Maiatzak 5, ‘ETAren bukaera (XI)’. BERRIAko analisiaren laburpena. Badirudi fase baten amaiera heldu dela. NEB Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak bukatu zuen ibilbidea, iaz, ETAren armagabetzea ere egiaztatu ondotik. Henri Dunant zentroak herenegun bertan zioen amaitu duela bere egitekoa. Ikusgai da zer egingo duen HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldeak, Brian Currinenak. 2011n Aieteko sinatzaileek prestasuna agertu zuten Jarraipen Batzordea eratzeko; Kanboko adierazpenean ez dator zehazki halakorik —”gure ekarpen berri bat behar dutenen esanetara geratzen gara”, dio bukaera aldera—. Epizentroa Euskal Herrian da. 2000ko otsailaren 22a. Lizarra-Garazikoa bukatu berria. ETAk Fernando Buesa hil zuen egun hartan, eta naziogintzan aritzen den kide bat Txillardegirekin egokitu zen, ETAren sortzaileetakoarekin. Txillardegi jota ei zegoen, nora goazen galdezka, eta zera zioen Euskal Herriak borroka armatua baino aukera hobeak zituela arrazoitzeko: “Orain [naziogintzan] bakarrik gaudela? 1958an geunden horrela! Orain bada jende prestatua, bada konpromisoa, gaitasuna…”.♦

Maiatzak 4, ‘ETAren bukaera (X)’. BERRIAko analisiaren laburpena: Bake prozesuak ondo ala gaizki atera daitezke, baina, saiatu ezean, ezinezkoa da bake justua eta iraunkorra erdiestea. Kristian Herbolzheimerren eta Omar Cortesen azalpenetan aipatu dira bost gako: borondatea, konfiantza, inplikazioa, erabakitasuna eta jarrera eraikitzailea. Gehiago egon litezke; era batera edo bestera gatazka bera bizi izana da beste bat, menturaz. Euskal Herrikoa berria doa; ez du eredurik. Bera da eredu berria. Baina Euskal Herriak oraindik ez du diplomaziarik. Nekez horrela.♦

Maiatzak 3, ‘ETAren bukaera (IX)’. Henri Dunant zentroak gaur 14:15 aldera, Genevan, ETAren bukaeraren berri jakinarazi bezain pronto bideo labur hau grabatu dugu BERRIAkook, zentroaren aretoan bertan, sarean jartzeko. Egun historiko baten testigantza txiki bat izan da.

Maiatzak 2, ‘ETAren bukaera (VIII)’. Gaur EAJk esan du ostiralean Kanbon izango dela —Ortuzar presidentea buru—, “topaketa hau ETAren historia beltza zuritzeko baino, talde honen desagerpen alde bakarrekoa, egiaztagarria eta behin betikoa egiaztatzeko baliatuko delaren berme osoa” jaso duelako. Ondoren jakin da ETAk eragileei bere bukaeraz gutuna bidali diela; zehatza eta ezbairik gabekoa da hango mezua. Ezker abertzaleak gatazkaren ondorioen konponbidean (ere) nahi du EAJk bultza egitea, eta, horregatik ere beraz, EBBko iturriei galdetu diegu ea EAJk, Kanbon izango den ala ez erabakitzeko, ETAren bukaerako edukiko ardatzak etziko topaketa baino lehen ezagutzea exijitu al zuen. Erantzuna: “Ez, inola ere ez”. Bihar, maiatzak 3, ETAren bukaera.

Maiatzak 1, ‘ETAren bukaera (VII)’. ETA eta Madril 1976an mintzatu ziren lehen aldiz aurrez aurre, Genevan. Han zen Peixoto, ETAm-tik, Pello Zaharrarekin batera —poli-miliak ere baziren, euren kabuz—, eta kontatzen du harrituta geratu zela gero bere argazki bat ikustean: burua bai, berea zen –”akabo!”–, baina argazkian zeukan arropa ez; dena aldatuta jantziak. Orduko teknologia baliatuko zuten auskalo zeinek, auskalo zertarako. Orain urte batzuk Lapurdin bake topaketa batean egon zen batek kontatzen du kide batekin izan zuen solasaldia dena grabatu zutela Espainiako polizia indarrek, eta gero iturri onetik jakin zuela Poliziaren tramankuluengatik alferrik dela sekulako neurriak hartzea telefonoarekin-eta. Egun hauetan ere lanean ari omen dira. Akabo!…

