Enekoitz Esnaola

Kategoria: BERRIAko analisiak (Page 3 of 15)

BERRIA egunkariko Politika sailean argitaratutako analisiak dira.

Bideak

BERRIAko analisiaren (2019-5-25) laburpena: PSEk nahiko luke itun instituzionala gehiago zabaltzea, Denis Itxasoren hitzei erreparatuz gero: “Iruditzen bazaigu agenda sozialdemokrata Gipuzkoan ahalik eta toki gehienetan bete behar dela, hori modu koherentean eraman behar dugu EAJk eta guk, zenbakiek emanez gero, eta hor ere bi norabideetan gauzatu”. Ulertu ahal da: EH Bilduk gehiengo osoa ez duen kasuetan, haiek alkatetza hartu, ahal badute. Abertzaletasuneko bi familien artean tentsio handiko garaiaz barruntatzen dira; ohi bezala. (…) Hauteskunde lokalak eta foralak dira biharkoak; halakoetan (ere) pisu handia dute gai sozialek eta azpiegiturek, baina, hala ere, indar abertzaleek ez dute kasik azpimarratu herri euskaldun bat lortzen joateko ildorik, eta ez dute indar bat egin euskal nazioko udalerrien joskurarako planteamenduetan. Baina ez gaude Murtzian. Telesforo Monzonek 1976an, Zeruko Argia-n: “Ni ez nabil teoria batentzat herri baten bila. Herri batentzat bide baten bila nabil ni”.♦

Herri urratsak

BERRIAko analisia (2019-5-15): Lehengo igandean, Herri Urratsen, Ipar Euskal Herriko ikastoletako guraso batekin hizketan, eta eskertua zen Azpeitiko Udalak hiru mila euroko laguntza eman berri diolako Seaskari. Hura omen da diru laguntzarik handiena ematen duen udala. Talde abertzaleak (EAJ, EH Bildu eta Geroa Bai) Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako 240 alkatetzatan izan dira legealdi honetan, Azpeitikoan (EH Bildu) barne. PSE/PSN, PP eta UPNk 54 alkatetza izan dituzte. Bazterkerian erortzeke, handia da aldea herri urratsetarako. Gainera, eta sos kontuez ari garela, Hegoaldeko hamar mila biztanletik gorako 56 udalerrietako 45 alkatetzatan izan dira talde abertzaleak. Bi bloke identitario dira, baina bloke abertzalean ez daude bat eginda nazio estrategian, Nafarroako legealdi honetako kasua salbuets daitekeen arren. Oinarrizko irizpide nazionaletan ere ez dute bateratasunik. Adibidez, indar abertzaleek ez daukate irizpide jakin bat 240 udal horiek Seaskari edo nazio eraikuntzan eta nazioa josten diharduten beste eragile batzuei diru laguntza emateari buruz —batzuek ematen dute; askok ez—, eta, ematekotan, zenbat emateko. Gainera, talde abertzale bakoitzean ere ez daude irizpide bateratuak. Ataungoa da 240 udal horietako bat, eta orain hango alkategaietakoa da Xabier Barandiaran (EAJ), Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiaren kabineteburua. “Hauteskundeak hauteskunde, herri estrategia bat lantzea ezinbestekoa dirudi datorrenaren aurrean”, idatzi zuen azken Aberri Egunean. 1998koa da eredu bat, Lizarra-Garazirena: eliteen artekoa, ustekabean aurkeztua herriari. Behetik gorakoa da beste formula bat; langai dago, eta, herri estrategia osatuz joateko, eskatzen du norabide nazionalean doan neurri sorta bateratua gauzatuz joatea ere.♦

Presoak, balantzea

BERRIAko analisiaren (2019-2-23) laburpena: PSOEren gobernu batek hasi zuen urruntze politika, 1989an, eta PSOEren beraren gobernu honek zeukan orain politika hori bukatzen hasteko abagunea; abagune historikoa, ETArik gabeko aroa izateagatik, eta izango zuen Kongresuaren gehiengoaren babesa. Ia bederatzi hilabete daramatza Moncloan, eta ez da hasi horretan. Gerturatze urri horiek ez dute esan nahi espetxe politika aldatzen hasteko sakoneko erabakia hartua duenik. Jaurlaritzak hain maite duen diskrezioaren eremuan zer gertatzen den jakin gabe, badirudi, nagusiki, ETAren desegiteak eta EPPK-ko kideen legediko pausoek soilik behartu dutela PSOEren gobernua presoenean zeozer urri hori egitera. Ez da, bestela, bultzada berezirik sumatu Euskal Herrian. Aurrera begira, instituzionalki, adibidez, egoera berraztertzeko modukoa da estatuko agintaldi berrirako: Nafarroako gobernu honek auzia ez du aitatu ere egiten ia, eta udatik aitzina aldaketaren gobernuak jarraituko balu baina haren osaera pluralagorik ezean guztia Jaurlaritzaren esku uzteak ez du ematen solaskidetza, ekimen eta, kasuan, presio instituzionalerako biderik eraginkorrena litzatekeenik. Madrilen eskuina gero eta gogorrago dago, amorruz. Kongresuko herenegungo agerraldia ikusi besterik ez dago; eta hori, gainera, Vox falta dela orain.♦

