Enekoitz Esnaola

Hilabetea: iraila 2016 (Page 2 of 2)

Oinarriak eta bideak

BERRIAko artikulu analtikoaren (2016-9-18) laburpena: Errealitate printzipioa, legezkotasun printzipioa eta printzipio demokratikoa. Gaur-gaurkoz, eta bakoitza bere azalpenekin, burujabetza prozesu baterako EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek kontuan hartzen dituzten printzipioak dira, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako programetan ere ikusi ahal denez. Errealitate printzipioa: EAE, subjektu politikoa –Euskal Herria nazio bat dela aitortzeaz gain–. Legezkotasun printzipioa: bidea, indarrean dauden lege prozedurei jarraituta. Printzipio demokratikoa: erabakitzeko eskubidea, herritarrei hitza eman. Horraino nahikoa adostasun dute. Aldiz, Madrilek EAEn itundu eta onartutakoari ezezkoa emanez gero egin beharreko ibilbidean ez dute ikuspegi bera. Ondorioz, 2005eko egoera errepikatu ahal da. Orduan, Eusko Legebiltzarrak Estatutu Politiko Berria onartua zuen arren, Espainiako Kongresuak atzera bota zuen ituna, eta beste urratsik ez zen egin. 2008an ere ez, Konstituzionalak EAEko Kontsulta Legea baliogabetu ondotik. Politikagintza baldintzatzen zuten faktore garrantzitsuak zeuden orduan: ETAren jardun armatua eta Espainiako Alderdien Legea. Gaur egun ez da legez kanporatzerik eta ETAren indarkeriarik, politika egiteko Espainiaren itxikeriaren aztarnarik baden arren oraindik, Arnaldo Otegiren debekuarekin ikusi denez. Aipatutako gaiak berriro mahai gainean izango dira datorren legealdian.♦

Kanpaina (IV). EH Bilduko Arzalluz

Auzitegiek Arnaldo Otegiri ez diote utzi lehendakarigai izaten. Ari da kanpainan parte hartzen, baina legebiltzarkide izateko debekua du. Laura Mintegik –EH Bilduren 2012ko lehendakarigaiak– Gaur8-ko elkarrizketan dio ez dela “inolako traumarik” izan, eta Otegik beste funtzio bat bete behar duela: “Ez da sekulako kolpea izan. Muinean uste dudalako Arnaldo Otegiren tokia akaso ez dela Jaurlaritza. Nik duela lau urte esan nuen eta egurra jaso nuen horregatik, eta segitu izan dut esaten azken lau urteotan ere. Xabier Arzalluz inoiz ez da izan lehendakarigai, inoiz ez da egon Lakuan, baina berak kontrolatu du EAJren politika 25 urtean. Eta nik horrela ikusten dut Arnaldo Otegi, eta pena litzateke lurperatzea politika instituzionalean. Legebiltzarra oso estua da, parametro oso mugatuak ditu. Arnaldok askoz mugimendu gehiago behar du, korronte oso bat dinamizatu behar du, hori da bere egitekoa”. Otegirekin negoziatzen ibili izan den batek joan den astean gauza bera esan zidan: Eusko Legebiltzarreko martxan egon baino hobe duela EH Bilduko Arzalluz izan, baduela egitekorik, eta koalizioak behar duela halako figura bat egunerokotasunetik kanpo.♦

Kanpaina (III). Arrastoa

BERRIAko analisiaren (2016-9-17) laburpena: EAJk Carlos Garaikoetxea lehendakariaren partez jarriko zuela iragarri, eta Jose Antonio Ardanzak bere lehen adierazpenetan: “Nire egitekoa instituzionala da, ez politikoa”.  Gatazka politikoaren konponbiderako eta emantzipazio nazionalareko ez zuen arrasto handirik utzi. Agian, haren sasoian herri hau artean ez zegoen bidegurutze batean. Orain badago, EAJk ere joan den otsaileko batzar nagusiko txostenean jasoa duenez. XIX. mende bukaera ere halakoa izango zen Sabin Aranarentzat, eta EAJ fundatu zuen. Kontzientzia nazionala piztu zuen Sabin Aranak, eta arrastoa utzi. Jose Antonio Agirrek ere bai geroago, ETAk, Enbatak, IK-k, Garaikoetxea-Arzalluz tandemak, Arnaldo Otegik… “Bidegurutze berriaren aurrean gaude”, dio EAJren dokumentuak. Bihar zortzi, EAEko bozak. Frankismoaz geroztik, 11.ak. Igaroko dira horiek ere, eta izango da berriro gobernurik. Garbi ez dagoena da “bidegurutze” honetan arrastoa uzteko moduko politikarik egingo den instituzioetatik (ere), batasunik hezurmamituko den burujabetzarako, edo, hura erdeinatuz, beste erkidego bat balitz bezala gobernabidea lehenetsiko den, besterik gabe.♦

