 16an izan zen Luhusoko polizia operazioa. Zuk, Konponbiderako ETAren ordezkaritzako kide bezala, kartzelan nola bizi izan zenuen hura? Zer oroitzapen dituzu? Zer kezka zenuen operazioaren berri izatean? Aukera hura ere erreta geratu zela iruditu al zitzaizun hasieran?

Oroitzen dut gau horretan bertan zabaldu zutela berria Frantziako telebistetan, eta kezkaz eta urduritasunez bizi izan nuen. Hasierako informazioa oso nahasia zen eta atxilotuak Erakundeko kidetzat aurkezten zituzten. Pixkanaka datuak zabaltzen hasi ziren eta ekimenaren dimentsioa agertzen hasi zen. Hasierako sentimendua amorrua izan zen, atxilotutako herritarrengatik, eta, hainbeste lan egin eta gero, ekimena zapuztu zutelako, horrek zituen ondorioekin. Hala ere, berehala ikusi zen ekimen irabazlea zela. Hau da, eman zitezkeen aukera ezberdinetan prozesua elikatzen zuela. Eta Estatuak, aldiz, agertoki guztietan galtzaile ateratzen zirela. Zentzu horretan, urrats hori gauzatuta eta publiko eginda hurrengo urratsetarako babesa eskuratu nahi baldin bazen, Estatuen erasoak ez zuen egoera aldatuko.

54. Eta nola bizi izan zenuen gizartearen erreakzioa?: ETA-Luhusokoak gutunen publikazioa, abenduaren 17ko manifestazioa, Ipar Euskal Herriko askotariko eragileen aktibazioa eta artikulazioa, Frantziako pertsonalitate eta erakunde batzuen babesa…

Erantzuna oso indartsua eta zabala izan zen, baita hunkigarria ere. Aurreko polizia operazioen aurrean emandako erantzunean jada nabaritzen zen ezinegon handi bat. Gero eta jasangaitzagoa zen Estatuen jarrera, gero eta argiagoa arrazoia eta indarraren arteko talka. Baina azken erasoak ordura artekoa gainditzen zuen eta aurretik tantaka bustitakoa bat-batean itsaso zabal bilakatu zen. Herriak “nahikoa da!” esan zuen.

55. Zerbait aldatu zela iruditu al zitzaizun?

Bai. Erantzunak ekimenari bere zentzu guztia eman zion eta prozesua azkartu zuen: hurrengo urratsak emateko kontsentsua emana zegoen jada. Eta herriak erakutsitako gogo horri erantzuna eman behar zitzaion, ahalik eta azkarren. Bestaldetik, Frantziako Estatua polizia operazio hartatik ukitua atera zela eta gogoeta zehatza egingo zuela uste dut.

56. Zer garrantzi izan zuen ETA-Luhusokoak gutunak abenduaren 16ko gau berean argitaratzeak eta jendeak jakiteak zer eta nola egin nahi zen, zer borondate zuen ETAk…?

Nik uste dut erabakigarria izan zela. Toxikaziorako tarterik ez uzteaz gain, bi aldeen konpromiso maila hain garden ikusteak are eta gaiztoago bilakatu zuen Estatuen erasoa.

2017: ARMAGABETZEA

57. Frantziako Gobernuak/Estatuak Luhusokotik hilabete pasatxora aldatu zuen jarrera —urtarril bukaeran-otsail hasieran—; armagabetzea egiten uzteko hautua egin zuen. Zergatik, zure ustez?

Nik uste dut Luhusotik irakaspena atera zuela. Espainiaren estrategia jarraitzea zentzugabea zen baina, ordura arte, ez zuen kostu politiko askorik Frantziarentzat. Luhusokoak egoera aldatu zuen, Frantzian bertan oihartzun zabala izan zuelako eta Frantziaren jokabidearekiko kritika asko egon zirelako. Bestaldetik, Baionako ekimena hartzen ari zen itxura ikusita, biltzen zuen babesa eta adierazten zuten erabakitasuna ikusita, Frantziak ez zuen erraza bestela jokatzea.

