[Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpaina] BERRIAko analisiaren (2016-9-10) laburpena: Bereziki Lizarra-Garaziz geroztik, osagai identitario-subiranistak pisua eduki izan du EAEko hauteskundeetan EAJren programetan eta ondorengo gobernu jardueretan, eta bakegintzak ere ukan du lekurik: Major Oreja dator-en (604.000 boto), Ibarretxe Plana, Kontsulta Legea… Duela lau urteko hauteskundeetan, eta jadanik erabat Urkulluren gidaritzapean zela —EBBko buru eta Jaurlaritzako lehendakarigai zen Urkullu aldi berean—, artean Ibarretxeren aroko arrastoak zituen. Transatlantikoak biratzean hartua zuen bidea sakondu du EAJk urteotan. PSE hartu du lehentasunezko aliatu, eta, duela urtebetetik, gobernu bazkide dira udal nagusietan eta diputazioetan. Ardanzaren garaitik, ez zen egon EAJ-PSE aliantzarik. Eroso dago EAJ, lasai. Instituzioetako gobernuetatik kanpo ez du ikusten bera ez legokeen aliantza estrategikorik, eta subiranista sutsuenak prozesu baterako baldintzarik gabe daude oraindik. Ortuzarrek esandakoa egingo du EBBk: “Edozein akordio onartuko dugu, nahiz eta gure interesen kontrakoa izan, baldin eta erakunde bati gobernabide berme handiagoa ematen badio”.♦
Kategoria: BERRIAko analisiak (Page 9 of 15)
BERRIA egunkariko Politika sailean argitaratutako analisiak dira.
BERRIAko analisiaren (2016-9-8) laburpena: 2012an kanpainako egitarauan, eta gero gobernu programan, bakegintza hiru lehentasunen artean sartu zuen Urkulluk. Orain ez. Otegiren inhabilitaziori Urkulluk eta EAJk emandako erantzuna ere hotza izan da, axolagabea bezala. Ez dira detaileak; egitate gordinak baizik. Urrian, 5 urte Aietekotik. Bilduren legeztatzean Urkullu eta EAJ busti zen; publikoa da hori. Aldiz, Sabin Etxeak gero eta argiago ikusten du euskal presoena ezker abertzalearen arazoa dela, Otegiren auzia den bezala. Gatazkaren ondorioen impasse-aren ondorioa da egoerak ezker abertzalea kolpatzen duela, eta denbora badoala, badoanez. Ikusteko dago etor daitezkeen mugimenduek zenbateraino jartzen duten gaia agendan.♦
BERRIAko artikulu analitikoaren (2016-7-31) laburpena: EAJ sendo dago instituzionalki eta hauteskunde emaitza aldetik. Ia beti bezala. Gainera, normalez, Eusko Legebiltzarrerakoak dira haren hauteskundeak. Nahiz eta legealdirako agindutakoak gabeziak dituen, iritzi publikoaren pertzepzioa da hemen Espainian baino hobeto bizi dela jendea, eta hori da EAJren helduleku nagusietakoa. EH Bilduk Otegi dauka. Bi erreskate egin nahi ditu hark: nazionala –subiranotasuna– eta soziala. Mantaren adibidearekin topa daiteke: bularraldera eramanez gero, hankak airean; eta alderantziz. Oreka topatu behar. Babes txikiagoa jasota ere, duela lau urte bezala bigarren geratzea ontzat joko luke EH Bilduk. PSEk berriro behera egingo dutela dirudi, baina bozen ostean berriz ere EAJk bota diezaioke esku bat. Beheraka doan beste indar unionista bat da PP, baina Lopezen garaian bezala, erabakigarria izan daiteke inbestidurarako, betiere EH Bildu eta Elkarrekin Ahal Dugu gehiago badira EAJ eta PSE baino. Elkarrekin Ahal Dugu indartsu sartuko da Eusko Legebiltzarrean; zenbat aulkirekin, ordea?♦
BERRIAko analisiaren (2016-7-21) laburpena: Ustekabea izan da EAEko Ahal Dugu-ko zuzendaritzak Pili Zabala ateratzea primarioetarako lehendakarigai modura. Orain arte jendaurrean lan eremu edo diskurtso bakarra izan du, GALen biktima Joxi Zabalaren arreba izaki: “estatu terrorismoaren” salaketa, eta biktima guztien aitortza ere bai. Orain, langabeziaz, energiaz, hizkuntza politikaz, azpiegiturez eta abarrez ere hitz egitea tokatuko zaio. Iritzi publikoak ez du horrekin lotzen, eta sinesgarri izateko ariketa bat du aurrean hark. Dena den, oraindik Podemos ideia edo marka bat da, eta haren, Madrilgo liderren eta balizko lausotasun programatikoaren babesean eroso aritzeko aukerak izan ditzake; erretorika ona dauka, gainera. Hartxintxarren artean, bat: Nagua Albaren taldeak irmo dio EAJ kendu nahi dutela Jaurlaritzatik, bestelako politika bat izateko. Zabalak urteotan hango Bake eta Bizikidetza Idazkaritzarekin nahikoa harreman estua izan du, eta arraro egin liteke hari ere Albaren-eta diskurtsoa entzutea. Hor doa, baina. Eta ezker abertzaleak bere artean pentsatuko du noraino iristen zaion Ahal Dugu.♦
