Ultraeskuina Txileko agintera, migrazioaren eta segurtasunaren mamuak haizatuta

Jose Antonio Mask Augusto Pinocheten jarraitzaile eta eskuin muturreko hautagaiak irabazi ditu Txileko presidentetzarako bozak. Mireya Davila irakasle eta politologoak haren garaipenaren oinarrian dauden zioak aletu ditu: «Ondo jakin du segurtasunaren eta ordena publikoaren gaia mahaigaineratzen». 

Jose Antonio Kastek Moneda jauregira iristeko zertan asmatu duen eta Txileko ezkerrak zer hutsune dituen aztertu du Txileko Unibertsitateko politologo Mireya Davilak (Santiago, 1967), Txileko hauteskundeen biharamunean. Davilaren arabera, Kastek asmatu egin du hautesleak limurtzen, eskuin muturraren gorakada betean.

Botoa ematea berriro derrigorrezkoa izan da hauteskunde hauetan. Aldagai garrantzitsua izan da azken emaitzan?

Hori da faktoreetako bat, baina badaude beste batzuk ere. Besteak beste, Txilen komunismoaren aurkako mugimendu oso indartsua dago, eta komunismoaren aurka bozkatu dute askok. Gainera, Kastek oso kanpaina ona egin du, batez ere Interneten eta sare sozialetan. Oso aktiboa da, eta ezkerra, berriz, askoz ere ahulagoa da eremu horretan. Bestalde, Txileko komunikabideak oso lerratutacloseAlde baten aldekoa edo alde batekin atxikia. daude alde batera; eta telebista irekiak, esaterako, urte ugari daramatza Txile herrialde oso arriskutsua dela esaten. Eta, komunikatiboki, Kastek ondo jakin du segurtasunaren eta ordena publikoaren gaia mahaigaineratzen.

Zeintzuk izango dira Kasten lehentasunak?

Kastek behin eta berriro errepikatu du Txile krisi sakon batean murgilduta dagoela, eta horri aurre egiteko larrialdizko gobernu bat eratuko duela. Migrazioa, segurtasuna eta hazkunde ekonomikoa dira Kasten hiru zutabe nagusiak. Mugan ezkutu bat sortu beharra aipatu du migrazioari dagokionez, eta ekonomian, berriz, zergak murriztuko dituela esan du.

Kanpainan ez ditu aipatu homosexualitatea, abortua eta eutanasia, esaterako. Baina horien aurka agertu izan da beti. Estrategia politikoa izan da horiek ez aipatzea?

Zalantzarik gabe. Txileko hedabide ugarik azpimarratu dute Kasten aldeko botoa erabili dutela askok halako ideiei aurka egiteko. Kast UDI Batasun Demokrata Independentea alderditik dator; hau da, tradizio autoritario kontserbadore luzea dauka. Beti izan da halako ideien aurkakoa, eta beti esan izan du jendaurrean. Oraingoan ezkutatu izana estrategia hutsa izan da.

Zer egoeratan gelditu da Txileko ezkerra?

Alde batetik, egia da Jarak, galdu arren, ondo amaitu duela bere kanpaina. Baina ezkerrak oso itxura txarrarekin amaitu du hauteskunde jardunaldia. Era askotako ezkerrak daude Txilen, baina, ikuspuntu ideologikoari dagokionez, ez dago hainbesteko desberdintasunik. Alderdi bakoitzaren kultura politikoan daude alderik argienak. Krisi betean daude ideologiari eta, batez ere, estrategia politikoari dagokionez. Alegia, ezkerrak Txileri zer eskaintzen dion ez dago guztiz ondo adierazia. Ez dago denak batzen dituen lider argirik, eta ez dira ari egoera ondo interpretatzen. Kastek ez dauka gehiengorik kongresuan, eta hori oso albiste ona da oreka demokratikoarentzat. Baina nik, oraingoz, ez dut ikusten koalizioak egiteko gai den ezker anbiziotsurik. 

Hogei urte inguru dira Txileko gobernu batek jarraitutasunik ez duela. Zergatik gertatzen da hori?

Txileko azkeneko gobernuek ez dute lortu behar bezala kudeatzea. Eta, horrez gain, esango nuke lider sendoak falta izan direla. Horretan defizitcloseGabezia, hutsunea. handia daukate alderdi guztiek, eta Kastek oso lan metodikoa egin du horretan, bere neurrirako alderdi bat sortuta.

Gabriel Boric azken presidentearen gobernuaren barruan egondako tentsioak zerikusirik izan du ezkerraren porrotean?

Boric oso diskurtso eraldatzailearekin iritsi zen gobernura, egiturazko aldaketak egingo zituela esanda. Esperientzia gutxi daukan belaunaldi bat iritsi zen gobernura harekin batera, eta politikoki akats larriak egin dituzte. Horrez gain, Txileri ordenacloseGauza bakoitza txukun eta bere lekuan egotea, mugimendu handirik gabe. gustatzen zaio, eta Boricek ordena hautsi nahi izan du. Horrek haren kontra jokatu du. Bi aldagai horiek batuta, konbinazioa ez da batere ona.

Ultraeskuina gorakada betean da munduan, baita Latinoamerikan ere. Zer eragin izan du horrek Txilen?

Lehenik eta behin, Txilen, gaur egun, zalantzan jartzen da Kast ultraeskuinekoa den edo ez. Izugarria da. Eskuinekoa edo zentro-eskuinekoa dela esaten dute askok. Horrek oso modu argian erakusten du Txileko politika eskuinera desbideratuta dagoela.

ParadoxacloseLogikaren aurkakoa.  hutsa da, Latinoamerikako beste herrialde batzuekin alderatuta Txile askoz hobeto baitago segurtasunari dagokionez. Askoz ere herrialde ordenatuagoa da, eta datuak ez dira hain txarrak. Baina krisi egoeraren pertzepzio horrek egin du Bukele [Nayib, El Salvadorko presidentea] eta haren politikak begi onez ikustea. Finean, lehen aipatutako gaiak ezkutatuta eta Bukeleren gisako liderren politiketara gerturatuta irabazi du Kastek.

Jatorrizko artikuluak