ANALISIA

Espazioak

Besteak beste, PSE-EE, EP, EH Bildu eta EAJko ordezkariak, duela bi urte, Bilboko ekitaldi batean.
Besteak beste, PSE-EE, EP, EH Bildu eta EAJko ordezkariak, duela bi urte, Bilboko ekitaldi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Enekoitz Esnaola -

2020ko maiatzak 26

Esaldi ikusgarri horietako bat bota zuen Iñigo Errejonek atzo zortzi: «Oso Real Madrilekoa naiz ni, asko gustatzen zitzaidan Laudrup, ez zeuden espazioetara pase zoragarriak egiten zituen. Kontua ez zen zulo bat ikusten zuela; pasea egitean irekitzen zuen zuloa. Hori politikan ere gertatzen da (...); espazioak ere sortu egiten dira». Errejonen esalditik bi egunera PSOE, UP eta EH Bilduren Espainiako Kongresuko taldeek lan erreforma indargabetzeko akordioa izenpetu zuten. Alarma egoeraren luzapenaren negoziazioan, aukera ikusi eta lehen pausoa berak emanda, itun garrantzitsua lortu zuen EH Bilduk. Espainiako Gobernuaren eginkizuna izango da, ñabardurak ñabardura, lan erreforma bertan behera uztea, eta, hori gertatzen baldin bada, poztuko da EH Bildu, eta, batik bat, poztuko da langileria. Toni Kukoc: «Saskiratze batek jokalari bat pozten du; asistentzia batek, bi». Bigarren hori zein den jakitea garrantzitsua da politikan.

Euskal Herriaren mendebaldean EH Bildu denbora askoan egon da EAJri so, baina EBBk ez du hura bazkide nahi. EH Bildu EAEn hasi denean beste talde batzuekin itunak bilatzen eta egiten —Irungo aurrekontuetan PSE-EErekin, Bizkaian-eta alkateen inbestidura saioetan herri plataformekin eta EPrekin...—, eta Madrilen ere baten bat badela erakusten hastean, arrangura sortu zaio Sabin Etxeari. Higatze teknikari heldu dio.

Sorturen legeztatzearen auzian Estatuaren Abokatuak, latina zekiela erakutsi nahian, Konstituzionalean aurkeztutako idatzian «qui siluit cum loqui et debuit et potuit consentire videtur» esaldia sartu zuen. Haren tesiaren arabera, 2011ko uztailean ETAk atera zuen agiriaren aurrean Sortuk hitz egin behar zuen, eta ahal zuen, baina isilik egon zen, eta, beraz, bazirudien bat zetorrela ETAren planteamenduekin. Baina Konstituzionalak legeztatu egin zuen Sortu, 2012ko ekainean. Hamar urte pasatu dira ezker abertzaleak estrategia aldatu zuenetik —Zutik Euskal Herria adierazpena—, bederatzi urte Bildu eratu zenetik, laster bederatzi urte dira ETAk jarduera armatua bukatu zuela jakinarazi zuela, baina ezker abertzaleak eta EH Bilduk indarkeriaz duten jarrerarekiko zalantzak zabaltzen dihardute eragile batzuek; tartean, jeltzaleek.

Hala, joan den astearte gauean ezezagun batzuek, Bilbon, Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusi eta lehendakarigaiaren etxe atarian pintaketak egin zituztenean, hurrengo egunean, goizean goiz, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako jarduneko lehendakari eta EAJren lehendakarigaiak «erasoa», gaitzesteaz gain, «barkaezin eta onartezintzat» jo zuen, «baita horren aurrean isiltasuna mantentzea ere». Aurreko gauerdirako Maddalen Iriarte EH Bilduren lehendakarigaia mintzatua zen gertakariaz: «Idoia Mendiari, bere sendiari eta ingurukoei nire elkartasuna. Bakebidean eta elkarbizitzan urrats sendoak egin behar ditugu arlo askotan eta honelakoek urrundu egiten gaituzte». Urkulluren adierazpenetik pare bat ordura, Bilboko EH Bilduk ere hitz egin zuen: «EH Bildu Bilbok elkartasuna adierazi die Idoia Mendiari eta Alfonso Gili, eta beren etxebizitzaren aurkako erasoa gaitzetsi du». Baina hori ere aski ez iruditu, nonbait, eta Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak, ostiralean: «Harrigarria da Madrilen ezker abertzaleak akordio hori [lan erreformarena] gauzatzea hemen alderdi sozialistako ordezkarien kontra eraso izugarriekin dabilen honetan. Harritzekoa da eta ez da ulertzeko erraza».

