Lerro batzuk

Enekoitz Esnaola

Page 20 of 48

Gauza txiki batzuk (12)

Sortu-Aralar. Patxi Zabaletak astelehenean elkarrizketa batean esan zuen Sortuk eta Aralarrek batera beharko luketela indar zabal batean, eta hara!: sartu da euskal kulturako kide ezagun bat Sorturen egoitza nagusian, Donostian, Zuatzun, eta “Rebekagatik” galdetu du. “Rebeka? Zer Rebeka?”. “Ubera”. “Ez da Sortukoa; Aralarrekoa da, eta EH Bildukoa”. “Ostra!, deskuidatuta etorri naiz hona. Banoa Igarara, Bildura”. Astearte arratsaldean pasatu zen. Neu lekuko.

Arkaitz Rodriguez. Nazional mailan hiru bozeramaile izango ditu Sortuk etziko kongresutik aurrera: Arkaitz Rodriguez (Ekintza Politikoko idazkaria), Miren Zabaleta (Nafarroako arduraduna) eta Pello Otxandiano (Herrigintzako idazkaria). “Nagusiki”, Rodriguez.

Gure Esku Dago. Bazkidetza aldetik pattal samar, eta diru iturrien beharragatik zozketekin hasi zen Gure Esku Dago. 71.262 boleto saldu ditu. Zakar pixka bat bildu du. Sari nagusia Zallara joan da; irabazlearentzat, 30.000 euro. Diru iturri berrietan pentsatzen dabil dinamika, anbizioarekin. Beharko du ahalmen ekonomikorik. Hango batek asteon: “Dago agenda bat!…”.

Sumate. Kataluniaren independentziaren aldeko gaztelaniazko hiztunen plataforma bat da Sumate. Procés hasi berria zela aurkeztu zuten: 2013ko urrian. Laster du beste hitzordu garrantzitsu bat. 700 bazkide baino ez dauzka, baina Kataluniako hedabide publikoek eta bestelako entitateek puztu egin dute. Estrategia bat badela ikusten da.♦

Joxe Elorrietaren “pare bat ideia argi” horiek

Una mirada sindical contracorriente. Clase, territorio y nuevas alianzas liburua (Begirada sindikal kontrakarreko bat. Klasea, lurraldea eta aliantza berriak) idatzi du Joxe Elorrieta ELAko idazkari nagusi ohiak (1988-2008). Icaria da argitaletxea, eta lana Bartzelonan aurkeztuko dute, hil honen 25ean. Ondoren, Bilbon —hilaren 31n, prentsaurrekoa— eta Iruñean —otsailaren 8an, Katakrak-en— ere egingo dituzte aurkezpenak. Dena dela, sarean bederen, salgai dago jadanik. Ia 300 orrialde ditu liburuak, bost ataletan banatuta. Laugarrena, “euskal kasuari” buruzkoa da: ELA-LAB aliantza berreraiki, prozesu subiranista, horretako “ageriko konbinazioa”, agenda politikoa eta —azpimarratuz— soziala… Asteartean Elorrietarekin telefonoz hizketan, eta zioen “onena buruan argi pare bat ideia” izatea dela. “Bestela, asko izanez gero, konplikatzen hasten zara…”. Bihar BERRIAn liburuko laugarren atal horri buruzko artikulu bat aterako dugu.♦

Gauza txiki batzuk (11)

EAJ. EAJren EBBk gaurko bileran ez du hizpide izan presoen eskubideen aldeko larunbateko manifestazioa. Ez da joango alderdia. Ez da harritzekoa. 1999an izan zen; Lizarra-Garazi garaia zen. 2014an izan zen; Tantaz Tantaren martxa debekatu berri zen Espainiako Auzitegi Nazionala, eta EAJ izan zen deitzaileetakoa. Orain ez dago akordiorik eta EAJ ez da deitzailea = EBBk ez du deialdia tratatu. Horrek ez du esan nahi gaia Sabin Etxean ez dagoenik. Badago.

‘Antton’. Kalera Kalera-koek harreman asko egin dituzte azken asteetan, eta ari dira konplizitate berri batzuk erdiesten, lehen ezinezko zirenak. EBBrekin batu ziren, adibidez, Sabin Etxean; han zen Antton Lopez Ruiz Kubati. Hari harrezkero jeltzaleen arduradun batek esan dio hemendik aurrera Antton deituko diola, ez Kubati.

Egibar. Joseba Leizaolaren heriotza dela-eta Joseba Egibar EAJren GBBko presidenteak iritzi artikulu bat egin du. GBBren webgunean atariaren erdal bertsioan euskaraz dago, artikulua hala baino ez baitago idatzia. DVk berak Politika sailean euskaraz atera (behar izan) du. Gauza ttikia da, baina euskaldunak bidea marka dezake hedabideetan ere.

