Enekoitz Esnaola

Kategoria: BERRIAko analisiak (Page 13 of 15)

BERRIA egunkariko Politika sailean argitaratutako analisiak dira.

Hauteskunde zikloak

BERRIAko analisiaren (2015-5-23) laburpena: Esaten da herri honetan beti gaudela hauteskundeetan eta, beraz, alderdiek euren interesak herri interesen gainetik jartzen dituztela maiz. Interesena erlatiboa izan daiteke haien balorazioa egitean, baina hauteskundeena ez da egia. Hauteskunde lehiarik gabeko aldi luzea izan da. Baina gatazkaren ondorioez ez da elkarrizketarik hasi gobernuekin, eta euskal presoen egoera lehen bezain larria da. Bada esan bat: politikari batek hurrengo hauteskundeetan pentsatzen du; estatista batek, hurrengo belaunaldian. EAJk eta Sortuk oraingo boz hauen ondoren ekingo diote berriro elkarrizketari. Diotenez, blindatuta daukate harremana. Dena dela, ikusi beharko da hauteskundeon ostean Gipuzkoako edota udal batzuetako gobernu itunek zenbateraino okertzen duten giroa. Edo Nafarroakoak zenbat argitzen.♦

Berdintasunaren partidaren hasiera

BERRIAko analisiaren (2015-5-19) laburpena: Arraro egiten dena da EAJk, PSEk eta PPk Bilduren foru gobernuari leporatzea legealdi honetan “kontsentsu denak hautsi» izana. Ezker abertzale ofiziala legez kanpo eta Batzar Nagusietatik at zegoen garaiko kontsentsuez ari dira, jakina. Kontsentsu haiez hitz egitean, badirudi batzuk ilegalizazio aroan instituzionalki eroso zeudela. Orain lau urte, herritarrek demokratikoki hala erabakita, aldaketa handi baten hasiera gertatu zen; batik bat, Gipuzkoan. Orain, ETArik eta legez kanporatzearen mamurik gabeko egoera egonkorrago honetan, 2011ko aldaketa sakonduz ziklo bat has daitekeen edo parentesi hori itxiko den herritarrek eta bozen ondorengo itunek erabakiko dute. Baina hemen, berdintasun aldetik, partida duela lau urte hasi zen.♦

Pablo Iglesiasen bi baldintzak

BERRIAko analisiaren (2015-5-14) laburpena: Pablo Iglesiasek baldintza bat jarri du EH Bildurekin itunak egiteko: “Terrorismoaren gaitzespena”. EH Bilduk betetzen du hori; Sortuk berak “ekintza terrorista oro” arbuiatzen du bere estatutuetan. Itunetarako “eskubide sozialak” ere ardatz gisa jo ditu Iglesiasek. Beraz, horregatik ere Podemos Ahal Dugu-k itunak egin ditzake EH Bildurekin hauteskunde hauen ondoren Nafarroan, Gipuzkoan… EH Bilduk ere “aldaketa politiko eta soziala” du helburu; baina “hori ez da egun batetik bestera egingo”, baizik eta “pausoz pauso eta herriz herri”. Gehiengo zabalagoak beharko dituela uste du; Podemosek beharko dituen bezala. Noiztik, hori da galdera.

Iraganaren analisia

BERRIAko analisiaren (2015-4-19) laburpena: Urkulluk segitzen du ezker abertzaleari iraganari buruzko analisia mugatua eta partziala eskatzen. Inork ez du ukatzen ezker abertzaleak, orokorrean hartuta, erantzukizun berezi bat duela euskal gatazkan, frankismoaz geroztik ere urteetan estrategia politiko-militarra izan baitzuen. Urkulluk “denen” autokritikaren beharra aipatu duen honetan, EAJk eta haren Jaurlaritzak ere badute zerrenda propio bat. Norbera bere iraganaren analisi kritikoaz geldirik egon eta bestearen borondatea aldatu nahi izateak onurarik ez lekarke. Bakebidean EAJk eta Sortuk elkar hartu eta aurrerabiderako konpromiso batzuk baleuzkate, iraganari so egin eta autokritikan sakontzeko baldintza hobeak leudeke. 

Podemosen hautua

BERRIAko analisiaren (2015-3-20) laburpena: “Adaketa soziala” nahi du EAEko Podemos Ahal Dugu-k ere. Instituzioetan nola joan hori lortuz, akordioak egiteke? Kastatzat jo dituenak boterean egonda —Pablo Iglesias: “EAJ ere kasta da: haren aberri bakarra dirua da”—, Ahal Dugu-k zer itxaropen luke legealdian “aldaketa sozialerako” neurriak onartzeko? Haren —Gipuzkoako— jendearen foru botoak baliagarriak al lirateke? Podemosen aldaketa hori, hastekotan, urte bukaeratik aurrera hasiko da, Kongresuko bozetatik aurrera. Bitartean, EAEko Ahal Dugu, kontraesanak administratzera. Ala?♦

Lantegia dute Euskal Bidean

BERRIAko analisiaren (2015-2-15) laburpena: Ezker abertzaleak orain arteko proposamen politikorik errealistena egin du. Baina badu arriskurik Euskal Bideak: gizarteak nazio identitatearekin soilik lotzea eta, ondorioz, ezkerreko borroka sozial eta ekonomikoa Podemos Ahal Dugu-ren esku geratzea, hein handi batean. Euskal Bidearen eskaintza edukiz betetzea du beste zeregin bat EH Bilduk, aurrerabiderako idiaren pausoak emateko. EAJrekiko harremana da argitzeko duen beste alor bat. Ezker abertzaleak kasik atzo arte negoziazio eskema klasikoa zeukan; behetik gorako prozesua nahi du orain, aldebakartasuna bide hartuta, baina gero ere izan ditzake amuak.

Sortze prozesuak lantzeaz

BERRIAko analisiaren (2015-1-3) laburpena: Aurrerabide posible, gogoeta eta eztabaida interesgarrienak instituzio eta indar politikoetatik kanpo daude, abenduan Donostian Nazioak eta estatuak XXI. mendean: demokrazia eta erabakitzeko eskubidea nazioarteko jardunaldietan ikusi zen moduan, adibidez. Han, behin-behineko ondorioetan, Joserramon Bengoetxea jurista proposamenekin “sortze prozesuak landu” beharraz mintzatu zen. Baina konplikatua dago egoera gurean. Gaur-gaurkoz, Euskal Herria aintzat hartzen dutenen artean gehienez ere norabide bat finkatzea litzateke xederik errealena, lortuz gero haren barruan kokatzeko mugimendu batzuk. 1952an, erbestean zela, Jose Antonio Agirre lehendakariak aitortu zuen Jaurlaritzak perspektiba akatsak egin zituela, eta horrek “beharrezko tentsioa eta dinamismoa” izatea galarazi ziela. Urte hartan sortu zen Ekin. Gaur egun bestelako fenomeno berriak gorpuzten ari dira.

« Older posts Newer posts »

© 2025 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