enekoitz esnaola
ANALISIA

Autokritika

2017ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Mahai gainean dago euskal presoenauziaren konponbiderako nahia, eta, EPPKren pausoa laster datorrela ahazteke, indar berezia har dezake urte bukaera aldera Ipar Euskal Herriko eta Frantziako dinamika zibil-instituzionalaren ondorioz. Hego Euskal Herrian, berriz, EAJ eta ezker abertzalea autokritikarekin dabiltza bueltaka, berriro. «Deserriratze» eta sakabanaketa politika amaitzeko lan egiteko eskatu diete euskal presoek EBBri, Urkulluri eta Barkosi, eta gogoratu dute EAJk izan zuela erantzukizunik Espainiako Gobernuak duela hiru hamarkada estrategia hori abiatzeko. Eragindako minaz hausnarketa kritikoa egiteko eskatu diete Ortuzarrek eta Urkulluk. Zaharra berri elkarrekiko exijentzietan, baina deigarria izan da presoek, banaka, gutuna bidaltzea haiei, eta EBBko presidenteak eta Jaurlaritzako lehendakariak erantzutea, mezu truke horrek bai baitu balio politiko bat.

ETAren indarkeriagatik ezker abertzaleak ardura berezia dauka alor horretan, baina estrategia politiko-militarra uztea erabaki zuenetik —2010eko otsaila, Zutik Euskal Herria adierazpena—, era ofizialean eta batzuetan modu solemnean, mintzatu izan da ETAren indarkeriaz zentzu kritikoan edo hura desagertzeko eskatuz. 2010eko iraila, Gernikako Akordioa, beste eragile batzuekin: «Inoren aurkako mehatxu, presio, jazarpen, atxiloketa eta tortura mota guztiak desagertzea, edozein dela ere pertsona horien jarduera edota ideologia politikoa. (...) Aitortza, adiskidetzea eta erreparazioa gatazka politikoak eta jatorri guztietako bortizkeriek eragindako biktima orori» —urtebetera, EPPK-k atxikimendua eman zion Gernikako Akordioari—. 2011ko otsaila, Sorturen estatutuak: «Edozein motako indarkeria behin betiko eta guztiz desagertzeko, ETA erakundearena bereziki. (...) Biktima guztiak onartzeko eta haiei ordaintza emateko. (...) [Alderdi berriak] Indarkeria arbuiatuko du bere ekintza garatzeko. Arbuio horren barnean dago ETA erakundea». 2011ko urria, ETAren erabakia: jarduera armatuaren bukaera. 2012ko otsaila, ezker abertzalearen Konponbidearen haizea dabil adierazpena: «Zenbaitetan ETAren jarduerek eragindako minarekiko sentikortasunik eza irudika zezakeela onartzen du ezker abertzaleak.Itzulingururik gabe onartzen dugu ezker abertzaleari alde bateko biktimekiko erakutsitako sentsibilizazio maila falta izan zaiola beste aldeko biktimekiko. Beraz, atsekabe zintzoa adierazi nahi dugu ETAren jarduera armatuaren ondorio mingarrien eta izan dugun jarrera politikoaren aurrean». 2013ko otsaila,Paris, ETAko kide batzuen aurkako epaiketa, Garikoitz Aspiazu, «ETAren izenean»: «Gatazkan inolako ardurarik izan gabe ETAren ekinbidearen ondorioz kaltea pairatu duten herritar guztiei sentitzen dugula esan nahi die ETA erakundeak». 2013ko abendua, EPPKren adierazpena: «Gatazkaren ondorioz eragindako alde anitzeko sufrimendua eta mina zinez aitortzen dugu».

EAJk gehiago eskatzen die.

ETAk hilabete batzuk barru bukatuko du bere geroari buruzko eztabaida, eta segurutzat jotzen da ibilbidea amaituko duela. Sasoi horretarako jada egon daitezke presoen banakako eskaerak espetxeetan. Ia 60 urteko historiaren balorazioa egiteko unea izango du ETAk orduan, eta ezker abertzale osoari ere balegokioke azterketa bat egitea, saihestu gabe ETAk 800 lagun pasa hil dituela. Otegik BERRIAn, duela aste batzuk: «Une jakin batean uste badugu herri honi zor diogula autokritika bat, egingo dugu».

Iaz Otegirekin izandako kalapita batean, Urkulluk zioen EAJk «iraganaren autokritikaz posizionamenduak» hartu izan dituela, eta, zehazki, Elkarbizitzarako bake-bideak dokumentua (2005) aipatu zuen. Baina hamabost orrialdeko idatzian EAJk ez dio bere buruari kritikarik egiten.

Iparraldea Hegoaldea ezkerreko erreitik pasatzear da berriro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.