BERRIAko analisiaren (2016-7-10) laburpena: EAJk eta ezker abertzaleak gerra dialektiko handia dute, baina ez orain bakarrik, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen atariko honetan; hamarkadetakoa da liskarra. 2011ko urritik euskal politikagintzaren egoerak hobera egin arren, haien arteko giroa ez da hobetu gatazkaren ondorioak konpontzeko arloan, behintzat. Euskal instituzioek, ezker abertzaleak eta mugimendu sozialek presoen auzia konpontzeko norabide bera hartu ezean —horrek ez du esan nahi beti batera aritu behar direnik—, nekez egingo da aurrera. Orain artekoak erakusten du etorkizuneko lanketak desberdina izatea eskatzen duela. Iazko urrian, “bake prozesua une larrian” zegoela esanda, HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldeak zioen Madril eta ETA mugitzeko “lehentasunezkoa” dela EAJ eta Sortu ados jartzea. Handia litzateke HNTk etsitzea hemengo eta ez Madrilgo borondateagatik.♦
BERRIAko artikulu analitikoaren (2016-6-28) laburpena: PPk lehen baino bide zabalagoa du Espainiako Estatuan agintzen jarraitzeko. Zein da alderdi abertzaleen egitekoa Madrilen? Edo hara begira? Eta, batik bat, etxean bertan?Badute lanik haiek, eta Elkarrekin Ahal Dugu-k. EAJk jokorako aukerarik gabe segituko du Madrilen, antza. Normalki, haren bidez lortu izan dira EAErako eskumenak, baina 2011tik ez da batere jaso. Egoera hori kontuan hartuz, EAJk 2012an Eusko Legebiltzarrerako kanpainan aldarrikatu zuen “estatus politiko berria” behar duela EAEk. Legealdi honetan ez du galdeketarik antolatu horretaz. Haren egiteko handi bat da. EH nora ezean bezala agertu da berriro. Abenduan, erabakitzeko eskubidea zeukan aldarri nagusi, eta, orain, alor soziala. Ezker abertzaleak, historian, gatazka konpontzeko saio edo garaietan lortu ditu emaitzarik onenak. Emaitzak hobetzen hasteko premia du EH Bilduk, eta garrantzia du haren estrategia hautuak. Elkarrekin Ahal Dugu-k EAEn %29 lortu du. Udazkenean zenbateraino eutsiko dion, horixe dago ikusteko. Aurretik badu etxeko lanik: lehendakarigaia aurkitzea eta programa sendo bat osatzea, euskal osagai jakin batzuen argibideekin. Eroso bizi da Madrilgo zuzendaritzaren anparoan. Nafarroan aldaketa zintzilik al da? Aldaketaren indarrek badute zer pentsatua: programan azeleragailua zapaldu ala ez, foru hobekuntza egokitzeko proiektua lozorrotik atera edo ez, nola egonkortu edo sendotu aldaketa.♦
BERRIAko artikulua analitikoaren (2016-6-27) laburpena: Joan den abendukoekin alderatuz gero, Hego Euskal Herrian mapa ez da kasik aldatu Espainiako Gorteetarako atzoko hauteskundeeetan: Elkarrekin Ahal Dugu izan da lehen indarra botoetan, eta orain diputatuetan ere bai —elkarrekin aurkeztu dira Ahal Dugu-Equo eta Orain Batera—, eta erkiegoetan, azterketa baterako betiere boz autonomikoak ikusmiran izanik, EAEn EAJ nahikoa ongi kokatua dago, eta UPN-PP ere bai Nafarroan –foru erkidegoan bestelako aldaketa bat erdiesteko–. EH Bildu Espainiako bozetan toki bat egin ezinda dabil, eta, areago, EAEko iazko udal eta foru hauteskundeetako kolpetik oraindik osatu gabe. Abertzaleak Madrilen eragiteko ahalmenik gabe geratu dira berriz ere.♦




Azken iruzkinak