BERRIAko analisiaren (2016-6-19) laburpena: EAEn, 1977tik aurrerako hauteskundeetan, nagusi azaldu izan da EAJ. Baina, tarteka, sufritu izan du, batez ere Espainiako Kongresurako bozetan, era batera edo bestera —edo bietara— sei aldiz ez baita aurrena geratu. Okerren 1980ko hamarkadaren bigarren partean egon da EAJ; batik bat, 1986an, eta arrazoi nagusia alderdiaren krisia izan zen. Sabin Etxean jakin edo asmatu izan dute ezbeharretatik osatzen. Baina orain, sei hilabetera EAEn berriro Ahal Dugu nagusitzeak joera bat adieraz dezake bertako hurrengo hauteskundeetarako. Eta hurrengoak laster izango dira erkidegoan: udazkenean, Eusko Legebiltzarrerakoak. EAJren hitzordu nagusia da hori, baina alderdi krisiaz geroztik botere instituzional handiena duen honetan Kongresurako bozetan berriro galtzea emaitza koiunturala baino gehiago da. Horrek ez du esan nahi udazkenekoak galdu egingo dituenik. Berez, arrunt hauteskunde desberdinak dira, eta EAJk badu tradizio bat. Baina indartsu sartuko da Ahal Dugu, eta EH Bilduren Otegi efektua ere kontatu behar da. Ikusiko da zer batura egin ahalko diren, eta EAJren egungo bazkide PSE-EE Espainiako emaitzek abaildua denentz. Oraingoz, gaur zortzikoari begiratu beharko, garrantzia udazkenekoek dutela kontuan hartuta.♦
Kategoria: BERRIAko analisiak (Page 10 of 15)
BERRIA egunkariko Politika sailean argitaratutako analisiak dira.
BERRIAko analisiaren (2016-6-7) laburpena: Ona al da %29,3ko parte hartzea, ala ez? Euskal Herriaren estatusaz galdeketa sorta bat antolatu eta jendeak parte hartu izana da garrantzitsua. Dena dela, parte hartze datuetan izan dira ahulezia batzuk; batik bat, Goierriko bost udalerri handienetan. Parte hartzea bultzatzeko modu zuzenagoak hobeto edo gehiago landu dituzte batzuek, eta emaitzetan ikusi ahal izan da. Burujabetza ariketa dira galdeketak. Parte hartzea, berriz, galdeketa bat baino gehiago da, une jakin batean erabakia adieraztea baino gehiago, gertakari bat baino gehiago, eta oraindik lan handia dago egiteko euskal gizartean; dela lan munduan, dela instituzioetan… Ardurak-eta errespetatuz, horizontaltasuna lantzea eskatzen du, burujabetzaren bidean ere kultura politikoan sakontzeko, estatusari buruzko galdeketetan botoa ematea ez egiteko arraro. Hori da galdeketa hauen balio nagusietakoa: horizontaltasuna.♦
BERRIAko analisiaren (2016-6-4) laburpena: Gipuzkoako Batzar Nagusiek, EAJren eta EH Bilduren botoekin, erabakitzeko eskubidearen eta biharko herri galdeketen aldeko ebazpen bat onartu izana aurrerapausotzat jo daiteke burujabetzaren bidean. Elkarrekin osatu zuten ebazpena. Dena dela, abertzaletasunaren bi eremu soziologikoetako ordezkari politikoek lehen ere urratu izan dute biderik, eta ez da emaitzarik izan. Sare sozialetan berriki Arnaldo Otegi ikusi dugu Joseba Sarrionandiaren Lapur banden etika ala politika leitzen. Idazleak dio “komunitate batek, elkartasun minimo bat mantendu nahi badu, hitzak konpartitu” behar dituela. Euskal abertzaleen komunitateko bi indar politiko nagusiek sikiera hitzak partekatu dituzte ebazpen haietan. Baina, oraingoz, ez daude gehiagorako. Ikuspuntu desberdinak dituzte; adibidez, Madrilek ezezkoa ematen duen kasurako. Herri ekimenari bidea egiten uztea dagokie, eta giroa ez lardaskatzea. Sortu da atmosfera hori orain, herri galdeketekin.♦
BERRIAko analisiaren (2016-5-15) laburpena: Lizarran udalek 1931n Hegoaldeko automomia estatutua onartu zutenetik, alor politiko-instituzionalean ez da lauko lurralde batasun formalera begira ia ezer egin. Nafarroako aldaketaren parlamentuak ez du aktibatuko Espainiako Konstituzioko aldi baterako laugarren xedapena, baina bada beste formularik lurralde batasuna eta lankidetza euskal instituzioetatik urratzeko. Urkulluk eta Barkosek, zuhurtziaz baina burutsu jokatuz, lankidetza protokoloari heldu diote. Jokoa emango du. Ordea, hamarkadetako haustura administratiboak kalte mentala ere eragin du, tenperatura jaitsiz, eta, aliantza politiko-instituzionalak josten segitzeaz gain, lantzeko daude kohesiorako diskurtso eta praktika ausartagoak. Horretarako, herri batek behar du gizarte antolatua ere, zaindua —ez kontrolatua—. Batasuna ez baita formala bakarrik.♦
