Asko nabari dute hura zelaian falta denean. Fernando Llorente Athleticeko gurua da, inongo zalantzarik gabe. Hura ez dagoenean, taldeari garrantzitsua izaten den zerbait falta zaio: gola, partidak irabazteko ezinbestekoa den zera hori. Orduan, taldearen zorigaizto gehienak azalean geratzen dira, eta Athleticen ere bai. Aurrelaria zelaian falta izan den gehienetan, puntu askok ihes egin die.
Urrutira joan gabe, denboraldi honetan bertan, bost neurketatan gelditu da jokatu ezinda ligan, arazo fisikoak tarteko. Hura falta zela, partida bakarra irabazi du taldeak —Zaragoza azken sailkatuaren aurka izan zen, 17. jardunaldian —. Gainontzeko beste lau partidetatik, bi berdindu egin dituzte — Mallorca eta Racingen aurka— eta beste biak galdu— Valentzia eta Atletico Madrilen aurka—. Jokoan zeuden hamabost puntu posibleetatik, bost baino ez zituzten eskuratu bost neurketa horietan.
Hasieratik jokatu ez duenean ere nabaritu dute errioxarraren hutsa gainontzeko jokalariek. Denboraldi honetan lau aldiz gertatu da hori. Beste zortzi aldiz, partida amaitu baino lehen utzi du neurketa, eta, horrelakoetan ere, haren falta erabakigarria izan da taldearen azken emaitzan.
Llorentek 23 partida jokatu ditu sasoi honetan, eta hamalau gol sartu ditu denera; hori, ligan. Espainiako Kopan jokatu dituen bost partidetan, bost gol sartu ditu, eta Europako Ligan, berriz, jokatutako hamar partidetan lau aldiz gainditu du aurkariaren atezaina. Markel Susaeta da haren ondotik gol gehien sartu duen jokalari zuri-gorria: hamar sartu ditu orain arte.
Min hartuta dago oraindik
Aldakako arazoak lehenbailehen gainditzeko irrikaz dago Llorente. Etzi, Sportingen aurka jokatuko duten neurketarako prest egon nahi du inondik ere. Atzoko entrenamendu saioan baloiarekin ariketa batzuk egiteko moduan izan zen; hala ere, zalantzan da jokatuko duen. Gainontzeko taldekideengandik bereizita egin zuen atzoko lana. Baita Ander Herrerak ere. Pubisean min hartuta dago, eta ez dago garbi etziko partidan arituko den.
Llorente gabe, larri
Athleticek bi partida jokatu ditu Fernando Llorentek min hartu zuenetik, eta biak galdu ditu. Ez da atzoko kontua, sasoi honetan Ligan aurrelaria min hartuta egon den bost neurketetatik bakarra irabazi baitute zuri-gorriek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu