Kast ultraeskuindarrak irabazi ditu Txileko presidentetzarako hauteskundeak

Botoen %58,1 lortu du hautagai ultrak; Jeanette Jara ezkerraren hautagaiak, berriz, %41,8. Azken aldian eskuinerantz egin du Latinoamerikak, eta horren adibide bat baino ez dira emaitzak: «benetako aldaketa» iragarri du datorren presidenteak.

Jose Antoni Kast garaipena ospatzen, bart, Santiagon. ELVIS GONZALEZ / EFE
Jose Antoni Kast garaipena ospatzen, bart, Santiagon. ELVIS GONZALEZ / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2025eko abenduaren 15a
06:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Augusto Pinocheten diktadura amaitu geroztik (1973-1990), ultraeskuina lehenbizikoz helduko da Moneda jauregira, Jose Antonio Kast eskuin muturreko hautagaiak irabazi baititu Txilen atzo egin zituzten presidentetzarako bozak, botoen %58,1 jasota. Espero izatekoa zen emaitza hori, azaroko lehen itzulian botoen erdia baino gehiago lortu baitzuen eskuinak bloke ideologiko gisa, babes handiena berez Jeannete Jara ezkerraren hautagaiak jasoagatik ere. Oraingoan, eskuinak bat egin du Txilen, eta ezkerrak diktadura osteko inoizko emaitzarik kaskarrenak lortu ditu: Alderdi Komunistako militanteak botoen %41,8 besterik ez du lortu. Bigarren itzulietako alderik handienetarikoa da atzokoa. 

Hogei urte inguru dira eskuinak eta ezkerrak Moneda jauregiko giltza txandakatzen dutela; ezein gobernuk ez du lortu bi legegintzalditan jarraian aritzea —eta tradizio horri eutsi diote beste behin ere—. Kastek martxoaren 11n jantziko du presidentearen banda, eta hori bai, Kast agintera helduko den lehen Pinochet zalea izango da: 1988an plebiszitu bat egin zuten erabakitzeko diktadoreak beste agintaldi bat egin ala ez, eta Kastek Pinocheten aldeko kanpaina egin zuen.

Garaipenaren berri izan ostean eman duen hitzaldian, ultraeskuindarrak esan du «benetako aldaketa» bat egongo dela Txilen, eta «trantsizio oso ordenatua eta errespetutsua» galdegin du: «Hain harro egiten gaituen herrialde horretara itzuliko gara». Datorrena «larrialdi gobernua» izango dela azaldu izan du kanpainaurrean, eta hemendik aurrerako kezkak «segurtasuna, immigrazioa eta aurrerabide ekonomikoa» izango direla: «Ordena behar da kaleetan eta estatuan», esan du bart. Are, ordena ez dela «kapritxoa, justizia baizik», eta «legeari zor zaion errespetua berrezarri» behar dela.

5

Ultraeskuineko zenbat presidente dauden Latinoamerikan. Latinoamerikan ultraeskuineko bost presidente daude: Jose Antonio Kast Txilekoa —martxoan hartuko du kargua—, Javier Milei Argentinakoa, Daniel Noboa Ekuadorkoa, Nayib Bukele El Salvadorkoa eta Santiago Peña Paraguaykoa.

Kastek hainbatetan esan du Txilen bizi diren 340.000 «migratzaile irregular» inguru, horietako asko venezuelarrak, kanporatu egingo dituela; dena den, ez du argitu zer prozedura baliatuko lukeen migratzaile horiek herrialdetik kanporatzeko. «Paperik gabekoei» gogorarazi izan die hark kargua hartu arteko epea dutela Txile uzteko. Kanpainaurre honetan, hortaz, atzean utzi du aurreko hauteskundeetako agenda: hautagai ultrakatolikoak abortuaren kontra egin izan du, baita sexu berekoen ezkontzaren kontra ere, eta Emakumearen eta Genero Berdintasunaren Ministerioa desegitea ere proposatu izan du.

Izan ere, 2017ko eta 2021eko presidentetzarako bozetara ere aurkeztu zen, eta azken horretan bigarren itzulira igaro zen, Gabriel Boric ezkerraren hautagaiaren kontra galdu zuen arren. Gaur goizean biltzekoak dira Kast presidente hautatu berria eta Boric jardunekoa, Moneda jauregian. Azken horrek bart emandako diskurtso batean trantsizio «erraza eta ordenatua» hitzeman dio Kasti, baina gogorarazi dio herrialdea jada «martxan» dagoela: «Azken finean, Txile gu baino lehen egon zirenen legatuaren gainean eraikitzen da».

