Enekoitz Esnaola

Hilabetea: maiatza 2020

Indar progresisten baturak 1980tik

Nahiz eta gaur-gaurkoz ez dagoen baldintzarik eta aski konfiantzarik Eusko Legebiltzarrean EH Bilduk, PSE-EEk eta EPk bat egiteko —eta, kasuan, Jaurlaritza hartzeko—, begirada atzera bota —kalkulu hauetatik kanpo dago 2009 arteko EA, ordura arte ia beti EAJrekin koalizioan aurkeztu zelako edo harekin gobernua osatu zuelako—, 1980ko hauteskundeetatik indar progresista delako horien bat egiteak bi aldiz baino ez zukeen izango gehiengo osoa (gutxienez, 38 aulki behar dira), gobernua hartzeko gehiego osoa beti behar ez den arren: 1986an (PSEk19 aulki, HBk 13, EEk 9) eta 2016an (EH Bilduk 18, EPk 11, PSE-EEk 9). Kontuak kontu, Eusko Legebiltzarrerako orain arteko 11 bozetan HB, EH, EHAK, Aralar, EA (2009koa), EH Bildu, PSE, EE, PSE-EE, EPK, EB eta EPren eserlekuak aintzat hartu, haiek batu, eta: 1980ean 27 aulki (jokoan 60 zeuden orduan), 1984an 36 (ordutik, 75), 1986an 41, 1990ean 35, 1994an 29, 1998an 30, 2001ean 23, 2005ean 31, 2009an (ezker abertzale ofiziala legez kanpo) 31, 2012an 37 eta 2016an 38.♦

Espazioak

BERRIAko analisiaren (2020-5-26) laburpena: Iñigo Errejon: “(…) Politikan espazioak ere sortu egiten dira”.  (…) Orain jokoan dagoena ez da ezker abertzaleak eta EH Bilduk indarkeriaren aurka duten posizioa —berriz ere— argitu behar izatea. Orain argituko da ea EAEn ere epe ertainean espazio berrietarako aukerarik sortzen hasiko den edo ez. Aurrera begira garrantzitsua izango da EAJren eta EH Bilduren arteko aldea handituko-mantenduko edo murriztuko den ikustea. 2012ko bozetan sei aulkiko diferentzia egon zen: EAJk 27, EH Bilduk 21. Hala ere, garai haiengatik —2011ko tsunamiaren efektua oraindik, eta artean ETA—, ezin da erreferentzia modura hartu. Beste kontu bat litzateke orain aldea 2012koaren antzekoa balitz. Izan ere, kasu horretan —egun, hamarrekoa da tartea—, herritarrak eta eragileak has daitezke EH Bildu epe ertainerako alternatiba gisa kontsideratzen. Erritmoak erritmo, eta taula politikoa gehiago mugiarazteko eraldaketa sozialaren agenda ere prozesu subiranistan kokatuz, espazioak sortzen jarraitzeko egokiera onean legoke EH Bildu. Jesus Egigurenek duela hiru hilabete BERRIAn iragarri zuen 2023ko udal hauteskundeen ondoren hasiko direla EH Bildu eta PSE itun lokal batzuk egiten. Euskal presoen auziaren bilakaerak ere baldintzatuko du etorkizuna. Aldiz, EAJk aldeari eusten badio edo tartea handitzen badu, partida nahi bezala jokatzen segituko du urteetan, espazioen kontrola izanik.♦

