Lerro batzuk

Enekoitz Esnaola

Page 19 of 48

Gauza txiki batzuk (13)

Gasteiz. Bi bloke behintzat garbi daude Gasteizko udal taldeen artean: PP (1. indarra 2015eko bozetan) eta udal gobernuko EAJ (3.)-PSE (4.). Bestea EH Bildu (2.)-Hemen Gaude (5.)-Irabazik (6.) osatuko lukete. Bloke bakoitzak bederatzi hautetsi dauzka. Baina botoetan-eta nola daude? PPk 35.722 boto (%30,18), EHB-Hemen Gaude-Irabazik 39.942 (%33,75) eta EAJ-PSEk 34.258 (%28,94). Aurrera begirako aliantzetarako datuak, menturaz.

Jonan Fernandez. Noticias taldeak zekarrenez, Jonan Fernandezek datorren asteazkenean aurkeztuko du Eusko Legebiltzarrean Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzaren legealdiko plana. Fernandez oraindik, ofizialki bederen, ez dute idazkari nagusi (ber)izendatu. Jada igaro dira bi hilabete Iñigo Urkulluk lehendakari kargua hartu zuenetik. Astearteko gobernu bileran izendatuko dute, ala?

Algeciras. Euskal kazetaritzan ibilbide luzea egindako emakume bati elkarrizketa egin diogu goizean. Poltsa prestatzera joan da gero: arratsaldean Algecirasera doa autobusean, hemendik 1.100 kilometrora, euskal preso bat bisitatzera. Jonan Fernandezek-eta gaur-gaurkoz benetan heldu beharreko arazoa: presoen urruntzea.♦

Memoria eta zigorra

“Bakea eta normalizazio politikoa lortzeko” ekintza plana aurkeztu du EH Bilduk: Bakerako Euskal Konponbidea. “Memoria duen iragana”, “orainaldi baketsua” eta “bizikidetza demokratikoan oinarritutako etorkizuna” planteatu ditu. 68 ekintza. Iraganari buruzkoetan, biktima oro aitortu, erreparatu eta errehabilitatzea proposatu du —lehen data modura, 1936ko kolpe militarra aipatu du—; kontakizun inklusibo bat ezartzea nahi du; Egiaren Batzordea; Justizia trantsizionala; sinbolo faxistak desagerraraztea; gorpuak hobitik ateratzeko ekinbideak; hezkuntzako proiektuak… Eta: “1977ko Amnistiaren Legea indargabetzea, gizateriaren aurkako delituak egin zituztenen zigorgabetasuna eragin duelako. (…) Gizateriaren kontrako delituak ikertu eta epaitzeko euskal epaitegietan eta baita ere nazioarteko auzitegien aurrean kereila bultzatzea”. Larunbatean aurkeztu zuen asmoa EH Bilduk. Ostiralean, berriz, Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak txosten batean esan zuen ETAren 224 atentaturen egiletza argitu gabe dagoela oraindik. Beste 21 kasu judizialki ireki dituzte. 224 atentatuon erdiak 1978-1982 urte artekoak dira. Eferen arabera, ANko fiskal batek dio ETA desegiten ez den artean atentatu haien egileak etakidetzat jo daitezkeela, baldin eta jendaurrean ez badute iragarri erakundea utzi zutela. Iraganetik anitz dago jakiteko eta urratzeko, baina kontua da bake iraunkorrerako memoria osatu nahi den edo zigorraren bidea ere urratu nahi den. Espainiako Estatuak badu munizioa oraindik, probokatu ala ez.♦

Joxe Elorrieta, post scriptum (eta III)

Joxe Elorrietaren elkarrizketako III. post scriptum-a: Adolfo Txiki Muñoz ELAko idazkari nagusia joan zen orain dela pare bat aste Gasteizko liburudenda batera, senide batek lan han egiten duela-eta, eta senide horrek aipatu zion atera zela Elorrietaren liburu berria. Irakurria zuela, Muñozek. Nolatan, senideak, orduantxe heldu zela liburua. Muñozek erantzun zion labera sartu aurretik irakurri zuela, nola ez zuen ba aurretik leituko bera izanda ELAko idazkari nagusia. Horrek ez du esan nahi bedeinkatu egin behar zuenik, Elorrieta Elorrieta baita “sindikatuan” —batek “doktore” deitu dio elkarrizketaren aurretik—. Egiaztatzeko dagoena da ea liburuko mamiak esan dezakeen ELAk, Elorrietaren apunteekin, prozesua hasteko bide hori iradoki duen.♦

Joxe Elorrieta, post scriptum (II)

