BERRIAko analisiaren (2015-12-23) laburpena: EAJk esan du inbestiduran ez duela Rajoyren alde egingo, baina ez du esan ez duenik baztertzen PPrekin —gobernuan balego— harreman berri bat abiatzea, eta ez du esan PSOEren alde egingo duenik gobernu alternatibo bat eratze aldera. Zain geratu da EAJ, autogobernuaren alorrean-eta zeinekin eta nola moldatu ahal den aztertzeko. Behin gobernua badela —PPrena, hain segur—, EAJk aurrerantzean ere aldarrikatuko du nazio izaera eta erabakitzeko eskubidea, 2016ko boz autonomikoak buruan ikurrok erabat besteen esku ez uztearren. Baina, bide batez, iristeke diren eskumenei eutsiko die, Moncloari kontua eskatuta. Sabin Etxeak ikusten du Eusko Legebiltzarrean hurrena ezkerreko eta erabakitzeko eskubidearen aldeko taldeek espazio indartsu bat egituratu ahal dutela —maiatzeko bozen estrapolazioan, 30 aulki; igandekoetan, 34—, eta, agian, EAJri ez zaio aski izango PSEren sostengua; PPrena ere beharko luke. Estatuari, berriz, komeni zaio ez piztea beste lurralde gatazkarik, eta EAE kontrolpean izateko lanean segituko du, formula jatorragoekin bada ere.♦
Page 32 of 48
Iñaki Anasagastik esaten du estatu unitarioa sagar baten modukoa dela, dena homogeneoa eta bat. Estatu federala, berriz, laranja baten modukoa dela, atal indibidualak dituena, baina denak pieza batean bilduak, berdin-berdin. Eta estatu konfederala, mahats mordo bat bezalakoa, mahats denak bereiziak dituena, baina guztiak mahats mordoko adar txikien bidez txorten baten bueltan bilduak.
Esaten dute irekiko dutela Espainiako Konstituzioaren meloia. Euskal Herriarentzat, kalabazak berriro?
Tripak nahasteko modukoa da, baina burua nahasi ahal da. Benito Lertxundik esaten du “kolonizatua dagoen herri batek botaka” egin beharra duela “inperialismoak bota dizkion basa guztiak” kanporatzeko. “Euskaldunok automatikoki diogu arazo nazionala dugula eta, gainera, demokrazian bizi garela. Hori ura eta olioa bezala da; ez dira elkartzen inoiz, teknikoki ezinezkoa da. Edo dago bat, edo bestea. Orduan, aklaratu egin behar dugu”.♦
Andoni Olariagak, Jule Goikoetxeak, Unai Apaolazak eta Imanol Galfarsorok Independentzia helburu liburu sakonean ez dute aztertu edo ukitu lurraldetasunaren kontua. Aurkezpenean, lurraldetasunaz galdetuta, Goikoetxeak zioen ez dutela “problematizatu”. Independentismoan estrategia eraginkor baterako oinarriak jartzeko apenas dagoen eztabaidarik horretaz. EH Bilduk Euskal Bidean lerro batzuetan du “irizpidea finkatua”: “Espainiako Estatuarekin harremana erabaki aurretik, bi eremuetako [EAE, Nafarroa] herritarrek euren arteko harremana erabakitzea –Hego Euskal Herriko lurralde batasuna lortze aldera– lehenesten dugu”. “Bitartean, Euskal Herria“, esaten du Imanol Esnaolak, Gaindegiako arduradunak; “independentziarako aukerak gauzatu ala ez erabakitzen dugun bitartean Euskal Herri izateko egitasmoa garatzea beste aukerarik ez dugula da, dirudienez, Kataluniako ikasgai nagusia”. Katalunia aipatuta, 2013ko Diadaren biharamunean ANCko buruekin pare bat orduz egoteko aukera izan genuen. Estatugintza sustatzeko balio unibertsalak landu beharraz aritu ziren —”ez joan katalan hizkuntzaren kontuarekin Cornellara”—, eta zioten lurraldetasunari ere garrantzia handia eman ziotela biltzar nazionala sortzeko prozesuan. “Estatu bat izateko zehaztu beharra zegoen: Principatekin abiatu ala Herrialde Katalanak hartu”. Iskanbila handia eduki zuten barne mailan, eta jende baliotsu bati ez zioten utzi ANCn sartzen, jende horrek uste zuelako Herrialde Katalanak hartu behar zirela hasieratik. “Estrategia da hori ere”, azpimarratu ziguten ANCko bultzatzaileek.♦
Orain ez bezala, maiatzeko hauteskunde kanpainan —udal eta foruetakoan— Euskal Herrian izan zen Jose Mujica Uruguaiko presidente ohia, bikotekide Lucia Topolanskyrekin batera, eta, besteak beste, Iñigo Urkullurekin eta EH Bildurekin bildu zen. Egun haietako batean bete zituen 80 urte —maiatzaren 20an—, eta, egun hartan Juan Karlos Izagirrerekin-eta Donostiako Parte Zaharrean egindako afarian Zorionak zuri abestu zioten. Mujicak esan zien kantatzeko beste zerbait, yankie dela-eta hura. Kaxianoren Zorionak zure urtebetetzean abestu zioten, eta gustura geratu zen. Aurreko egunean Izagirrek Igeldon duen txabolan bazkaldu zuen, harekin eta bien bikotekideekin —ordukoa da argazkia—. Donostiako garaiko alkatea: “Natural-naturala da Pepe Mujica. Hori bai, beti erne egoten da eta ez ditu alferrikako hitzak erabiltzen. A!, eta ez du presarik izaten”. Topolanskyren jakituriarekin harrituta geratu zen Izagirre. BERRIA Izagirrerekin berarekin ia hiru orduz egon da txabola hartan, eta aste batzuk barru aterako dugu erreportaje zabal bat. Badu Pepe Mujicatik zerbait: naturala da.