Apirilak 30, ‘ETAren bukaera (VI)’. Ostiralean nazioarteko konferentzia Kanbon, Arnaga Etxean. Datorrenera iristeko erabakigarria izan zen ETAren armagabetzea, eta desarmatze prozesuak Kanbo ere izan zuen puntuetako, eta, zehazki, Arnaga izeneko beste toki bat: Arnaga aparkalekua. Luhusoko operazioaren egunean, justuki: 2016ko abenduaren 16an. Michel Tubiana ere bazen Luhusoko Errekartea baserrian egotekoa, armategiaren zati bat indargabetzeko, eta lehendik hitzordua jarria zuen Mixel Berhokoirigoinekin: egun hartan, 18:00etan, Arnaga aparkalekuan. Pixka bat lehenago Txetx Etxeberrik eta Berhokoirigoinek jakin zuten Polizia Luhuso inguruan zebilela, eta Beatrice Mollerekin batera Arnagara abiatu zen Berhokoirigoin. Han ez zen Tubiana. Ordu eta erdian han inguruan bueltaka aritu ziren beste biak, eta han ez zen Tubiana. Aurretik jaso zuen abisurik. Ez zuten atxilotu, eta kanpotik komunikazio lan handi bat egin zuen gero, bertsio ofiziala hankaz gora utziz berehala. Engaiamendua. Orain beste batzuk agertzen ari diren bezala.♦

Apirilak 25, ‘ETAren bukaera (V)’. Josu Erkorekak gaur Radio Euskadin, Boulevard saioan: “Kanboko ekitaldia Euskaditik kanpo izango da”. Erkoreka, Eusko Jaurlaritzako kontseilari eta bozeramailea, eta EAJko kidea. EAJk 2016ko otsailaren 13an eta 14an Iruñean egindako VII. Batzar Nagusiak onartutako Aberri Estatutuetako Oinarri Nagusietako 3. puntua: “Euzko Alderdi Jeltzaleak Euzkadi du Aberritzat, eta euskaldun jendea bizi den Pirinioetako bi aldeetara dagoen lurraldetzat (…)”. Estatutuetako II. Tituluan, alderdiaren antolaketari dagokionean, III. Kapitulua. Euzkadiz Kanpoko Erakundeak-en, Araba, Bizkai, Gipuzkoa, Iparralde eta Nafarroatik kanpoko erakundeez ari da EAJ. Non dago Kanbo?… Guztiok bat izan zen EAJren duela bi urteko batzarraren leloa. Ulergaitza da Erkorekak esan duena, baina ulertzen zaio.

Apirilak 24, ‘ETAren bukaera (IV)’. Garai desberdinetan eta era batera edo bestera ETAren 60 urte hauetan erakundean egon den zenbait lagunen elkarrizketak argitaratuko ditu bihartik aurrera BERRIAk. Aurreneko biak, ETAren sortzaileetakoak: Eneko Irigarai eta Iñaki Larramendi. Hau (1929) zaharragoa da hura (1936) baino,  eta elkarrizketara Ekineko kide ohi esanguratsu batekin etorri zen: Iñaki Gantzarainekin (1928). Mintzatu zen azken hori ere. Larramendik eta Gantzarainek garai haiei buruzko lehen elkarrizketa zuten hedabide batean, eta ez zuten nahi argazkirik ateratzerik, ezta pentsatu ere —eta ezin—. Badute erreparorik oraindik, antza. Haietako batekin berriro zita egin elkarrizketa pittin bat gehiago sakontzeko, minutu bat beranduago heldu kazetaria, eta klandestinitateko arauez mintzo hasi zen beteranoa.