Joxe Elorrietaren elkarrizketako II. post scriptum-a: “Kezkagarriena arlo sozialean, ideologikoan eta nazionalean pultsua galtzea da”, dio Elorrietak, eta gogoratu du Joseba Sarrionandiaren pasarte bat dakarrela liburuan, “bikaina” iruditu zaiolako. Una mirada sindical contracorriente. Clase, territorio y nuevas alianzas liburuko 223. orrialdean du ELAko idazkari nagusi ohiak Sarrionandiaren pusketa hori, Moroak gara behelaino artean? saiakerakoa (2010). Euskaraz, hauxe:JoxeElorrietaSarri

Joxe Elorrieta, post scriptum (I)

Joxe Elorrietaren elkarrizketako I. post scriptum-a: Elorrietak bere liburu berrian ez darabil ezker abertzalea terminoa; ENAM deitzen dio hari. Zergatik? Haren erantzuna: “Ezker abertzalea termino orokor bat da. Gu ere bagara ezker abertzalea. Baina, bestetik, aitortzen dut gaur egun ez dela termino egokia ENAM erabiltzea; egoera aldatu egin da, ez dago ETA, eta hau jada ez da hango abangoardia. Baina nola deitu behar diot? Italian alderdi komunistari momentu batean, trantsizio prozesuan, nola deitzen zioten? La Cosa. Nola deitu behar zaio Sorturen, LABen eta Ernairen mugimendu horri? Haiek ezker abertzalea erabiltzen dute, baina nik ez badut nahi termino hori erabiltzea, orokorra delako, ba ENAM deitzen diot, onartu arren ez dela zuzena. La Cosa ezin zaio deitu…”. Elkarrizketan Elorrietak behin erabili du ezker abertzalea. “Ai, ihes egin dit”, zioen ELAko idazkari nagusi ohiak, irribarrez.♦

Maddalen Iriarte eta Joseba Egibar kafea hartzen

San Sebastian egunean elkarrekin kafea hartu zuten Joseba Egibarrek (EAJ) eta Maddalen Iriartek (EH Bildu), Donostian, Arantzazu hoteleko kafetegian, hartarako propio geratuta. Arratsaldea zen, eta bazen jendea. Iriartek abuztuan politikagintzara jauzia eman zuenetik ez ziren elkarrekin egon lasai mintzatzeko, eta San Sebastian egunerako jarri zuten hitzordua, jendeak ikusteko kezkarik izan gabe. Aspalditik ezagutzen dute elkar, euren ibilbide profesionalagatik —1980ko hamarkadatik Herri Irratian eta ETBn kazetari Iriarte; 1987an ja EAJren GBBko buru Egibar—, eta, datua okerra ez bada, iazko martxoaren 15ean egin zion Iriartek azkeneko elkarrizketa. Egibarrek orduan Azpimarra-n esana: “Elkarren arteko konfiantza behar da. Konfiantza landu egin behar da, ez da egun batetik bestera lortzen; horretarako daude guneak, autogobernu ponentziak, alderdien arteko harremanak, mugimendu desberdinak…”, eta kafeak (Egibarren esan gehiago, behean). Azken bi hilabeteetan biak tokatu dira, jakina, Eusko Legebiltzarrean, baina ez ei zuten patxadan hitz egiteko astirik topatzen. Egibarrek ordaindu zuen kafea Arantzazu hotelean.♦

Egibar-Azpimarra

‘Metereologia’ adierazpenak

BERRIAko analisiaren (2017-1-20) laburpena: German Kortabarriak Gauzak horrela (ere) izan ziren liburuan dio ELAko zuzendaritzakoen artean “agiri metereologiko” deitzen zietela ETAren ekintza baten ondoren LABek atera ohi zituenei: “Eguraldiaren parte bailiran, ‘gatazkaren ondorio’ zen ekintzaren konstatazioa jasotzen zuten, ekintzaren eta haren eraginaren inolako baloraziorik egin gabe”. Jaurlaritza adierazpen metereologikoekin aritu da Juan Kruz Mendizabalen eta Sara Majarenasen kasuetan. Majarenasenean EAJk badu ardurarik: berriro nabarmen geratu da presoen sakabanaketak zer kalte dakartzan, eta politika horren bultzatzaileetakoa EAJ izan zen, orain ia 30 urte. Duela bi hamarkadatik dispertsioaren kontra dago, baina haren lana ez da alde zegoenean bezain irmoa eta erabakigarria. Sarek dio presoen arloan “mugimenduak” egon direla, “eta Espainiako eta Frantziako gobernuek ere pausoren bat ematea falta da”. Bistan da, ordea, estatuak mugitzeko lana dagoela egiteko. Sarek berak aipatu du oinarrizko dokumentu bat landu nahi duela alderdiekin.♦

« Older posts Newer posts »

© 2025 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