Bat-bateko geldialdi ekonomikoak hainbat ondorio kaltegarri eragin ditu

  • 483 hitz
  • Albistea entzun

Pandemia deklaratu zutenean, 2020ko martxoan, krisi bat hasi zen Euskal Herrian eta munduko herrialde gehienetan, jarduera ekonomikoa geratzeko erabaki politiko kontzientearen ondorioz. Oraindik amaitu ez den beste krisi ekonomiko bat ekarriko du horrek hainbat urtez, eta, okerragoa dena, ondorio kaltegarriak jasanaraziko. 

Ekonomia fakultate batean irakasle batek ikasleei proposatutako ariketa bat izan zitekeen:  zer gertatuko litzateke bat-batean ekonomia geratuko balitz? Zer gertatuko litzateke fabriketako makinak geratuko balira, bulegoetako ordenagailuak itzali, dendak eta tabernak itxi, eskolak hustu, kamioiak garajean utziko balira...? Esaldi bakar batekin esplika daiteke zer gertatzen den jarduera ekonomikoa geratzen denean: krisi bat sortzen da.

Oraingo honetan, gainera, krisi horrek badu berezi egiten duen ezaugarri bat: nahita eragindakoa izan dela. Kalte egingo zuela jakinda hartutako erabaki politiko batek piztu zuen krisi ekonomikoa, osasunari lehentasuna eman baitzitzaion, arrazoi soilik ekonomikoen kaltetan. 

Denborarekin ikusi da, gainera, zentzu gutxi duela ekonomia eta osasuna kontrajartzeak, biak ala biak lotuta daudelako.

Inoiz ikusi gabeko amiltzea BPGan

Barne produktu gordinak erakutsi du zenbaterainokoa izan den jarduera ekonomikoaren beheraldia: historikoa. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %9,5 apaldu zen iaz BPGa, eta %8,3 Nafarroan. 36ko gerraz geroztik ikusi gabeko kopuruak dira, eta Europako kaskarrenetakoak —nagusiki turismoaz bizi diren lurraldeek izan dituzte okerrenak—.

Baina, aldi berean, ekonomiak erakutsi zuen baduela erreboterako gaitasuna: udaberri itxi batean galdutakoaren zati bat berreskuratu ahal izan zuen udan, gerrikoa —edo maskara— pixka bat lasaitu zuenean.

Langabezia gora, afiliazioak behera

Atzeraldi Handiak irekitako zauri sakonak itxi gabe zeudela iritsi zen krisia Euskal Herriko lan merkatura: langabezia tasa handia, behin-behinekotasuna zabal-zabal —gazteen eta emakumeen artean nagusiki—, eta sektore gero eta gehiagoren prekarizazio ia erabatekoa. 

Krisiak ez du ezer egin arazo horiek konpontzeko; are gehiago, kalte handiagoa egin die aurretik ere okerren zeudenei. Datu hutsei erreparatuz gero, egia da iragarpen ezkorrenak ez zirela bete, baina horrek ez dio larritasunik kentzen egoerari. Gaindegiaren arabera, Euskal Herri osoan 17.500 langabe batu ditu 2020. urteak, eta jada hamar langiletik bat dago lanik gabe, kopururik handiena 2017az geroztik.


Zenbaki okerragoak ematen dituzte enplegu bulegoek: 2021eko otsailean 172.000 lagun zeuden lanik gabe Hego Euskal Herrian, urtebete lehenago baino 22.000 gehiago. Gizarte Segurantzak, berriz, 25.000 kotizatzaile galdu ditu azken urtean.

Zenbaki txarragoak izango ziren baldin eta ez balira erruz erabili kontratuak aldi baterako eteteko tresnak: lanaldi partzialak Iparraldean, eta enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak Hegoaldean. Itxialdiaren garairik latzenean, 230.000 langile egon ziren egoera horretan Hegoaldean, ia lautik bat. Otsailean, oraindik 46.600 zeuden lanera itzuli ezinik.

Aeronautikaren lurreratze gogorra

Kaleratze masiboek ez zuten etenik izan Euskal Herrian. Zaratarik handiena Siemens Gamesaren erabakiak eragin zuen, Agoizko lantegia itxi baitzuen udan, eta 239 langile kalean utzi. Beste multinazional batzuek, bertakoak horiek ere, itxieraren sirena jo zuten. Lantaldea asko urritu dute beste batzuek —Tubacexek, esaterako—, baina sektore batek eragin ditu titulu gehien: aeronautikak.

Bidaiatzeko mugek %70 murriztu dituzte bidaiariak Euskal Herriko aireportuetan, eta zerua pixka bat garbitu dute.

Baina, aldi berean, kolpe latza izan dira hegazkinen osagaiak egiten dituen euskal industria indartsuarentzat, eta, protesta artean, erreskadan iritsi dira kaleratzeak Alestisen, ITPn, Lauak-en, Aernnovan, MTorresen...

Industriaren arazoen berri ematen duten bi indizek jaitsiera handiak izan dituzte: industriaren jarduera %13 inguru txikitu da, eta %16,4 urritu dira esportazioak, euskal ekonomiaren sustraietako bat.


Sozializazio debekatuaren aroa

Sektore ekonomiko gehienek sufritu dute pandemiari aurre egiteko hartutako neurrien eragina, baina gutxik ostalaritzak eta turismoak bezainbeste. Ixten lehenak izan ziren tabernak eta jatetxeak, eta egoera normal batera itzultzen azkenak izango dira. Ostatu askok ez diote buelta emango kolpeari, eta beste hainbeste gertatuko da turismoarekin lotutako beste negozio askorekin ere.

Geratutako kontsumoaren esperoan

Txertoek COVID-19aren hedapena geldiarazten dutenean ekonomiak susperraldi handi bat izango duela kalkulatzen ari dira iragarle guztiak; besteak beste, azken urtean egin gabeko gastu batzuk egiteko irrikan izango direlako horretarako egoera ekonomikoan dauden herritarrak. Kontsumoa baita ekonomia kapitalista modernoen motor nagusia. 

Etxebizitzen salmentak, esaterako, sei urte iraun duen goranzko joera bat eten du, %17,2ko jaitsi baita Hegoaldean.

Kolpea handiagoa izan da familien gasturik handienetan bigarrena den horretan, autoen erosketan: %24,5 urritu dira matrikulazioak Hego Euskal Herrian, erakunde publikoak haien erosketa laguntzen aritu diren arren.


Jatorrizko artikuluak