Hodei Iruretagoiena.
ANALISIA

Tortura

2014ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Zirrara eragitekoak izan dira, beste behin, Espainiako Auzitegi Nazionalean entzun diren tortura testigantzak. Kontakizun bakoitza, hasperen bakoitza. Baina, sufrimendu pertsonalaz gain, kate oso bat geratu da agerian. Boterean goitik behera datorren katea, eta denboran atzetik, atzo arte, gaur arte. Espainiako trantsizio demokratikoa deitutako horretan eten ez zen kate hura. Oraindik ondo lotua dagoena, eta gizarte oso bat lotzen duena.

Testigantzaz testigantza, entzun da politikariek diseinatutako legeek ireki dizkietela poliziei espazio eta denbora ikusezinak, eta torturatzeko talde espezializatuak osatu dituztela poliziek. Entzun da auzi medikuek, tratu txarren berri izanda, atxilotuei erantzuten dietela poliziengana hel daitekeela salaketa auzitegira baino lehen. Ofizioko abokatuek ez dutela hitzik egiten defenditu behar dituztenak «presionatzen» ari direla ikusita. Intrukzio epaileak «hurrengoa!» esaten duela, atxilotuak bost egunez torturatu dutela kontatzen dionean. Fiskalei berdin zaiela polizia aurreko deklarazioak nola lortu diren, Auzitegi Nazionalak aurrez balioa kendu dien edo Istanbulgo Protokoloak sinesgarritasun zientifikoa aitortu dien tortura salaketa horiei. Horretan oinarritzen dituzte akusazioak. Entzun da salatzaileari deklaraziorik hartu gabe artxibatzen dituztela salaketak auzitegiek, eta, bitartean, poliziek biktimei jazartzen jarraitzen dutela, kalean, lanean...

Isiltasuna ere entzun da Madrilen. Auzitegian, eta komunikabide askotan. Isiltzeko agindu dio epaileak, testigantza eman ondoren, botere judizialaren ardura seinalatu duenari. Isiltzea da normala, eta normaltasun («demokratiko?») horrek isilarazten ditu torturaren garrasiak, goiko solairuan bizitza arruntaren urratsak entzuten ditugun bitartean (Bidaia, Dut, 1996). «Zoru etikoa».

Eta ETAreneskuliburuarenak ere entzungo dira oraindik, isiltasuna nahikoa ez denean. Baina, Madrilen bertan, joan den astean, sinesgarritasun zientifikoa aitortu zieten 45 euskal herritarren salaketei. «Lagin zabala» da, ikertzaileen hitzetan: 1982tik 2010erakoa, Guardia Zibilaren, Espainiako Poliziaren eta Ertzaintzaren esku egondakoena.

Ebidentziak sobera daude. Egiturazko arazoa da tortura, Espainiako estatu egitura guztiei dagokiena, egitura horiekin datorrena, kasik. Sektore politiko bati aurka egitea izan daiteke helburua, baina ez dira gutxi, adibidez, arrazismoaren aldagaia salatu dutenak. Ostiraleko BERRIAn ateratako iritzi artikuluan, tortura sexista «sexu bereizkeria iraunarazteko» adierazpen gisa azaldu zuen Bilgune Feministak.

«Erregenarazio demokratikoaz» mintzo dira orain egitura horiek mantendu dituzten bi alderdi nagusiak. Gizarte osoaren arazoa da tortura. Horri ateak ixtea litzateke aurrerapen demokratiko bat; espainiarrentzat ere bai. Kate asko eten beharko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.