Aberatsen eta txiroen arteko arrakala handitu du COVID-19ak

  • 448 hitz
  • Albistea entzun

Izurriaren ondorioz, aberatsen eta txiroen arteko arrakala handitu egin da. Munduko hamar dirudun handienek pandemiaren aurretik halako bi dute; aldiz, munduko gainerako herritarren diru sarrerak nabarmen apaldu dira. Pandemian pilatutako irabazien gaineko zergak onartzeko eskatu die herrialde aberatsenei Oxfam International erakundeak.


Aberatsak are aberatsago, eta pobreak are pobreago: pandemiak utzi duen beste albo kalteetako bat da hori. Hala berretsi du Oxfam International gobernuz kanpoko erakundeak, desberdintasunari buruz egiten duen urteroko txostenean. Izan ere, munduko hamar aberatsenek bikoiztu egin dituzte beren aberastasunak azken bi urte hauetan.

Oxfamen arabera, hamar dirudun handienek 700.000 milioi dolarreko jabetza zuten izurria iritsi aurretik, eta 1,5 bilioi dolarrekoa dute orain. Munduko aberats handienen jabetza ere 5 bilioi handiagoa da orain. Aldiz, munduko gainerako herritarren diru sarrerak nabarmen apaldu dira.

Forbes aldizkariaren arabera, Elon Musk, Jeff Bezos, Bernard Arnault eta haren familia, Bill Gates, Larry Ellison, Larry Page, Sergey Brin, Mark Zuckerberg, Steve Ballmer eta Warren Buffet ziren munduko aberatsenak. 2020ko martxoaz geroztik, 821.000 milioi handitu dute beren jabetza.

'Desberdintasunak hil egiten du’

Oxfamen arabera, 21.000 pertsona hiltzen dira egunero desberdintasun ekonomiko eta sozialen ondorioz. Gordinago esanda; pertsona bat hiltzen da lau segundotik behin osasungintzarako sarbiderik ez izateagatik, edota indarkeria matxistaren, gosearen edo krisi klimatikoaren eraginpean egoteagatik.

Pobreziak emakume aurpegia du, Oxfamek gogorarazi duenez. Izan ere, gobernuz kanpoko erakundearen arabera, 252 gizonek mila milioi emakumek baino gehiago irabazten dute Afrikan, Latinoamerikan eta Kariben. Gizonen eta emakumeen arteko arrakala hori ere larriagotu egin du izurriak, pandemiaren ondorioz emakumeek 800.000 milioi dolar galdu baitzituzten diru sarreretan 2020an bakarrik. Gainera, izurriaren aurretik baino 13 milioi andre gutxiago daude lanean orain.

Izurriaren aurretik baino 13 milioi andre gutxiago daude lanean orain.

Emakumeei ez ezik, COVID-19ak kalte handiagoa egin die gutxiengo etnietako pertsonei ere. Eta hainbat adibide jarri ditu hori ikusarazteko: Bangladeshko jatorria duten eta Erresuma Batuan bizi diren emakumeek, adibidez, gaitzak jota hiltzeko duten arriskua bost aldiz handiagoa da gainerako herritarrekin alderatuz gero. Brasilen ere, gaixotasunaren ondorioz hiltzeko beltzek duten arriskua 1,5 handiagoa da zuriekin alderatuta. «Eta 3,4 milioi afro-amerikar bizirik leudeke haien bizi itxaropena zuriena bezalakoa balitz».

«3,4 milioi afro-amerikar bizirik leudeke haien bizi itxaropena zuriena bezalakoa balitz».

Oxfam International

Zergak igo aberatsenei

Koronabirusari aurre egiteko neurriak kostu handia izan dira gobernuentzat, baina Oxfamek adierazi du herrialde garatuek ez dituztela errenta handienen zergak igo kostu gehigarri hori estaltzeko. Eta gogorarazi du, halaber, sektore pribatuen esku utzi dituztela ondasun publikoak; besteak beste, txertoen teknologiari dagozkienak. Monopolioak sustatu dituztela ere salatu du.

Horregatik, gobernuei eskatu die jabetza intelektualaren arauak malgutzeko, herrialde gehiagok izan dezaten txertoa garatzeko eta ekoizteko gaitasuna. Pandemian pilatutako irabazien gaineko zergak onartzeko ere eskatu die herrialderik aberatsenei. Eta proposatu die diru sarrera horiek osasun publikoan eta gizarte segurantzan inbertitzea, bai eta klima aldaketaren eta arrazakeriaren aurkako borrokan eta indarkeria matxistaren prebentzioan ere.

Gobernuei eskatu die jabetza intelektualaren arauak malgutzeko, herrialde gehiagok izan dezaten txertoa garatzeko eta ekoizteko gaitasuna. 

«Ez dago diru eskasiarik», azpimarratu du Gabriela Bucher Oxfameko zuzendariak. «Porrot egin duen eta hilgarria den muturreko neoliberalismo horren alkandora hertsagarricloseItogarri.tik askatzeko behar diren adorea eta irudimena: horrexena dago eskasia», salatu du.


Jatorrizko artikuluak