Kanpaina (II). “Abilitatzailea”

Euskal politikagintzan ere tarteka azaltzen dira hitz eta kontzeptu berriak, eta hor egoten dira denbora laburrean ala luzean. Duela dozena bat urte Ibarretxek plazaratu zuen erabakitzeko eskubidea, eta arrakasta eduki zuen. Edota orain dela urtebete pasako kontua da ahaldundu, Korrikak lelo modura erabili ondotik, eta EH Bilduk EAEko Herritarrak Ahalduntzeko Lege proposamena aurkeztu zuen. Orain, adibidez, honi erreparatu beharko zaio: galdeketa “abilitatzailea” edo “gaitzailea”-ri. EAJk urte hasieran atera zuen euskal plazara aukera hori, Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldeko txostenean –Espainiako II. Errepublikako Konstituzioko 12. artikuluak zekarren formula hori, EAJk urtarrileko idatzian gogoratu legez–, eta orain EAEko hauteskunde programan paratu du: “Autonomia Estatutua aldatzeko proiektu politiko eta juridiko bat idatziko da, eta Eusko Legebiltzarrak berretsi beharko du. Onartu ondoren, egokitzat jotzen dugu aipatu estatutuaren erreforma horrek, Gorte Nagusietan izapideari ekin baino lehen, euskal herritarrek parte hartuko luketen Galdeketa Gaitzaile [*] bat igaro behar izatea” (* “Consulta Habilitante”, gazteleraz). Eta puntu, 231. orrialdeko esaldi horrekintxe bukatu du programa. Hautesleei ez die esan beteko den “Galdeketa Gaitzaile” horretan gizarteak onartutakoa –Espainiako Estatuak nahi ez lukeen kasuan, jakina–. EH Bilduk ere jaso du ideia hori: “Estatus politiko berria berresteko herritar kontsulta abilitatzailea”. Eta ondoren esaldi laguntzaile garrantzitsua dauka: “Estatu espainolak izan dezakeen jarreraz gaindi, galdeketa abilitatzailez euskal herritarrek demokratikoki adierazitako borondatea estatus politiko berriaz, errespetatu eta garatzeko konpromisoa”. EH Bilduk ere beharko luke presio soziala; esaterako, bandera espainolaren kasuan gertatu ez dena.♦

Kanpaina (I). EAJ, eroso orain ere

[Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpaina] BERRIAko analisiaren (2016-9-10) laburpena: Bereziki Lizarra-Garaziz geroztik, osagai identitario-subiranistak pisua eduki izan du EAEko hauteskundeetan EAJren programetan eta ondorengo gobernu jardueretan, eta bakegintzak ere ukan du lekurik: Major Oreja dator-en (604.000 boto), Ibarretxe Plana, Kontsulta Legea… Duela lau urteko hauteskundeetan, eta jadanik erabat Urkulluren gidaritzapean zela —EBBko buru eta Jaurlaritzako lehendakarigai zen Urkullu aldi berean—, artean Ibarretxeren aroko arrastoak zituen. Transatlantikoak biratzean hartua zuen bidea sakondu du EAJk urteotan. PSE hartu du lehentasunezko aliatu, eta, duela urtebetetik, gobernu bazkide dira udal nagusietan eta diputazioetan. Ardanzaren garaitik, ez zen egon EAJ-PSE aliantzarik. Eroso dago EAJ, lasai. Instituzioetako gobernuetatik kanpo ez du ikusten bera ez legokeen aliantza estrategikorik, eta subiranista sutsuenak prozesu baterako baldintzarik gabe daude oraindik. Ortuzarrek esandakoa egingo du EBBk: “Edozein akordio onartuko dugu, nahiz eta gure interesen kontrakoa izan, baldin eta erakunde bati gobernabide berme handiagoa ematen badio”.♦

Gatazkaren ondorioak

BERRIAko analisiaren (2016-9-8) laburpena: 2012an kanpainako egitarauan, eta gero gobernu programan, bakegintza hiru lehentasunen artean sartu zuen Urkulluk. Orain ez. Otegiren inhabilitaziori Urkulluk eta EAJk emandako erantzuna ere hotza izan da, axolagabea bezala. Ez dira detaileak; egitate gordinak baizik. Urrian, 5 urte Aietekotik. Bilduren legeztatzean Urkullu eta EAJ busti zen; publikoa da hori. Aldiz, Sabin Etxeak gero eta argiago ikusten du euskal presoena ezker abertzalearen arazoa dela, Otegiren auzia den bezala. Gatazkaren ondorioen impasse-aren ondorioa da egoerak ezker abertzalea kolpatzen duela, eta denbora badoala, badoanez. Ikusteko dago etor daitezkeen mugimenduek zenbateraino jartzen duten gaia agendan.♦

Newer posts »

© 2024 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