Helduleku bat, euskararen eusle izateko

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak martxan du Eusle proiektua 133 ikastetxe publikotan, besteak beste Sestaoko Albizen. Ikasle etorri berriek euskara azkarrago eta hobeto ikastea da egitasmoaren helburua.

Haurrak eta Pili Loredo irakaslea Eusle gelan, Sestaoko Albiz eskolan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Haurrak eta Pili Loredo irakaslea Eusle gelan, Sestaoko Albiz eskolan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
SESTAO
2025eko azaroaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Umeak banan-banan ari dira ikasgelara sartzen. «Egun on, Mohamed. Zer nahi duzu: besarkada ala bostekoa?». Besarkada eskatu du. «Egun on, Natasha. Zer nahi duzu?». Elkar besarkatu dute. Pili Loredok Eusle gelako atean agurtzen ditu bere hamabi ikasleak. Albiz eskola publikoan daude, Sestaon (Bizkaia).

09:15 dira, eta eskolak hasteko garaia da. Baina Albiz ikastetxeko zenbait ikasle ez dira gela arruntera joango, Eusle gelara baizik. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak propio ikasle etorri berrientzat ondutako programa da Eusle; haren bidez, eskola umeek aparteko geletan pasatzen dituzte ordu batzuk, beren-beregi euskara lantzeko. 2019-2020ko ikasturtean hasi zuten programa, lau ikastetxe publikotako 60 ikaslerekin, eta etengabe ari da hedatzen: 2025-2026ko ikasturtean, 2.300 ikasle eta 133 ikastetxe publiko ari dira parte hartzen.

Eseri da bakoitza bere aulkian, eta zutik dago Loredo. Ikasleei eskatu die nork bere burua aurkezteko. Mohamed hasi da: «Ni Mohamed naiz. Ni Sestaon bizi naiz, baina Marokokoa naiz. 12 urte ditut, eta niri futbola izugarri gustatzen zait. Nire bidaia hau izan zen: Marokotik Santanderrera, Santanderretik Gasteizera, eta Gasteizetik Sestaora autobusean etorri nintzen». Iaz iritsi zen Sestaora, jada ikasturtea hasita zegoela, eta ikasleaz harro mintzo da Loredo: «Euskaraz hitz egitea pila bat gustatzen zaio». Juan da Loredoren gelan sartu den azken ikaslea; orain hiru hilabete iritsi zen. «Ni Juan naiz. Kolonbiakoa naiz, baina Sestaon bizi naiz. 10 urte ditut. Brokolia ez zait gustatzen, eta bandeja paisa gustatzen zait». Moises hasi da hizketan segidan: «Ni Moises naiz, Sestaon bizi naiz, baina Venezuelakoa naiz. 12 urte ditut. Futbola izugarri gustatzen zait, baina erremolatxa eta brokolia ez zaizkit batere gustatzen. Nire bidaia izan zen: Maracaibora kotxez, Maracaibotik Caracasera hegazkinez, Caracasetik Istanbulera hegazkinez, eta Istanbuletik Bilbora».

«Bizitza ez da erraza»

Loredo ikasleei begira dago: «Bizitza ez da erraza. Hau oso polita da, oso ongi pasatzen dugu, baina bizitza eta bidaia gogorrak izan dituzte». Ikasleen bizipenak ez baitira nolanahikoak. «Juanen kasuan, bere ama lehenago etorri zen, eta bi edo hiru urtean egon zen semeak ikusi gabe; Chelsea, berriz, amarekin etorri zen, eta aita han geratu zen. Horrelako istorioak badaude, eta, batzuetan, horri buruz ere hitz egiten dugu hemen».

«Hau [Eusle gela] oso polita da, oso ongi pasatzen dugu, baina bizitza eta bidaia gogorrak izan dituzte»

PILI LOREDO Eusle gelako irakaslea

Eskolarekin jarraitu dute. «Nor da makinista gaur?», galdetu du Loredok. Eta berehala erantzun diote aho batez: «David». Kantuan hasi dira: «Makinista, makinista, makinista nor da gaur? Makinista, makinista David da gaur». David atera da guztien aurrera, eta galdezka hasi da: «Isaias etorri da?». Eta erantzun dio: «Bai, etorri naiz, hemen nago». Eta atzetik guztiak: Juan Esteban, Bryan, Moises, Natasha... Hilabeteak eta asteko egunak lantzen hasi dira segituan. «David, zein egun da gaur?». Osteguna ote den zalantza egin du. «Osteguna al da gaur?», esan dio irakasleak. Ikasleak erantzun: «Ez, ez, ostirala da». Eta kantuan jarraitu dute: «Urtarrila lehenengo, bigarren otsaila, hirugarren martxoa...».

Izan ere, ahozkotasuna lantzen dute batez ere, Loredoren esanetan: «Hizkuntzaren alderdi guztiak lantzen ditugu: entzumena, idazmena... baina garrantzirik handiena ahozkoari eta ulermenari ematen diegu». Guztien eginahala ari da fruituak ematen: «Eskolako beste ikasle batzuek baino hobeto eta zuzenago hitz egiten dute. Jakin behar da izenondoa zer den, aditzondoa zer den... Baina ez badakizu komunikatzen, zertarako nahi duzu hizkuntza?». 

