2017ko udazkenean, Luhuso. ETAren armagabetze zibilaren kontakizuna liburua egiten ari nintzela, Konponbiderako ETAren ordezkaritzako kidea zen David Pla. Paris inguruan dago preso, 2015eko irailetik —Osnyko kartzelan—, eta, desarmatzea gaitzat hartuta, galdetegi luze bat helarazi nion. Ihardetsi zituen galderak; “ETAren erantzun ofizialak” ziren. Guztia ezingo nuenez liburuan sartu, esan nion elkarrizketa osorik BERRIAko blogean sartuko nuela liburuak bide bat egitean —abenduaren 4an izan zen aurkezpena—. Hauxe da David Plari egindako elkarrizketa osoa.
Hilabetea: otsaila 2018
#Egunkaria15 dela-eta emandako elkarrizketa batean Iñaki Uriak esan du baldintzak ez direla aldatu. Hots, gauzak horrela, Madrilek jo dezake berriro, nahi duena, nahi duenean, nahi duen moduan. Merke aterako zaio. Joseba Egibar ere izan zen #Egunkaria15 ekitaldian, eta zioen “estatu estrategia” baten barruan kokatu behar dela kazetaren itxiera. Galdera: eta nork diseinatzen du estatu estrategia hori? Egibar: “Hiru zutabe ditu: Guardia Zibila, auzitegiak —ez Justizia, baizik eta Justiziaren erabilpena— eta monarkia”. EAEn estatutu berria egin nahian dabiltza indar politikoak; abertzaleek diote hurrengo pausoa Madrilekin berdinetik berdinera aritzea lortzea dela. Tratua, gehienez ere, Moncloarekin litzateke. Estatu zutabeekin ez; eta, arrastotik-edo irtenez gero, martxan makineria. Berdinetik berdinera hori aurrenik etxean aplikatzea onena, errespetuz, zabaltasunez, koherentziz, konpromisoz, nazio kohesioa landuz, herria egituratuz. Abiapuntua baju dago kanpokoari deus eskatzen hasteko.♦
ETAren armagabetze garaian gai horretan garrantzitsua zen Frantziako ministro batek prestasuna agertu zuen Luhuso libururako elkarrizketa emateko. Urriaren erdialdea zen. Baina hil haren 18an Bernard Cazeneuve lehen ministro ohiak liburu bat aurkeztu zuen, karguan izandako ia urte eta erdiko esperientziari buruzko eguneroko bat, eta, nahita, ez zuen fitsik idatzi desarmatzeaz, eta beste ministro garrantzitsu hark, ezezkorik eman gabe, ez zuen eman elkarrizketa. Cazeneuve batek ez bazuen deus esan, haren gobernuko bat ez zen kontu txikiak kontatzen hasiko… PSko ordezkari esanguratsu bat ere Luhuso-rako mutu Cazeneuveren liburu horretatik aitzina —aurretik kontatua zen hainbat gauza inportante—. Samuel Vuelta Simonek jaso zuen apirilaren 8an ETAren armagabetzearen dokumentazioa; geroztik euskal presoez hizketan ari da Frantziako Justizia Ministerioa, eta Baionako fiskala da Vuelta Simon; eta 2004-2008an Frantziaren epaile-lotura modura aritu zen Madrilen. Elkarrizketa eman dio BERRIAri, eta baieztatu du desarmatzea segurua eta ordenatua izan zela. Karpetazoa gai hari. Baionako Auzitegiko bulegoan dauka armategiaren dokumentazioa zekarren karpeta —argazkikoa—. Baina ez du nahi izan horrekin erretratua ateratzerik. Zaindu nahi du detaile hori, eta besterik. Elkarrizketa, igande honetan irakurgai.♦
BERRIAko analisiaren (2018-2-4) laburpena: Motibazio moduez hitz egin daiteke, ordea. Orain arteko 180 herri kontsulta horietako ia den-denetan galdetu da Euskal Herriaren independentziari, euskal estatuari edo euskal errepublikari buruz, aldeko emaitza %95,7koa izan da, baina mandatu horrek ez du segidarik izan tokian-tokian, ez da elikatu euskal estatuaren kontzeptua, ez da egin pedagogia bat. Ez zen hori galdeketen talde sustatzaileen egitekoa, baina 166.955 herritarrek bozkatu dute Bai… Euskal estaturanzko bidean zenbait eragilek tartekako helmugatzat jotzen dute erabakitzeko eskubidea. Izan daiteke. Ordea, egun, subiranismoan proiektuaz indefinizioa, denbora irabazi nahia edota anbizio eta ausardiarik eza antzeman ahal dira. Katalunian 1961ean sortu zuten Omnium Cultural, katalan hizkuntzaren eta kulturaren alde egiteko. Frankismoaren garaiak ziren. Duela sei urte pausoa luzatu zuen Omniumek: iragarri zuen aurrerantzean Kataluniako estatuaren alde lan egingo zuela, katalan hizkuntza eta kultura “bermatzeko biderik zuzenena” dela iritzita. Euskal Herrian ez da Omnium Culturalik. Euskal estatalizazioaren alde aritzeko, kasurako, arlokako Gaindegien falta sumatzen da. Momentu politikoa, prestatu eta elikatu egiten da.♦
Azken iruzkinak