Joan den maiatzaren 16an atxilotu zutenetik, Josu Urrutikoetxea euskal presoak hil honen 31n jasoko du bere familiaren lehen bisita, La Sante kartzelan. Frantziako Alpeetan atzeman zuen Poliziak, eta utuneroztik sendiak auzitegian baizik ez du ikusi. Ekainaren 19ko auzi saioan, Parisko Dei Auzitegiko epaileek baldintzapeko askatasun eskaera ebatzi zutenean, Egoitz eta Irati seme-alabekin ordu erdi batez egoteko aukera izan zuen. Epaileek aske uzteko ebazpena eman zuten orduan, baina Espainiaren atxiloketa eskaera bat gertatu zen eta preso segitu zuen. Duela bi hilabete pasa Sallanchesen atzematean, hango erietxe batera ebakuntza egitera zihoan Urrutikoetxea. Gaixotasun larri bategatik, egunak zeramatzan pixa ezin eginda eta ezin janda. Atxiloketaren ostean, urologoak esan zuen hilabete baten buruan egin beharko zitzaiola operazioa. Ez diote egin oraindik. Parisen zunda bat jarri zioten, hilabete bateko iraungitzearekin. Berriro jarri zioten zunda, eta, familiako iturrien arabera, uztailaren 15erako programatu zioten ebakuntzaren data, baina ez zioten egin, ez presoaren erabakiagatik, eta hirugarrenez ipintzekoak dira zunda, jada ipini ez badiote. Gainera, gutunik jasotzeke segitzen du. Horretaz guztiaz gain, ETAko militante historiko ohiarentzat juridikoki eta politikoki bi hilabete intentsu izan dira. Une honetan, hainbat auzi ditu zabalik: Espainiaren bi estradizio eskaera eta beste bi euroagindu; Frantziak bi epaiketa egingo dizkio ETAren egitura politikoarekin lotuta; seguruenez, abuztuan izango da baldintzapeko askatasunaz dagoen beste eskaera bati buruzko saioa —bihar izatekoa zen—; ekainaren 19an epaileek hartutako erabakiaz fiskalaren helegite bat Kasazio Auzitegian da… Notiziak egongo dira.♦