Immobilismoak

BERRIAko analisiaren (2019-1-10) laburpena: ETAri su-etena emateko eskatzen zioten. Betiko eman zuen (2011). ETAri armagabetzeko eskatzen zioten. Desarmatu zen (2017). ETAri desegiteko eskatzen zioten. Bukatu zuen ETAk ibilbidea (2018). Espetxe legedia segitzeko galdegiten zioten EPPKri. Ari da, batik bat duela urtebetetik. Hitz ematen zuten halako kasuetan aldatuko zutela kartzela politika, edo egingo zutela bat eragiteko. Hala ere, “ETAko” presoen aurkako salbuespen politika ez da amaitu. Ezker abertzaleari kostatu egin zaio bide hau hartzea, agian berandutzeraino, baina hartu du. Ordea, ikusitakoak ikusita, ondoriozta daiteke eragile zenbait, bakoitza bere erara, ezker abertzaleari iraganagatik faktura pasatzen dabilela, eta egindako eskaera haiek ETAren bukaera bilatzeko zirela soilik, ez, kasuan, presoena konpontzeko. Eta, presoen zama arintzen hasteke, ondoriozta daiteke ezker independentismoaren proiektua blokeatu nahian dabiltzala, kasurako 2011 bukaeraz geroztik Madrilek lortu zuen bezala.♦

Bateratasuna

BERRIAko analisiaren (2018-12-15) laburpena: Azkenaldian desadostasunak agertu dira Parisekin, eta euskal ordezkaritzak atzo jakinarazi zuen “elkarrizketa etenda” dela gaur-gaurkoz. Berri txarra konponbiderako. Duela hilabete batzuetatik badago faktore bat: Grande Marlaska-Davo. Frantziako Justizia Ministerioan euskal presoen auzien kontrola duena Helene Davo da, ministroa ez izan arren. Espainiako espetxe politikan Barne ministroak du: Fernando Grande Marlaskak. Epaileak dira biak, aspalditik ezagutzen dute elkar, eta Grande Marlaska Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoko presidente izan zen garaian (2012-2017), Frantziak Espainian zeukan lotura epailea Davo zen. Urriaren 1ean Espainiako eta Frantziako gobernuek ETAren bukaeraz ekitaldia egin zutenean, Madrilen kondekorazioa jaso zuen Davok. Biek, gainera, uda ETAren biktimen elkarteekin egoteko baliatu dute, eta rol berezia eman diete kartzela politikan. PPren gobernuak ETAren armagabetzean ez ezik presoen auzian deus positiborik egin ez arren, Paris mugitzen hasi zen, eta, orain, Madrilen agintean PSOE dela, presoenean sintonia daukate bi gobernuek. Eten bat eginda, badirudi Paris azkenaldian lagunaren zain egon dela, urratsetan bien arteko oreka bat emate aldera. Lerrokatzea deitu ahal zaio. Pausoak pauso eta erritmoak erritmo, norabide berean joateko moduan leudeke. Baina beren kabuz ez dute prozesua azkartuko eta sakonduko. Duela hilabete batzuk, Peixoto euskal militante historikoa bateratasunaz mintzatu zen BERRIAn, “denok gurdiari batera bultza egiteaz”. Presoenean ere nahi duenak, badauka aukera. Nahi ez duena, berriz, hartuko du goxo Parisek edo Madrilek.♦

Ziklo berri baten zumeak

BERRIAko artikulu analitikoaren (2018-11-18) laburpena: Beste alerik ezean —ez da iragarria—, duela lau urte abiatutako herri galdeketen zikloa gaur bukatuko da, Gipuzkoan Donostian eta Irunen, eta Bizkaian Alonsotegin, Balmasedan eta Zallan kontsultak eginda. Haiekin, 209 izango dira —Euskal Herriko udalerrien %30,5etan galdeketak—, eta berrehun mila pasa boto.  Harez gain, bada mugimendu gehiago, instituzionalki eta sozialki: EAEn, EAJren eta EH Bilduren artean estatus politiko berri baterako oinarriak; Eusko Ikaskuntzaren mendeurreneko kongresua, aurrera begiratzeko; Demokrazia Bai plataforma, eta, haren zentzu desberdin batean, Euskal Herriko Federalistak. Ziklo berri baterako zenbait zume dira. Gainera, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian berritasun instituzional handiak gertatu dira azkeneko urteetan. Herri instituzionalerako eta sozialerako zume batzuk dira.♦

Estatu estrategia

BERRIAko analisiaren (2018-11-10) laburpena: Arazoa Espainiako Estatua eta haren  estatu estrategia da. Pozesua izan aldebikoa ala aldebakarrekoa, parean zein den garbi izatea ona da beti. Buruan eta agendan zeure nazioa izatea ona den bezala. Ordea, harrigarria da klase politiko subiranistan zenbat hitz egiten den Espainiaz. Europan eta munduan nazio gisa aritzeko, besteak beste langai dute Kataluniako bezalako egitura diplomatiko bat sortzea euskal subiranistek. Logikak dio burujabetza prozesu bat zaila dela garatzea aurretik estatu egitasmoak eta baliabide nazionalak diseinatu gabe. Katalan independentistekin hizketan ari da EH Bildu, indarrak batzeko eta estrategiak partekatzeko. Negozio ona litzateke haiengandik halako gauzak ikasten joateko. Orobat, katalan ordezkari politikari askok balukete ikastekorik ezker abertzaletik Espainiako Estatuaren benetako izaeraz, eta, erresistentzian, trebeagoak eta kementsuagoak izateko.♦

« Artikulu zaharragoak Artikulu berriagoak »

© 2022 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer