Gure Esku Dago-ren bazkidetzari buruzko artikuluaren barruan BERRIAn atera dugu Katalunian prozesu politikoaren momentuak garrantzia duela haren aldeko herri dinamiken babes soziala handitzean. Haien artean, Omnium Cultural-ena, prozesuan protagonismoa duenetik bikoiztu egin baitu bazkide kopurua: 2010 bukaeran 23.737 zituen, eta iazko azaroan, 54.200 (Omnium-en bazkidetza taula). Esanguratsua izan zen Muriel Casals zenak 2013ko irailean BERRIAko elkarrizketan emandako mezua —hura zen Omnium-eko presidentea orduan—: “Gure kasuan ere, independentzia nahia hor zegoen lehendik ere, baina gordea. 2012ko udazkenean atera ginen armairutik, Gramaneteko Santa Coloman egin genuen ekitaldi batean. Orduan, jendaurrean esan genuen independentziaren alde lan eginen genuela, eta, zorionez, ordutik ez digu kide bakar batek ere alde egin; alderantziz, erakundearen bazkide sortzaileek begi onez ikusi dute aldaketa. Guretzat urrats naturala izan da: Kataluniako hizkuntzaren eta kulturaren alde lanean diharduen entitate batek helburu horiek bermatuko dituen aukeraren alde egin behar du beti; eta kasu honetan, independentzia da gure hizkuntza eta kultura bermatzeko biderik zuzenena”.
Prozesurako ere, zer behar da lehenago: oiloa ala arrautza?♦






Azken iruzkinak