EPPK-ko eta Langraiz bideko kide ohiak, AEM ingurukoak eta kale erasoekin lotutakoak daude Guardia Zibilak haien ondasunen aurka egiteko operazioko idatzian (dokumentua eta zerrenda —60 preso ohi—). Teniente koronel batek sinatu, eta Espainiako Auzitegi Nazionalari igorri zioten joan den maiatzaren 8an. Operazioa, atzo. Guardia Zibilak dio oraindik ez dituztela biktimekiko kalte-ordainak kitatu, nahiz eta, haren arabera, ondasun batzuen jabe diren edo jarduera laboralak dituzten. Operazioa, beraz, preso ohiek eta abokatuek agindu judizialak jaso gabe. Bi gauza: 1. Bukatu du ETAk, eta pixkanaka egon ahal da espetxe arloan Madrilen pausorik —dena dela, batasun eta kemen handiagoa erakutsi beharko Hego Euskal Herrian—. 2. Estatuko aparatu batzuek segituko dute terrorismoaren aurka egiten. Bukatu du ETAk; Madrilek, ez.♦