«Hizkuntzaren alderdi guztiak lantzen ditugu, baina garrantzirik handiena ulermenari eta ahozkoari ematen diegu»

PILI LOREDO Eusle gelako irakaslea

Ez da gauza bera Marokotik, Venezuelatik, Ekuadorretik edo Ghanatik etorri berri den ikasle bat zuzenean gela arrunt batera joatea edo Eusle gelan ere aritzea. Hortxe Eusleren ekarpena: «Ni ere izan naiz tutore, eta talde bat oso bideratuta eduki, denak Sestaokoak izan... Eta bat-batean: ‘Pili, hemen daukazu beste ikasle bat’. Zer egiten duzu? Tutorearentzat oso frustragarria da. Euslerekin, ate bat zabaltzen zaie, umeak euskaran murgiltzeko. Gero, gelara bueltatzen dira, eta ulertzen dute behintzat». Umeek ere gustura hartzen dute Eusle gelako giroa. Horren erakusgarri, Natasharen hitzak. Ikaskide batek galdetu dio: «Natasha, nola sentitzen zara gaur?». Hark erantzun: «Ni oso pozik eta lasai nago». Ikaskideak segi: «Zergatik?». Ez du zalantzarik egin: «Gelara etortzea gustatzen zaidalako». Loredok gustura entzun ditu ikaslearen hitzak: «Hau ez dugu prestatu, e!».

Eskolan ez ezik, euskara kalean entzun dezatela ere badu xede Loredok. Badu ideia bat buruan. Eskolak Erasmus Plus proiektuan parte hartzen du, eta zera pentsatu du irakasleak: ikasketa bidaia bat egin nahi dute Baionara. «Ikasleek badakite Iparraldean ere euskaraz egiten dela. Saiatuko naiz ikastola bat lortzen, hara joan ahal izateko. Ez da hain erraza izango, zeren guztion egoera legala ez da berdina». Gurasoekin hizketan ari da: «Jada batzuek esan didate baietz, eta beste batzuek esan didate paperak zuzentzeko denbora badute etorriko direla. Hori sari bat izango da gure esfortzuagatik, eta oso pozik gaude».

«Eskolako beste ikasle batzuek baino hobeto eta zuzenago hitz egiten dute [euskaraz]»

PILI LOREDO Eusle gelako irakaslea

Gainera, Eusle programako irakasleak saiatzen dira familien artean ere sustatzen euskararen inguruko jakin-mina: «Familiei ere azaltzen diet zer den proiektua, eta esaten diet zergatik den garrantzitsua gela honetara etortzea. Horretaz gain, informazioa ematen diet euskararekin lotuta dauden gauzei buruz». Venezuelako emakume bat du gogoan Loredok: «Iaz Venezuelako ama batek zera esan zidan: ‘Pili, semeak euskaraz egiten digu aitari eta niri, eta aurreko urtean ez zuen txintik esaten; orain, pozik eta euskalduntzeko bidean dagoela ikusten dugu’». Andre horrek badu beste seme bat ere, Lanbide Heziketan; han ez dute Eusle gelarik, eta «guztiz galduta» dago. Loredok lagundu die: «AEKn kontaktuak dauzkat, eta zuzendariari deitu nion. Galdetu nion ea 15 urterekin hasi ote zitekeen, eta, ikasturtean zehar 16 egingo dituenez, baietz esan zidan. Gainera, amari azaldu nion gaindituz gero Eusko Jaurlaritzak dirua bueltatzen diola. Hori guztia azaltzea ondo dago, zeren, horrela, ikasiko dute euskara».

11:30ak iristear dira Albiz eskolako Eusle gelan. Jolastokira jaitsiko dira orduan, eta, gero, ikasgela arruntean sartu. Astelehenean itzuliko dira Eusle gelara. Euskara ikasten jarraitzeko. Euskaraz ikasten jarraitzeko. Ikasle orok izan dezan helduleku bat, eta euskararen eusle izateko aukera. Loredo: «Eusle aukera galanta da; uste dut zortea izan dutela. Euslen sinesten dut. Sinetsiko ez banu, ez nintzateke hemen egongo. Ikasiko dute, eta aterako dute A2 maila gutxienez. Eusleren oso zalea naiz. Haiek beste etorkizun bat behar dute, eta Euslek ematen die; hori argi daukat».

ZER DA EUSLE PROIEKTUA?

Eusle Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eskola publikoetan martxan duen proiektu bat da; euskaran murgiltzea du xede. Atzerritik iritsi berri diren ikasleentzat da, maila hauetakoentzat: Lehen Hezkuntzako laugarren, bosgarren eta seigarren mailak, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailak. 

Euskara hobeto ikastea du helbururik behinena, ikasleek euskaraz gutxienez A2 maila lortzea. Baina nola egiten dute hori? Ikasleak aparteko gela batzuetan hartzen dituzte, eta bertan pasatzen dituzte egunean bi eta hiru ordu artean. Ikasleek, normalean, bi urtez parte hartzen dute programan, baina hirura luzatu daiteke. 

Eusle gelak bere irakaslea izaten du, eta, behin Eusle gelako lanak eginda, irakasle hori gainerako geletatik ere igarotzen da, tutoreei laguntzeko. 

Izen bera badute ere, ez da nahastu behar Eusle metodologiarekin; hori lan eremuan erabili izan da, hizkuntza ohiturak aldatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.