«Ez dugu lortu, ez, nahi genuena», aitortu du Jara ezkerraren hautagaiak, eta «proposamenak» egingo dituen oposizioan jardungo duela erantsi du emaitzen berri izan eta gero: «Demokraziak hitz egin du. Gure demokrazia sendotu egiten da herritarren borondatea errespetatzen dugunean. Porrotean ikasten da gehien». Datozen lau urteetan oposizio «exijente bezain tinkoa» osatuko du ezkerrak, baina zera gogorarazi du Jarak: «Porrota beti da motza».

Amerikaren erantzuna

Latinoamerika eskuinerantz doa gero eta gehiago, eta horren jakitun dira alde bateko zein besteko agintariak. Javier Milei Argentinako presidente ultraliberala «pozarren» da Kasten garaipenagatik, eta eskuinak «beste urrats bat» egin duela adierazi du sare sozialetan: «Ziur naiz elkarrekin jardungo dugula, Amerikak askatasunaren ideia besarka dezan, eta XXI. mendeko sozialismoaren zamatik aska gaitezen. Gora askatasuna, zer demontre!».

Daniel Noboa Ekuadorko presidente eskuindarrak ere zoriondu egin du Kast, sare sozialetan idatzi duen mezu batean: «Garai berri bat hasiko da Txilen eta eskualdean». Berdin egin dute eskuineko gobernuak dituzten beste zenbait herrialdek; tartean, Peruk, Boliviak eta Paraguayk. Marco Rubio Ameriketako Estatu Batuetako Estatu idazkariak ohar bat kaleratu du, eta adierazi du espero duela Kasten «gidaritzapean» Washingtonek eta Santiagok «partekatzen dituzten» lehentasunak «hauspotzea». 

Latinoamerikako ezkerreko zenbait agintarik ongietorria egin diote Kasti: Luis Inazio da Silva Lula Brasilgo presidenteak «arrakasta» opa dio, eta Txilerekin lankidetzan segitzeko asmoa erakutsi du, besteak beste, Hego Amerika «eremu baketsu» izaten jarraitzeko; eta Claudia Sheinbaum Mexikoko presidenteak eskertu egin du hauteskunde «baketsu eta demokratikoak» egin izana: «Espero dut bi gobernuok lanean jarraituko dugula gure herrialdeen eta eskualdearen onerako».

Bestelako tonua izan du Gustavo Petro Kolonbiako presidenteak. Sare sozialetan Latinoamerikaren mapa bat partekatu du, eskuineko eta ezkerreko gobernuak bereizten dituenak, eta «hegoaldetik eta iparraldetik heriotzaren haizea» datorrela ohartarazi du: «Faxismoa aurrera doa [...]. Tristea da Pinochetek bere burua indarrez inposatu izana, baina are tristeagoa da herriek beren Pinochet aukeratzea».

Parlamentuan gehiengorik ez

Azaroko presidentetzarako hauteskundeen lehen itzuliarekin batera, Diputatuen Ganbera osoa eta Senatuaren parte bat berritu zituzten. Kast izango da presidentea, bai, baina ezein alderdik zein blokek ez du gehiengorik ez behe ganberan eta ez goi ganberan. Kasten Aldaketa Txilerentzat koalizioak 42 eserleku lortu zituen Diputatuen Ganbera, eta eskuin tradizionalak 34; 76 eserlekurekin, eskuina 78ko gehiengo osotik hurbil dago. Txileko Batasuna ezkerreko koalizioak 61 lortu zituen. Legegintzaldiaren giltza, beraz, Jendearen Alderdia alderdi populistak edukiko du, hamalau diputatu lortu baitzituen.

Bigarren itzulian hamabost milioi txiletar baino gehiago zeuden deituta botoa ematera, eta parte hartzea %85ekoa izan da, lehen itzulikoa baino zertxobait baxuxeagoa (%85,4). 2022an derrigorrezko bihurtu zuten botoa ematea, Pinochet jeneralaren garaiko 1980ko konstituzioa baliogabetzeko eta beste bat ezartzeko plebiszitua egin zutelako —diktaduraz geroztik 2012ra arte ere derrigorrezkoa izan zen botoa ematea—. Botoa ez emanez gero, isuna 104.000 peso txiletarrekoa da (96 euro inguru).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.