Parametroak

BERRIAko analisiaren (2020-5-14) laburpena: Osasuna oinarritzat hartuz, «normaltasun berri baterako trantsizio ordenatu bat» nahi du Jaurlaritzak. Trantsizio batean sartu behar al dira hauteskundeak? Urkulluk uztailean nahi baldin baditu, aipatutako neurri horiekin guztiekin-eta justifikatu nahi edo behar al du osasun larrialdiaren desaktibazioa? Hori guztia, apirilaren 5erako hauteskundeen deialditik kutsatuta bezala dator, lehendakariaren otsailaren 10eko agerralditik. Igarle rolean mintzatzeaz gain, bazirudien gehiago ari zela hizketan alderdi baten lehendakarigai moduan. (…) 2012ko abendutik da lehendakari Urkullu, eta haren Jaurlaritzak legebiltzarrean sekula ez du izan gehiengo osoa. Ikusiko zuen EAJ-PSEk datozen hauteskundeetan gehiengo osoa lortzeko aukera, eta bozetara deitu zuen otsailean, nahiz eta, legealdi osoa beteta, irailean edo urrian egitea tokatu. (…) Gaur izango dute bilera Urkulluk eta taldeek hauteskundeez. Jarduneko lehendakariak «entzun» egingo die, martxoaren 16ko ohar bateratuko hirugarren eta azkeneko puntuak zioen bezala. Gauza asko pasatu da martxotik. Berriki ,Jose Antonio Zarzalejos kazetariak idatzi du EAJ, «alderdi enpresariala» eta «ideologia aldetik» Arzalluz eta Ibarretxeren garaikoa baino «neutroagoa» izateaz gain, «errealista» dela «mugimenduak egiteko orduan», eta «arrakastazko kontakizun baten protagonista». Ez dirudi EAJ parametro horiek denak betetzen dabilenik.♦

Rubalcabarena, anekdota

“Neuk eskatu nion behin Rubalcabari zergatik ez zuen egiten kalkulu bat zenbat jende pasatu den kartzelatik, zenbat jendek salatu dituen torturak…; hau da, guk ezagutzen ez genuen beste mundu horretan zer pasatu den ikusteko. Txosten handi bat ekarri zidan geroago, eta esan zidan: ‘Eta oraindik diote ez dagoela gatazkarik…'”. Jesus Egigurenen hitzak dira, 2014ko martxokoak, Azpeitiko solasaldi batean esandakoak. Gaur urtebete hil zen Alfredo Perez Rubalcaba, eta estatu gizon modura agurtu zuen Espainiak. 2014ko Europako hauteskundeetan PSOEk emaitza txarrak izan ondoren utzi zuen politika instituzionala Rubalcabak, irailean. Diputatuek-eta agur bat prestatu zioten, eta joan zen bertara Amaiurreko parlamentario bat ere, amistadeagatik. Ekitaldian biek kointziditu zutenean, Rubacalbak ahapeka esan zion saiatuko zela euskal presoen aferari (gatazkari, beraz, ezta?) heltzen. Antza, anekdota batean geratu zen aipamen hura.♦

Marko nazionala

Twitter kontu bat sortu dute hil honetan: ETB esnatu! (@etbesnatu). Aurkezpeneko esaldia: “Egungo ETB-k ez ditu euskaldunon beharrak asetzen. Gehiago merezi dugula argi dugu. Datuek ere hala diote. Ados bazaude, irakurri, sinatu eta zabaldu mesedez!”. Finkatua daukan txioa: “Kezkagarria da egun ETB-k bizi duen egoera. Euskaldunon telebistak aspaldi utzio zion iraganeko telebista lehiakor hura izateari, eta okerrera doa etengabe, interes gabeko edukiz josirik eta gero eta ikusle gutxiago bilduz”. Eta gero dio: “Salbuespenak salbuespen, ETB1-en eskaintza eskasa, nazio mailako beste telebista batzuekin lehiatzeko inolako aukerarik gabe”. Nik @etbesnatu-ri, Twitterren bertan: “‘Nazio mailako beste telebista batzuekin lehiatzeko…'”. Nazio?”. Haren erantzuna: “Euskal Herrian ikusten diren beste telebistekin (Tve, Telecinco, Antena3…) lehiatzeko gai zela adieraztea. Dena den, textuaren helburua ez doa hari horretatik, transmititu nahi duguna argi dagoela uste dut…”. Ederki hasi dira, beraz… Ramon Labaienek burua altxatuko balu… EITB bera ari da meriturik egiten bere ikus-entzuleek marko nazionaltzat Espainia hartzeko.♦

© 2024 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