Gazteak eta militantzia politikoa: zergatik, zertarako?

Gazteriari politikarekiko atxikimendurik ez izatea egozten zaion honetan, PSNren gazte erakundean jarri du arreta Ane Alabak, eta gradu amaierako lana ondu talde horren gainean. Ernai gazte erakundearen bozeramaile aritua da, eta «hainbeste ezagutzen ez» duen erakunde batean jarri nahi izan du begirada.

Ane Alaba (Antsoain, 2000) Ernaiko bozeramaile izan da urte luzez. Beti erakarri du militantzia politikoak, eta, horregatik, Soziologia ikasketak hautatu zituen NUPen, «hasiera-hasieratik» ikusmina piztu baitzion gai horrek. Orain, zirkulua itxi nahi izan du. Gradu amaierako lanean, PSNren gazte mugimendua aztertu du: Nafarroako egungo egitura instituzionalean eragin ahalmen handiena duen alderdiaren gazte erakundea, alegia. Azterlanak Nafarroako Gazteria Institutuaren aitortza jaso du.

PSNren gazte erakundea aztertu eta gero, zer antz ikusi dituzu haren eta Ernairen artean? 

PSNko gazteria oso lotua dago tokian tokiko errealitateari. Herri izaera dute, izan Erriberriko Erraldoien Konpartsan, izan peñen asanbladan. Ernaik ere badu izaera hori: eragile aktibo izan nahi dugu herrian, eta ez soilik kulturaren, politikaren edo dena delakoaren kontsumitzaile.

Zer desberdintasun nabarmenduko zenuke?

Bereziki desberdin egin zitzaidan militatzeko duten arrazoi nagusietako bat dela erakundeari oso lotuta ikusten dutela beren etorkizuna. Pragmatismoz ikusten dute: alderdian hasi banaiz, alderdian jarraituko dut.

Testuinguru orokorra da gazteek politikarekiko atxikimendu falta handia dutela Europan eta Nafarroan. 

Datuek adierazten dute politikan aktibo izateko interes txikia dagoela. Gerora, bereziki Europan egindako ikerketetan sakontzen baldin baduzu, ikusten da politika egiteko modu jakin batean ez dugula parte hartzen. Aldiz, portzentualki parte hartzea gainontzeko sektoreena baino handiagoa da mobilizazio sozialetan, boikot kanpainetan, sare sozialetako aktibismoan... Atxikimendu falta politika egiteko modu jakin bati lotuta dago bereziki. 

Zeren ondorio dela uste duzu?

Gizartea asko aldatu da: gure harremanak nola sortzen diren, gure artean nola eztabaidatzen diren, zer tresna ditugun... AtomizazioacloseSakabanatzea, bakartzea, loturarik gabe uztea. eta indibidualizazioa itzelak dira, eta eredu indibidualistago horiek erosoagoak egiten zaizkigu espazio kolektibo batzuk baino. Instituzioak arrotzagoak ditugu. Oso modu tradizionalean funtzionatzeaz gainera, prestakuntza handiko eta sarbide zaileko gune gisa identifikatzen ditugu. 

Gazteen inguruko aurreiritziak daude, eta politikarekiko atxikimendu falta orokorragoa da?

Bai, hori da lanaren ondorioetako bat. Baina, aldi berean, garrantzitsua da gazteengan arreta jartzea.

Zergatik?

Niretzat, ikerketaren ondorio nagusia da gure demokraziak berritu behar ditugula, irisgarriagoak egin gazteriarendako eta oro har gizartearendako. Demokrazia berritzeko ez dugu arreta 65 urtetik gorako belaunaldi horretan jarriko, baizik eta gazteengan. Galdera da, era berean, nola jarri arreta. Askotan gutaz hitz egiten da, baina gurekin hitz egin gabe. Askotan, mahai inguruetan helduak ibiltzen dira gure parte hartzearen inguruan hitz egiten, eta oso gutxitan eskaintzen zaigu aukera adierazteko badugula interesa politikan.

Alderdiek kontuan eduki behar lukete hori?

Uste dut badirela gutxinaka gazteriarengan arreta jartzen ari diren alderdiak. Bagara boto berriak eskuratzeko harrobi, eta bakoitza, bere estrategiarekin, guri begira dago. Uste dut badagoela gazteriaren gaineko foku hori; gehiago gazteriaren beharren instrumentalizazioaren ikuspegitik, eta ez hainbeste gu politika instituzionalaren parte izatearen ikuspegitik. Aurreiritziak daude oraindik, eta heldukeriacloseHelduen ikuspegiaren nagusitasuna, konnotazio negatiboarekin..

Zergatik aztertu duzu PSNren gazte mugimendua?

Badu ibilbide nahikoa ikusteko zer bilakaera izan duen gazteriaren parte hartzeak alderdi barruan. Bestelako alderdi batzuekin, horretarako aukera ez nuen hain argi. Eta gaur egungo garrantzi politikoagatik. PSNk Nafarroako Gobernua gidatzen du, eta horrek zilegitasuna ematen dio metodologikoki eta lan akademiko baten perspektibatik.

Gazte mugimenduak kritikoak izan ohi dira. Nola bizi dute gazte horiek euren alderdia Nafarroako Gobernuko alderdi nagusia izatea?

Niri arreta piztu zidan gai ideologiko batzuen eztabaidetan ez zetozela bat alderdiaren lerroarekin; bestalde, ideia berritzaileagoak aurrera eramateko gaitasun praktiko handiko eremu moduan ikusten zuten alderdia. Batek esan zidan: «PSOEren eta Podemosen artean, bien panfleto sinatu gabeko bat irakurriko banu, agian Podemosen horrekin adostasun handiagoa nuke kasik, baina PSOEk errealitatea aldatzeko gaitasun bat du, Podemosi ikusten ez zaiona». Ikuspegi pragmatiko hori mahaigaineratu da. Gazteriarentzat, instituzioa erreminta bat da, irrikakcloseDesira, gogoa. eta nahiak eraldatzeko, eta ez hainbeste helburu bat.