Orain jokoan dagoena ez da ezker abertzaleak eta EH Bilduk indarkeriaren aurka duten posizioa —berriz ere— argitu behar izatea, nahiz eta garrantzitsua den kale ekintzen larritasuna aitortzea —koakzio pertsonal eta politikoaren eragile ere direlako pintaketak—. Orain argituko da ea EAEn ere epe ertainean espazio berrietarako aukerarik sortzen hasiko den edo ez. Zenbait arlo politiko, enpresarial eta mediatikoetatik ari dira esaten badagoela aukerarik EH Bilduk, PSEk eta EPk Jaurlaritza osatzeko uztailaren 12ko hauteskundeen ostean, eta agertoki hori uxatu nahian dabiltza. Baina eztabaida faltsua da: gaur-gaurkoz ez dago baldintzarik eta nahikoa konfiantzarik EH Bildu eta PSE Jaurlaritzan batzeko, edo batak bestea babesteko lehendakaritza har dezan.

Alternatiba

Ikusgai da hauteskunde emaitza baldintzatuko duten COVID-19aren krisiaren kudeaketak eta balizko abstentzio handiak, baina ez litzateke arraroa EAJk eta PSEk oraingoan gehiengo osoa lortzea. Kontua litzateke nola. Hau da, aurrera begira garrantzitsua izango da EAJren eta EH Bilduren arteko aldea handituko-mantenduko edo murriztuko den ikustea. 2012ko bozetan sei aulkiko diferentzia egon zen: EAJk 27, EH Bilduk 21. Hala ere, garai haiengatik —2011ko tsunamiaren efektua oraindik, eta artean ETA—, ezin da erreferentzia modura hartu. Beste kontu bat litzateke orain aldea 2012koaren antzekoa balitz. Izan ere, kasu horretan —egun, hamarrekoa da tartea—, herritarrak eta eragileak has daitezke EH Bildu epe ertainerako alternatiba gisa kontsideratzen.

Erritmoak erritmo, eta taula politikoa gehiago mugiarazteko eraldaketa sozialaren agenda ere prozesu subiranistan kokatuz, espazioak sortzen jarraitzeko egokiera onean legoke EH Bildu. Jesus Egigurenek duela hiru hilabete BERRIAn iragarri zuen 2023ko udal hauteskundeen ondoren hasiko direla EH Bildu eta PSE itun lokal batzuk egiten. Euskal presoen auziaren bilakaerak ere baldintzatuko du etorkizuna. Aldiz, EAJk aldeari eusten badio edo tartea handitzen badu, partida nahi bezala jokatzen segituko du urteetan, espazioen kontrola izanik.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Mirentxin gidarietako boluntarioek gidatzen dituzte furgonetak. ©NAGORE ARIN
Azken porturaino

AZKEN PORTURAINO

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Euskal presoak bisitatzera joateko, milaka kilometro egin behar izaten dituzte haien senide eta lagunek. Andaluziako Puerto de Santamariako espetxeetara egindako bidaia baten kronika da hau.
Sare Herritarrak atzo Donostiako Kontxa hondartzan eginiko mosaikoa. ©SARE

Olatu bat konponbidearen itsasertzera

Jon O. Urain

Sarek deituta, 600 lagunez osatutako mosaiko bat eratu dute Donostian. Espetxe politika aldatzeko eskatu dute
 ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna