Enekoitz Esnaola

Hilabetea: iraila 2016 (Page 1 of 2)

Gizarte eraikuntzaz

Egibarrek, 2012ko urtarrilean: “Euskal burgesia berria Bildun eta Amaiurren sartzen ari da”. Urkulluk, urte bereko uztailean: “Bilduren eredua ortodoxia estalinistan oinarrituta dago”. Urkulluk berak, handik pare bat egunera: “EH Bilduk ezker abertzale marxistaren ortodoxiarekin jarraitzen du”. Otegik, 2007an: “PNV, Partido del Negocio Vasco“. Halaxe ibili dira urteetan, ez hain aspaldi arte. Tonu aldetik bederen, gauzak aldatu egin dira. Ikusi da hori azken kanpaina honetan ere, eta gaur bertan alor sozialaz eta ekonomikoaz (ere) hizketan aritu dira EAJ eta EH Bildu, Sabin Etxean. Prozesu nazionalaz galdetuta, Egibarrek 2014 hondarrean: “Nazio eraikuntza gizarte eraikuntzarekin josita eraman beharko dugu. Ez badugu ekonomikoki funtzionatzen, politikoki ez gara urrutira joango”. EAJk, ordea, 2013ko irailerako erakundeen “egonkortasunerako” PSErekin ituna sinatua zuen; besteak beste, eta batez ere, aurrekontuak aurrera ateratzeko. Aurrekontu kontuak izan ditu hizpide gaur CUPek, Puigdemonti konfiantzazko botoa ematean: “Independentzia guretzat agintari aldaketa bat baino gehiago da. Proiektu ekonomiko, sozial eta kultural bat da, gizartearen gehiengoaren arabera moldatua eta haren borondatetik jaioa. Aurrekontuak erreferenduma irabazteko tresna izan behar du, eta, horretarako, independentzia aurrerabidearen ideiari lotu behar zaio”. Egibarrek oraintxe dela bost urte zioen ezker abertzaleak Xabier Leteren Ez dut amets haundirik kantari erantzun beharra ziola: “Nik ez dut amets haundirik, zeru ederrik eskeintzen, etsipenaren mugetan zurekin nago bizitzen. Nik ez dut solas lodirik etorkizunaz egiten, bat-bateko librakuntzaz ez dut aspaldi sinisten (…)”. Katalunian duela bost urte pasatxo hala egongo ziren, letra horren jitean, “etsipenaren mugetan bizitzen”. Gaur, berriz, independentziaren bidean, CDC eta CUP bat, ERC erdian dela, aurrekontuak ere negoziatzen.♦

Hauteskunderik gabeko aldi hau

BERRIAko analisiaren (2016-9-28) laburpena: Joan den igandekoarekin, EH Bilduk bukatu du bere hauteskunde ziklo partikularra edo bere lehen fasea. Berriro Espainiako hauteskunderik ezean, 2019ko maiatzera artean ez da Hego Euskal Herrian bozik izango. Parte hartzeak parte hartze, beheraka joan izan da EH Bildu. Lehengo igandera arte: 224.000 boto; bigarren indarra, aise. Presio handia zeukan. Baina EAJren alternatiba izateko aukera urrundu egin zaio. EH Bilduk “herri akordioen” eskaintzan lehentasunen artean du alor soziala , baina EBBk esan du gaitza ikusten duela adostasuna. EAJk EAEko instituzioetan itunetarako aukera sorta du, eta posizio bat. Aldiz, aliatu falta dauka EH Bilduk. Alor sozialean eta ekonomikoan aurrerabiderik nahi badu, 2019ko bozak-eta buruan lagun berrien premia du; bestela, erakundeetan ez zaio aski bere %20-25eko batez bestea. “Larritasunetan eta epe laburrean ito gabe, lasaitasun estrategikoa behar du ezker abertzaleak”, zioen ETAk atzoko agirian. “Herri prozesu independentista garatzeak denbora eskatuko du”. Halako prozesu bat garatzen hasi aurretik baldintzak ere erein behar dira. Hauteskunderik gabeko bi urte pasa hauek oso garrantzitsutzat ditu ezker abertzaleak gatazkaren ondorioak ixteko bidean jartzeko. Mugimendua dago. Euskal Herriko —EAEko, batik bat— agenda politikoa astintzeko eta baldintzatzeko ere balioko luke. Esaten da: estrategian, ezinbestekoa da oportunitaterako sentsibilitatea edukitzea.♦

Erabakitzeko eskubideaz

EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek 57 legebiltzarkide izango dituzte Eusko Legebiltzar berrian, %76. Hirurek defenditzen dute printzipio demokratikoa: erabakitzeko eskubidea, galdeketa, herritarren borondatearen errespetua. “Baina hirurek gauza desberdina ulertzen dute erabakitzeko eskubideaz”, esan du gaur Jesus Egigurenek, Euskadi Irratian. Hirurek dituzte proiektu politiko desberdinak. EAJk, euskal estatua baino gehiago, Euskadi Europan nazio izatea nahi du, burujabetza partekatuarekin. EH Bilduk euskal estatua nahi du. Eta Elkarrekin Podemosek EAE, Espainia plurinazionalaren barruan. Maltzaga: nazio izaera eta erabakitzeko eskubidea. Ordea, erkidegoko estatus politiko berrirako –hiru taldeek nahi dute “estatus” hori–, zehaztu beharko da zer esan nahi duen erabakitzeko eskubideak, gauza general batean edo ibilbiderik gabekoan ez geratzeko. Ahotsak mugimenduak zehaztu zuen 2006an, sorrera agiriko 2. eta 3. puntuetan:

“2. Proiektu politiko guztiak defenda daitezke eta defendatu behar dira, bat bera ere inposatu gabe. Bide politiko eta demokratikoak erabiliz, baldintza berdinetan, proiektu politiko guztiak garatu eta gauzatzea bermatu eta ahalbidetuko duen eszenatoki demokratikoa bilatu behar da.

3. Euskal gizarteak, Euskal Herriko hiritarrek, egungo marko juridiko-politikoa eraldatu, aldatu edo mantentzeko borondatea baldin badu, guztiok beharrezko diren berme demokratikoak eta adosturiko prozedura politikoak ezarri eta errespetatzeko konpromisoa hartu beharko genuke, euskal gizarteak erabakitakoa errespetatua eta gauzatua izan dadin eta, beharrezkoa balitz, erabaki honek lege araudian bere isla izan dezan”.♦

Herri akordioak

“EAJ eta EH Bildu herri akordio handiak egiten ikusten ditut”, zioen joan den uztailaren 27an BERRIAko elkarrizketan Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak. “Gobernua osatzeko zailagoa da, bazkideen programen arteko gutxieneko koherentzia bat egon behar delako. Baina posible ez ezik, beharrezko ikusten dut ezker abertzalearekin akordioak egitea herri mailako gai nagusietan: bakean eta elkarbizitzan, autogobernuan, garapen ekonomikoan, euskal nortasunean eta abarretan”. Hori irakurri, eta Arnaldo Otegi EH Bilduren izenean hedabideetara ateratzekoa zen, Ortuzarren ideia azpimarratu eta lantzera animatzeko proposatzeko. Baina handik bi egunera Iñigo Urkulluk iragarri zuen EAEko hauteskundeak aurreratuko zituela, eta egun haietan hizpide bozetako kontuak izan zituzten Otegik eta besteek. Baina Otegik berak, EH Bilduren izenean, Ortuzarren elkarrizketatik justu hilabete batera alor sozialean, burujabetzan eta bakegintzan “herri akordioak” lortzeko EAJri eskaintza egin zion, Ahal Dugu-ri ere bai, eta gaur esan du itun hori balego erakundeetan “egonkortasuna” legokeela. Baina dena ezin(go) da: gobernabidean, kudeaketarako, egunerokorako EAJk eta PSEk badute ituna, 2013tik, eta EAEko legealdi berrian jarraituko dute horrekin. Beraz, estatus politiko berria/burujabetza eta bakegintza/bizikidetza geratzen dira. Ortuzarrek gaur laudatu egin du EH Bilduk oro har azken urteotan “posibilismorako” egindako urratsa. Ea EAJk zer posibilitatzen duen.♦

Kanpaina (VII). PSE, hainbeste behera?

Kanpainako inkestek gehien harritu nautena PSE-EEri iragarri dioten beherakada da: duela lau urteko 16 aulkietatik (212.000 boto) 8-9ra. Beti ere parte hartzearen arabera, 115.000 boto inguru dira 8-9 legebiltzarkide horiek. 1979tik aurrerako emaitzei begiratu bat emanda, PSEk ia denetan foru hauteskundeetan baino emaitza hobexeagoak izan ditu ondorengo edo pixka bat lehenagoko autonomikoetan –hitzorduen hurrenkera beti ez da berdina izan–. Iazko maiatzean foru bozetan, eta jadanik Ahal Dugu bazela (sostengu esanguratsu batekin: %13,9), PSEk 147.000 boto lortu zituen (%13,8). PSOEren egoerak eragingo dio, baina forukoetatik behera ibiltzeraino bai eta, gainera, 8-9ra jaisteraino?