58. Txetx Etxeberrik 2017ko martxoaren 17an Le Monde-n iragarri zuen apirilaren 8an egingo zela ETAren armagabetzea, guztiz. Ordurako armategien kokalekuena lotuta al zegoen? Luhusokoen esku al zen informazioa?…

Ez dut informazio zehatzik.

59. Azkenean ETAk jakinarazi zuen erakunde armagabea zela jada: 2017-4-7ko agirian. 

Halaxe zen eta garrantzitsua zen Baionako ekitaldia baino lehen jakinaraztea. Alde batetik, biharamuneko operazioan parte hartuko zuten herritarren kriminalizazioa saihesteko. Eta, bestaldetik, 8an arazoren bat gertatu eta ekimena burutzerik izan balitz, arma horiek ETAren esku jarraitzen zutela pentsa zitekeen eta garrantzitsua zen argitzea.

60. Eta apirilaren 8an ondo atera zen guztia. Zer oroitzapen duzu? Nola bizi izan zenuen kartzelan?

Tentsio handiarekin bizi izan nuen, egia esan. Oraindik ikusteke zegoen zein izango zen Estatuen jarrera eta hori zen kezka nagusia. Goizean goizetik eman zuten telebistan, eta oso hunkigarria izan zen gordelekuetara bertaratutako dozenaka artisauen irudiak ikustea. Hor sentitzen duzu badela herri bat aurrera egiteko. Gero, orduak pasatu ahala eta dena ongi pasatzen ari zela ikusita, beste sentimendu batzuk joan zitzaizkidan pilatzen. Harrotasuna zen nagusi, gure herriak eman zuen mailarengatik. Eta lasaitasuna, zailtasun guztien ondoren, egina zegoelako jada. Baina bazen halako hutsune bat ere, arma horiek ETAren borrokaren ikur ere bazirelako.

ETORKIZUNA

Zuk, David, 2017-2-19an Gara-ko elkarrizketa zenioen. “[Luhuso-Baionakoak: gizarte zibila…] Konponbiderako beste eskema bat osatzea ahalbidetu dezake”. ETAk 2017ko Aberri Eguneko agirian –apirilak 16–, gizarte zibilarena ez ezik, laudatu egin zuen euskal erakundeen, eta indar politiko, sozial eta sindikalen babesa eta borondatea. Bestetik, ETAk barne eztabaida bat abiatua du bere geroaz.

61. Oraindik badira gatazkaren ondorioetan korapilo batzuk askatzeke. Esaterako, eta neurri handikoa, euskal presoena. Hori konpontzeko bidean baliagarri izan al daiteke armagabetzeko eredua, lankidetza eta esperientzia?

Bai, zalantzarik gabe. Logika berdina da: herri bezala jokatzea eta helburuak lortzeko determinazioa erakustea.

62. Espetxe politika aldatzeko baldintza batzuk jartzen ditu Espainiako Gobernuak. Horien artean, eta agian nagusiena, ETAren desegitea da. Zer diozu?

ETAk aspaldi utzi zion Espainiako Gobernuak jartzen dituen baldintza etengabeei begiratzeari. Espainiak espetxe politika aldatuko du, herri bezala aski indarra egiteko gai baldin bagara.

63. ETAk 2017ko Aberri Eguneko agirian zioen: “Aurrera egin beharra dago, eta horretan du arreta jarria ETAk. Horregatik, azken urte hauetako ibilbideaz gogoeta egingo du eta aurrera begirako erabakiak kidego osoak hartuko ditu, erantzukizunez”. Gogoeta horretaz zerbait esan al dezakezu? 

Ezin dut gauza handirik esan. Armagabetzeari lotutako zereginen ondorioz, eztabaidaren hasiera zertxobait atzeratu zen eta une honetan burutzen ari da. Hurrengo hilabetetan emango da ondorioen berri.

2017ko urria