Gauza txiki batzuk (10)

EITBko albistegiak. EITBko albistegiak: LABen diagnostiko orokorra eta proposamenak aurkezteko prentsaurrekoa deitu zuen EITBko LABek, eta hedabiderik ez zen azaldu… BERRIAk badakar artikulu bat idatziaz: “ETB1eko albistegietarako agenda eta arduradun propioak nahi ditu LABek”. Ematen du zer pentsatua txostenak. Esaterako, hau dio:

LAB-EITB

Espainiako erregea. Hego Euskal Herrian berriro jaitsi egin da Espainiako erregearen Gabon gaueko monologoaren telebista jarraipena, minimo historikoetaraino jaitsi ere. Dena den, politikari abertzaleak Eguberri egunez halako lehorkeri bati buruz lehen baino gehiago edo toki gehiagotan mintzatzen dira, Twitter ere baliatuz. Deskonexio mental ezaz ere txosten bat egin beharko da.

Sortu. Sorturen Zohardia txostenak 751 zuzenketa partzial jaso ditu. Gehienak, euskaraz idatzitakoak dira. Euskaraz bizitzeko borondatearen isla. Euskaratik ta euskaraz, 2017ko desafioa, euskaldun kontzientzia zeozer berpizten hasteko.♦

“Zikloa ixteko”, esan eta egin

BERRIAko analisiaren (2016-12-28) laburpena: “Zikloa itxi”. Hori esaten da maiz ezker abertzalean; azkenaldian, sarriago. Azken hiru bat urte galdu diren sentsazioa daukate ezker abertzalean. Ez dute gehiago galdu nahi. Armagabetzean ildoa berritu du ETAk. “Espetxeak husteko” ildoa berritzeko gogoeta hasi du EPPK-k; berritasun nabarmenak dauzka zuzendaritzaren proposamenak, eta uste du “ezinbestekoa” izango dela euskal gizartearen inplikazioa. Ildo berria onartuz gero, esandakoa egiteko tenorea helduko zaie EPPK-koei. Esan eta egin. Horretarako, engaiamendua. Ipar Euskal Herrian ari dira. Mugarri izan zen Baionako adierazpena —2014ko urria—, eta Berhokoirigoinek-eta joan den urrian ETAri helarazitako gutunean bazekarten aipamena. “Gure egiten dugu ETAren armagabetze zibila aitzina eramateko ardura”, hitz eman zuten Luhusoko polizia operazioaren ondotik gizarte eragile askok, Baionan. “Badator bide berria, badatoz lan berriak” ere bazioten. Zikloa ixteko presoen eta armagabetzearen auziek forma kolektibo, sozial eta iraunkor bat hartzen badute, bi estatuek arazo bat izango dute kontakizunarekin; hori dute kezka, Espainiakoak batez ere.♦

Luhusokoaz (II)

Ipar Euskal Herrian gizarte zibileko jendea irmo ari da ETAren armagabetzearen alde. Atxilotu egiten dituzte, baina baita libre utzi ere, baldintzapean izan arren. Azkeneko urte eta erdian: Miarritzeko ustezko arma gordelekuko etxeko Nathalie Chasseriaux eta Enrike Lopez, Graxi Etxebehere (Xabier Goienetxea eta Iñaki Reta etxean zituen), Pantxoa Flores (Iratxe Sorzabal eta David Pla aterpetxean zeuzkan), Xabier eta Denise Arin (etxean zuten Mikel Irastorza), eta orain Luhusoko bostak: Mixel Berhokoirigoin, Txetx Etxeberri, Mixel Bergougnan, Beatrice Molle-Haran eta Stephane Etxegarai. Aurrerabiderako ondorio interesgarria atera daiteke hortik. ETAren armak edo etakideak etxean izatea delitua izan daiteke juridikoki, baina ETA desarmatzen laguntzea politikoki menperaezina da. Ipar Euskal Herriko gizarte zibileko kideek esan dute armagabetzean aurrera egingo dutela. “Partida polita dugu jokatzeko”.♦
Luhusokoaz (I)

Luhusokoaz (I)

Euskal Herrian eragile gehienek goraipatu dute Luhusokoen ekinaldia; Mixel Berhokoirigoin, Txetx Etxeberri, Mixel Bergougnan, Beatrice Molle-Haran eta Stephane Etxegarai boskotearena. Haien konpromisoa baloratzean –publiko orokorrari begira, Berhokoirigoin eta Etxeberri dira ezagunenak–, komeni da haien ibilbide osoko engaiamendua hartzea kontuan Luhusokoa konprenitzeko eta ostiralekoa jendaurrean azaltzen ibiltzeko. Datu solte batzuk ematearren, Berhokoirigoin, adibidez, Frantziako Estatuaren aurka Euskal Herriko Laborantza Ganbera sortzeagatik epaitu egin zuten orain dela urte batzuk —gailen atera zen—. Etxeberrik, beste batzuekin batera, GALeko bi kide harrapatu zituen Baionan 1985ean, Monbar hoteleko hilketak izan eta minutu gutxira; edota, urrutira joan gabe, lehengo ekainean Frantziako poliziak “zapatu” egin zuen Baionan, lan erreformaren kontrako protestan. Orain, Luhuson ETAren armak suntsitzekoak zirenean, bazekiten atxilotzeko arriskua zutela; argitaratzeko bideratuak zituzten gutunak lekuko. Hala ere, aurrera jarraitu zuten. Bake bidean, hitzontzikeririk ez haiek.♦

« Older posts Newer posts »

© 2025 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