BERRIAko analisiaren (2016-5-5) laburpena: Euskararen berreskurapenean gertatu dira aurrerapausoak, baina han-hemenka eguneroko ogi dira urraketa, axolagabekeria eta bazterkeria larriak. Eta apusturik eza dator, antza. Fokua mugitu ere egin daiteke, eta mugituz gero antzeman ahal da gaur-gaurkoz euskalgintzak –oro har hitz eginda– ez duela egoera iraultzeko edo aldatzeko gaitasunik, eta, areago, ez duela dialektika bat sortzeko borondaterik. Euskaldunen nerbioa ere ahul ageri da. Ez deskuidatzeko: euskal estatua nahi duten euskaltzaleen artean ez da ezbaian jartzen XXI. mendeko estrategia independentistan nortasun osagaiez gain ongizateari edota demokraziari buruzkoak sartu behar direla. Ordea, lapikoan euskara ere sartuta, eta ardatzean jarrita. Euskal Herrian gara. Baina euskalgintza, dagoen moduan egonda, estatugintzan eragin nahian hasten bada, kaskarrekoarekin atera daiteke. Egin dira estatugintzaz teorizazio batzuk, baina ez da indarrik ikusten hori aurrera eramateko. Agian, euskalgintzari tarte bat hartzeko garaia heldu zaio jarreraz eta proiektuaz hausnartzeko.♦
BERRIAko analisiaren (2016-4-9) laburpena: Harrigarria Urkulluk EAEko hauteskundeak Espainiakoekin batera jartzea baztertu ez izana, Jaurlaritzaren hiru ardatz programatikoetatik bi bakegintza eta erkidegorako estatus politiko berria izanik. Orain arteko bozak kontuan hartu, eta ikusten da EAEkoetan talde abertzaleek Espainiakoetan baino emaitza hobeak lortzen dituztela. Urkullu lehendakariaren esku dago deialdia, data. EAJk legealdi honetan lehentasunezko harremana du PSE unionistarekin, baina horrek ez dio onurarik ekarri bakegintzan eta estatus politiko berrian. Eta PSEk aulki gehiago lituzke bi hauteskundeak egun berean balira, bestela baino. Arraizek, aurrerapenak euren estrategiari mesederik egingo ez liokeela aipatzeke baina hain segur hori gogoan duela, Urkulluri eskatu dio ez ditzala bozak Espainiakoekin batera jarri, eta noiz izango diren oraintxe argitzea ere galdegin dio. Logikoa da azken eskaera ere, Urkulluk ezegonkortasun edo ez-ziurtasun egoera bat sortu baitu aurrerapenarena botata. Gainera, besteek ez bezala, EAJk jakin dezake noiz izango diren EAEko hauteskundeak, eta hori abantailarekin jokatzea da.♦
BERRIAko analisiaren (2016-3-1) laburpena: Kanpoan da Arnaldo Otegi, libre, sei urte eta erdiko zigorra bete ondoren. 2008an Martutenetik atera zenean baino lan samurragoa dauka. Orduan, ezker abertzaleak hasteke zeukan estrategia politiko-militarretik estrategia politikora pasatzeko barne eztabaida. Logroñoko espetxe atarian egindako hitzaldi laburrean, unerako hautatutako eleak izan ditu –etorkinak, etxe desjabetzeak, preso sozialak, preso politikoak, independentzia…–, eta bukaeran: “Lehendakaririk onena, herria”. Horretarako, baina, mentalitate aldaketaren premian dira politikagintzan, kontzeptualizaziotik haratago doana. Funtsean, subiranistek badute zeregin bat: nola osatu, mugimendu nazionalista izan ondotik, mugimendu nazional bat. Horra bidean dena ezin(go) duenez batera egin, EH Bilduri laster tokatuko zaio EAEn, Otegi “animalia politikoarekin” –Jesus Egigurenen hitzak dira–, alor politiko-instituzionalean hautu jakina egin eta konpasa alde batera (Ahal Dugu) edo bestera (EAJ) mugitzea, markatutako esparruarekin bide bat saiatzeko. Eta garaia helduta, gontz funtzioa betez. Zehaztasun ikur ere badira konpasak.♦




Azken iruzkinak