Apirilak 22, ‘ETAren bukaera (III)’. HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldeak, Foro Sozial Iraunkorrak eta Bake Bideak bihar arratsaldean iragarriko dute maiatzaren 4ko nazioarteko topaketa. Esaten da aste bukaera horretan jakinaraziko duela ETAk bukatu duela bere ibilbidea. Iaz, haren desarmatzean, azken unera arte ez zen jakin Iñigo Urkullu izango zen Baionako herriko etxean, armategiaren inbentarioaren txostena eskutik eskura aldatzeko ekitaldian. Ez zen joan, Jean Rene Etxegarairi aurrez formalki deus helarazi gabe. Jaurlaritza (ere) gonbidatuta zegoen aurten ETAren armagabetzearen I. urtemugako ekitaldietarako ere, eta oraingoan, sikiera, aurretik bidali zuen gutun bat, ez zela izango esanez. Armagabetze eguna zela-eta Jaurlaritzaren Irekia-ko egutegiari begira ibili ginen, lehendakariak apirilaren 8rako ezer bazuen ikusteko. Orain, momentuz, maiatzaren lehen astebururako ez dago ezer jarria haien kalendario publikoan, baina ez da espero Urkullu han izatea —beraz, Uxue Barkos ere ez—. Aieteko jauregian izan zen 2011n —EBBko buru bezala—, eta han barruan zeudenek diote ez zutela eroso ikusi.

Apirilak 21, ‘ETAren bukaera (II)’. (BERRIAko gaurko analisiaren laburpena). Atera du ETAk “bere ibilbide armatuan eragindako kalteari buruzko adierazpena”. Hiltzea gaizki egon zela esateko eskatzen diote, jakinda ez duela halakorik esango, bere izatea ukatzea bailitzateke. Dena dela, ETAk berak azaldu du: “Ulertzen dugu askok guk egindakoa onartezina eta bidegabea izan dela ustea eta adieraztea, eta errespetatzen dugu, inori ezin baitzaio behartu pentsatu edo sentitzen ez duena esatera”. Azkeneko esaldi hori bestelako noranzkoan ere aplikatu ahal da. Ipar Irlandan IRAren kasuan eta Kolonbian FARCerenean ez bezala, ETAren jardun armatuaren amaiera ez zen estatuarekin lortutako akordio baten ondorioz iritsi. Baina ez da ETAn zatiketarik eta talde disidenterik sortu. Aldiz, ituna egon arren, IRAn sortu zen, eta FARCen sortu da talde armatu disidenterik, eta hil izan dute jenderik. Kohesioari eusteko eta berriro aurrerabiderako pausoak batera emateko eragindako kalteaz adierazpena egiteak, edukia eta hitzak zaintzea eskatuko zion, eta denbora bat hartzea. Agian, gaur-gaurkoz esan zezakeen gehiena esan du. Eta gutxiago ezin zezakeen esan. Oinarri politiko bat da biharko egunerako, bake eta konponbide giroa zabaltzeko euskal gizartean. Etika? Iraganari so, inoren etxean ez dago, apika.

Apirilak 20, ‘ETAren bukaera (I)’.  Jose Maria Aznar PPren Espainiako presidentegaiaren aurkako atentatuaren biharamunean datatu zuen ETAk Alternatiba Demokratikoaren agiria: 1995eko apirilaren 20an. Gaur 23 urte. Gaur jakinarazi du “bere ibilbide armatuan eragindako kalteari buruzko adierazpena” (ETAren beraren armagabetzearen lehen urteurrenean dago datatua: pasa den apirilaren 8an). 23 urteko tartea. “Bi negoziazio gune” zehaztu zituen Alternatiba Demokratikoak: ETA-Espainiako Estatuarena bata, euskal herritarrena bestea. Eskema berritzat har zitekeen, lehen pauso bat. Eskema 2004an zehaztu zuen gehiago ezker abertzaleak, Batasunaren bidez, Anoetako proposamenean: errei politikoa (euskal eragileak) eta errei teknikoa (estatuak-ETA). 23 urte Alternatiba Demokratikotik. Alternatiba ezker abertzalean fronte politikoak hartu zuen azkenerako. Lehenago gertatu izan balitz… Banu, balego ta balitz. Ametsa ote da dena. Haizea dabil gure patriken zulotxoetan barrena (7 Eskale, 1995).