Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako lehendakarigaiei elkarrizketak egitean, emaitzez porra bat egitera animatu zituen BERRIAk. Ezkutuan egingo zuten, orria gutunazal batean sartu eta BERRIAk bozen biharamunean —gaur— zabalduko zituen. Maddalen Iriarte (EH Bildu), Miren Gorrotxategi (EP), Idoia Mendia (PSE-EE) eta Jose Ramon Becerra (Equo Berdeak) animatu ziren egitera; Iñigo Urkullu (EAJ), berriz, ez, halako ariketak egiten ez dituela esanda. Carlos Iturgaizek (PP-C’s) ez zuen eman elkarrizketarik. Legebiltzarkide zifren desbideraketa formulatzat hartuta, Iriarte ibili da ondoen: lauko desbideraketa izan du. Becerrak hamarrekoa, Mendiak hamabikoa eta Gorrotxategik hamaseikoa.

[Post scriptum (2020-7-17): Bizkaiko mahai batzuetako berkontaketaren ondorioz, EH Bilduk aulki bat galdu du (orotara 21ekin geratzeko) eta PP-C’s-k bat irabazi (6 ditu orain), eta, horrela, BERRIAren porran Iriarteren desbideraketa seikoa izan da, Becerrarena zortzikoa, Mendiarena hamarrekoa eta Gorrotxategirena hemezortzikoa. Beraz, hala ere, Iriarte irabazle porran]

Norberaren taldeari aurreikusitako legebiltzar kopuruan ere, Iriarte ibili da ondoen: 22 aulki aurreikusi zizkion EH Bilduri, eta 22 lortu ditu. Mendiak 12 eman zizkion PSE-EEri, eta 10 eskuratu ditu. Becerrak jarri zuen 2 aulki lortuko zituztela Equo Berdeek, eta ez dute batere lortu. Gorrotxategik 11 eserleku eman zizkion EPri, eta 6tan geratu dira.

Guztiek aurreikusi zuten EAJ izango zela lehen indarra; 25 eta 30 legebiltzarkide artean eman zizkioten, eta 31 atera ditu, aurreneko indarra izanik. Becerra eta Iriarte ibili dira hor hurbilen, 30na emanda. Voxi buruz, laurek jarri zuten ez zuela aulkirik lortuko, baina 1 eskuratu du.

Lau lehendakarigaiek betetako orriak, eta emaitza