(argazkia, Juan Karlos Izagirrek utzitakoa. 2015-05-19, Igeldo)
BERRIAko analisiaren (2015-12-6) laburpena: Espainiako Kongresuan hurrena ez da alderdi baten gehiengo osorik egongo, baina bai beste estatu itun bat egitear diren indar batzuen artekoa. Hain segur, PPren eta Ciudadanosen artekoa —estatu interesetan, itunkide PSOE lagun dute—. Euskal Herriak ukazioa jasoko du. Baina EAJ / Geroa Bai eta EH Bildu Madrilen izango dira, badaezpada: EAJ, sikiera Gernikako Estatutuaren erreforma leun bat lantzen bada han ere egote aldera, eta EH Bildu, ETA armagabetzen bada ere. Nafarroako Aldaketaren mugimendua ez da Madrilera begirakoa, ez da badaezpadakoa. Nafarroako aldaketa sendotzen segitzeko egina da urratsa. Ez da eskumen kontua, irismen kontua baizik. Bada aldea.♦
1990eko abenduaren 6 hartako azalean Durangoko Azokak mende laurden bat bete zuela zekarren; Ipar Euskal Herriak baliabideak behar zituela; Europako herri bat independentzia lortu nahian zebilela; AEBetako militarrak berriro zebiltzala beste herrialde bateko kaleetan; auzi politiko batean gipuzkoarren bi heren erreferendumaren alde zeudela; Espainiako Estatuan azkenetan zen erakunde armatu bateko kide batek estradizio auzi bat zuela Frantziako Errepublikan; Irak-en eta AEBen arteko gerra kontuak ere bazekartzan azalean; bonba atomikoa lortzeko mehatxuak bazirela; EAJren eta PSEren arteko negoziazioak; EHUko barne arazoak; euskararen erabilera txikia hamar mila biztanletik gorako udalerrietan; eta Athletic. 25 urtera begiratuta, nobedade handirik ez, funtsean.
Berritasuna kazeta bera zen: Euskaldunon Egunkaria. 1. zenbakia zuen gaur 25 urteko hura. “Agur t’erdi”, zioen azalean, ohar bateko izenburuan. Egunkaria-ren 11 oinarri fundazionalak: euskaltzalea, nazionala, zabala, baterakoia, erakunde politikoekiko independentea, erdal komunikabideekiko independentea, ez-instituzionala, diruz lagundua, profesionala, militantea eta berria.
Bai, estatuak 2003an itxi egin zuen. Baina garrantzitsuena da Euskal Herriak sortu egin zuela, 1990ean. Eta hor segitzen duela etxe horrek, proiektu horrek. Berria zen 11. oinarria; bisioa izatea deitzen zaio hori…
Aizkora bat dago Imanol Murua Uriaren Ekarri armak. ETAren jardun armatuaren bukaeraren kronika liburuaren azalean, Joxe Mari Olasagastiren aizkora bat. Juanma Aramendi Elkarreko diseinu taldeko kideak egin du. Bururatu zitzaion aizkora batek behar zuela liburu horren azalean, eta Olasagasti aizkolariaren sagardotegira joatea pentsatu zuen. Aramendi urtean zehar joaten da hara afaltzera-eta, eta, beraz, badaki Olasagastik aizkora sorta bat duela han, ikusgai. Baina azala egiteko denbora falta zela-eta hara ez, baizik eta Aratz Donostiako tabernara jo zuen, lantokiaren inguruan izanik badakielako han badela, mostradorearen atzealdean, Olasagastiren aizkora bat, puskatutako bat; diseinatzaileak nahiago, gainera, halakoa izatea. Argazkia atera zion, eta azala pronto utzi zuen. Atzo artean behintzat Olasagastik ez zekien ezer. “Bidaliko diogu liburu bat”, dio Aramendik. (Ostegun honetan aurkeztuko du liburua Murua Uriak. Hemen pasarte bat)♦







Azken iruzkinak