Gaur Gara-k dakar Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak baztertu egiten duela Eusko Legebiltzarrerako bozak datorren azaroaren 10erako jartzea, Espainiako Gorteetarako balizko hauteskundeekin batera. Bi hitzorduak sekula ez dira izan egun berean, EAJri ez zaiolako komeni. Ildo horretan, Patxi Zabaletak Nafarroako azkeneko foru hauteskundeen ondoren iradokizun bat egin zuen Hamaika Telebistako elkarrizketa batean (7.22-8.55): “pentsatu eta mahai gainean jarri” behar dela Nafarroako foru bozak noiz egitea komeni den. Esan zuen duela zortzi urtera arte herrialdean, Foru Hobekuntzak agintzen zuenez, parlamenturako bozak udaletakoekin batera egin behar zirela, baina harrezkero ez, araudia aldatu egin zutelako, eta, ondorioz, pasa den legealdian Uxue Barkos gobernuburuak bazuela foru hauteskundeak udaletakoak baino lehenago deitzeko eskumena —batera izan ziren: maiatzaren 25ean—. EAEko adibidea jarri zuen Zabaletak: “EAJri ez zaio burutik pasatu ere egiten munizipalekin batera jartzea hauteskunde autonomikoak; [hauek] egiten ditu beti beste data batean. Hori komeni zaie, zalantzarik gabe, alderdi abertzaleei”. Izan ere, udal bozak Espainiako Estatu osoan egiten dira, eta horrek asko markatzen du agenda, eta fokua, Madrilen jartzen. Hurrengo baterako ideia, hurrengorik bada.♦