EAEko PP ere beheraka doa, inkestek diotenez, baina ez hainbeste: orain lau urteko 10etik, 7-8ra. Gerta liteke, nahiz eta UPDrik ez den eta C’s-k, ustez, ez arrankatu Araban ere. Hura ere, oro har, autonomikoetan hobeto ibili izan da forukoetan baino. Iaz herrialdekoetan –PPk estatuan ustel usaina latza zuenean–, 101.000 boto bildu zituen (%9,4).

PSE eta PP oraingo inkesta hauetan baino hobeto ibiltzeak nori egingo lioke kalte? EAJri? Edo haiek jaisteak, mesede? Hain zuzen, Urkulluk nora bota du kanabera? EAJk hauteskunde makineria itzela duela ere hartu behar da kontuan.♦

Kanpaina (VI). Aukerak

BERRIAko analisiaren (2016-9-22) laburpena:

1. Baliteke datorren legealdian Jaurlaritzan EAJ eta PSE-EE egotea. Joan den urteko uztaileko akordioan etorkizunerako oinarriak jarri ondotik, Urkullu lehendakariak berehala esan zuen EAJ-PSE “ardatzean” eraiki nahi zuela autogobernu berria, bi alderdiek osatzen dutela EAEko “gizartearen bizkarrezurra”. Azkeneko urratsa falta zaie: Jaurlaritzan ere izatea bikote.

2. EAJk datorren legealdian “estatus” politiko berria nazio aitortzan eta erabakitzeko eskubidean oinarritu nahi badu, nekez egongo da konfiantza PSEren eta bien artean. Aukera: legealdi honetako formula errepikatzea; hots, EAJk PSE lagun hartzea kudeaketarako, eta eskuak libre antzean edukitzea mami politikorako. Sabin Etxearen gustuko formula da. Gobernabidea lehenetsiko duten da gakoa.

3. Ahal Dugu-ren nahia: EH Bildu, PSE eta hirurak, bera buru dela. Ez da halako gobernurik izango. Baina jarraitu beharko dira ibilera batzuk. Batetik: EH Bildu + Elkarrekin Podemosena. Bestetik: euskal ezker autonomistaren barruan ahots batzuk “gobernu alternatibarako” espazio progresista eta plural bat aldarrikatuz hasi dira.♦

Kanpaina (V). Estatutua betetzeaz

Hauteskunde programan EH Bilduk berak ere badio Gernikako Estatutua (1979-10-25) bete egin behar dela, falta diren 37 eskumenak jaso behar direla. EAJren arabera, 24 gai daude transferitzeko eta 8 daude betepen maila ezberdinetan. Zenbakiak zenbaki, handia da Espainiaren iruzurra lege organiko harekiko: Administrazio Publikoetarako Ministerioaren datuek diotenez, 1985era artean 66 eskumen eman zizkioten Jaurlaritzari, 1987an 7, 1993-2000an 25; eta Zapateroren azken legealdi bukaeran (2008-2011) EAJk –oposizioan zen Eusko Legebiltzarrean– 20 transferentziren akordioa lortu zuen, baina ez dira guztiak heldu. Ordea, haizeak eramandako hitzak hitz, EAEn zer mobilizazio politiko-instituzional egon da estatutua osorik betetzearen alde? Ezberdinen arteko akordiorik egon al da borrokatzeko?

Garaikoetxeak bere memoria politikoen liburuan pasadizo bat dakar gaiaz. 1980ko abenduan bi eguneko bisita egin zuen Espainiako gobernuburu Suarezek EAEra. Jaurlaritzako lehendakari, Garaikoetxea (EAJ). “Konplikatzen ari ziren negoziazioak, bereziki Kontzertu Ekonomikoarena eta Polizia Autonomoarena”, dio liburuan. Eta: “EAJren zuzendaritzak, guk haren erabakien berri izan gabe, bisitari benetako boikot bat antolatu zion kontrolpean zituen udal eta herrialde instantzietatik”. Bizkaiko eta Gipuzkoako 108 udalek jarduera eten zuten Suarezen bisitaldian, eta alkatetzek dekretua atera zuten. Madrili egotzi zioten udalen “altxortegi egoera kaotikoa”. Gipuzkoako Aldundia ere geratu zen, eta Bizkaiko diputatu nagusiak paso egin zion Suarez hartzeari, programan hala jarria zegoen arren –Marcelino Orejak zioenez, halako boikot bat behin soilik pairatu zuten: Libian, Gadafirekin–. Aldi berean, EAJren uri buru batzarrek Moncloara telegrama bana bidali zuten: “Suarez, ez zaitez etorri kontzerturik gabe”. EGIk kartelez josi zituen kaleak. Salaketa, beraz: Madril ez zela ari estatutua betetzen. 1980ko abenduan hori. EAJ barruan musika desberdinak zeuden ordurako.♦

« Older posts

© 2024 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