Atzerritik Euskal Herrira iritsi berri diren ikasleak euskaran murgiltzeko zerbitzua da Eusle, Eusko Jaurlaritzak eskola publikoetan martxan jarritakoa. 60 ikaslerekin hasi zen 2019-2020ko ikasturtean, eta 2.300 dira orain. Haietako batean egon da BERRIA.
Lau ikastetxe hasi ziren Eusle programa erabiltzen 2019-2020 ikasturtean, eta 133 iritsi dira aurten. Lehen Hezkuntzako (LH) laugarren, bosgarren eta seigarren mailako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) lehenengo eta bigarren mailako ikasleentzat sortutako zerbitzua da, kanpotik heldu diren ikasleak euskaran murgiltzeko. Gutxienez, A2 mailacloseHizkuntzen ezagutzaren oinarrizko maila. lortzea da helburua.
Horretarako, aparteko gela batzuetan hartzen dituzte, eta egunean bi edo hiru ordu ematen dituzte euskarazko eskolak ematen. Bizpahiru urtez parte hartzen dute eskola horietan. Pili Loredo irakasle aritzen da gela horietako batean, Albiz eskola publikoan, Sestaon (Bizkaia).
9:15ak aldera hasi dira gelara sartzen Mohamed, Natasha, Moises... Bakoitza bere aulkian eserita, norbere aurkezpena egiteko eskatu die Loredok. Mohamedek azaldu du bere bidaia nolakoa izan zen: Marokotik Santanderrera (Espainia) heldu zen lehenik, handik Gasteizera gero, eta azkenean, Sestaora. Iaz iritsi zen bertara, ikasturtea hasita zegoela. Ohiko egoera da. Juan aurten iritsi da, duela hiru hilabete, Kolonbiatik. Klasean giro ona badute ere «bidaia gogorrak» izan dituztela nabarmendu du irakasleak. «Juanen kasuan, bere ama lehenago iritsi zen, eta bi edo hiru urte egon zen semea ikusi gabe... Horrelako istorioak daude, eta, batzuetan, horri buruz ere hitz egiten dugu».
Alor guztiak lantzen dituzte, baina indar berezia jartzen dute ahozkotasunean. «Hizkuntzaren alderdi guztiak lantzen ditugu: entzumena, idazmena... baina garrantzirik handiena ahozkoari eta ulermenari ematen diegu». Ez da gauza bera Marokotik, Venezuelatik, Ekuadorretik edo Ghanatik etorri berri den ikasle bat zuzenean gela arrunt batera joatea edo Eusle gelan ere aritzea.
Guztien eginahalak bere fruituak ematen ditu. «Eskolako beste ikasle batzuek baino hobeto eta zuzenago hitz egiten dute», dio Loredok. Euslek egiten duen lana eskertzen dute tutoreek ere, oso frustragarria izan daitekeelako ikasturtea bideratuta eta gela osatuta dagoenean beste ikasle bat jasotzea, euskaraz ez dakiena. Euslek ate bat irekitzen die umeei, euskaran murgiltzeko. «Gero gelara bueltatzen dira, eta ulertzen dute, behintzat», azaldu du Loredok.
Eskolan ez ezik, euskara kalean entzun dezatela ere badu xede Loredok. Ideia bat dabilkio buruan, Baionara ikasketa bidaia bat antolatzea. Gurasoekin ari da horretaz hizketan, eta batzuek baietz esan diote. Familietan euskararekiko jakin-minacloseInteresa, ezagutzeko gogoa. sustatzen ere saiatzen dira Eusle programako irakasleak, erakusten zergatik den garrantzitsua gela horietara joatea. Euslek oinarri bat ematen die ikasleei euskaraz ikasten jarraitzeko. «Eusle aukera galanta da; uste dut zortea izan dutela».
Jatorrizko artikuluak
-
Helduleku bat, euskararen eusle izateko
Irati Urdalleta Lete |
|