Iruñean EH Bildu alkatetza hartzera doala eta, haren inguruko batzuk hor ari dira ea sanferminetako prozesioan irten behar al duten koalizioko hautetsiek, zezenketekin zer, eta abar. Azpeitian Bildu 2011tik egon da alkatetzan (datorren legealdian EH Bildu izango da). 2007-2009an urte eta erdi batean ere izan zen agintean ANV-EA-Aralar hirukoa. Azpeitian ere badira festetan prozesioak eta zezenketak. Ezker abertzalearen udalak ere ez ditu kendu, eta Bilduko eta aipatutako hirukoko udal gobernukide batzuek parte hartu izan dute elizaren ekitaldietan eta egon izan dira korridetako presidentzian; modu libre batean. Baina 1996rako behintzat, etorkizun hurbil-ertaineko ardurak bisionatuz, Azpeitiko HB ari zen horretaz gogoetatzen; legealdi hartako HBko lau zinegotziek Ilunpe soziedadean egindako afariko onddo tortilla lekuko. Garrantzitsuena zer den jakitea baita garrantzitsuena.♦
Page 40 of 48
“Nire aro politikoa bukatuta dago, eta epilogo batean nago”, esan du Xosé Manuel Beiras galiziar abertzale zailduak elkarrizketa batean. 1982an PSOE utzi zuen, 2012an BNG laga zuen, eta Anova sortu, eta orain herritarren mareen zerbitzura jarri du. Udal hauteskundeetan emaitza ikusgarriak izan dituzte Santiagon, Coruñan edo Ferrolen, PPren territorioetan.
Elkarrizketa hartan esanak dira: “Gizarte zibilean eta hiritargo aktiboenean zegoen aldaketa posible baten motorra”, “Anovak hasieratik babestu zituen Mareak, eta beste indar politikoei eskatu genien han sar zitezen, baina ez herritar aktiboei protagonismoa kenduz, baizik eta lagunduz”, “hausturaren aldeko indar politikook elkarrizketa prozesu serio bat ireki behar dugu”, “Podemos, ezkerra/eskuinaren diskurtsoaren ordez, goikoak/behekoak hasi zen erabiltzen. Mediatikoki oso logikoa iruditzen zait, baina behekoek osatzen duten gehiengo sozial hori ez da hondar zaku bat; artikulatu egin behar den dibertsitate bat da. Horretarako, ezker sozialaren klase aliantzaren irizpidea izan behar da”.
Beirasen penduluaz ari al gara hizketan?♦
BERRIAko artikulu analitikoaren (2015-6-5) laburpena: Pasatu dira Hego Euskal Herriko udal eta foru hauteskundeak, eta instituzioetako itunei begira dabiltza alderdiak. Alor politikoan, badaude beste lehentasun batzuk: estatus politiko berriak (herri gisa garatzeko formulak), erabakitzeko eskubidea (zer, non, nola eta noiz) eta bakegintza (blokeotik irteteko garaien beharra).♦
PPk joan den martxoan Andaluziako hauteskundeetan egurra jaso zuen, botoen %32 galduta. Kalkulu azkar bat eginda, hark 2011n Espainiako Kongresurako bozetako 10,8 milioi botoetatik aurten %32 galduko balitu, 7,3 milioi boto lirateke. 2011n Kongresuko bozak baino lehen 8,4 milioi boto jaso zituen udal hauteskundeetan (2011ko Kongresukoetan baino %22 gutxiago). Irabazle. Oraingo udal bozetan, 6 milioi bildu ditu (2011ko Kongresukoetan baino %44 gutxiago). Irabazle. Espainiakoetan gora egin ohi duenez, hortxe-hortxe ibil daiteke 7,3 milioi bototan. Irabazle. PPk gobernua galdu zain segitzen dute hemen batzuek. Gainera, datu bat: 1977tik bederen, Espainiako Gobernuan beti Kongresuko lehen indarra egon izan da. Eta PPk C’s hor izango du akordioetarako.♦
Post scriptum (2015-09-26): Kataluniako hauteskundeotan, “porrota” jasota, 2012ko boz autonomikoetatik botoen %26,2 galdu ditu.
BERRIAko analisiaren (2015-5-30) laburpena: Igandeko foru hauteskundeak kontuan hartuz gero, EH Bildu koalizioa Euskal Herritarrok-en (EH) 1999ko zenbakietara itzuli dela esan da, eta galdetu ez ote den koalizio izatearen balioa galtzen ari. Boto kopurua antzekoa da (orain +14.000 boto). EH Bilduk EHrekiko jauzia, batik bat, kualitatiboki eman du. Izan ere, Bizkaian salbu, posizio hobean da bere proiektua garatzen joateko. Dena dela, aldaketa politiko eta sozialerako zifra eta posizio onak alferrik lirateke ez bada lehentasunik, ez bada kultura politiko zabalik eta apustuari ez bazaio luzaroan eusten. Iparraldean ezkerreko abertzaleek-eta orain dela hamahiru urte sortu zuten Batera plataforma, lehentasun jakinekin (Laborantza Ganbera, lurralde kolektibitatea…) eta lan partekatuaren aldeko izaerarekin sortu ere.♦
2003ko udal hauteskundeetan Lizartzan EAJren alkategai zen Joseba Egibar, eta azalpenak ematera joan zen lizartzarren aurrera. Hango batek DVko zerbait irakurri zion, eta Egibarren erantzuna: “Harritzen nauena da jendeak hainbeste irakurtzea DV, baina lehenengo eta behin esan behar dudana da nik ez erosi eta ez irakurri egiten dudala, eta nik DVri azkeneko lau urte eta erdiotan ez diot inolako adierazpenik egin, ez elkarrizketarik, ez zeharkako adierazpenik, hala erabakita dudalako. Gero [DVren artikuluetan] fuentes aipatzen da, eta herri honetan dagoen gizonik garrantzitsuena señor Fuentes da; Fuentes-ek esaten ditu eta egiten ditu gauza guztiak”.
Uztarriaren liburu batetik jasotako pasadizoa da, Gipuzkoako 2011-2015 legealdia eta abarrak gogoan. EAJk sufritu izan zuen lehen, Egibarren erantzunaren arabera. Bilduk sufritu berri du. Eta Nafarroan, gobernu berriak sufrituko du DNrekin. Herritarrek erabakitzen dute zer egunkari etxeratu. Euskal esparru komunikatiboa indartsuagoa izan dadin baldintzak ereitea, haiek bakarrik ez.♦
BERRIAko analisiaren (2015-5-23) laburpena: Esaten da herri honetan beti gaudela hauteskundeetan eta, beraz, alderdiek euren interesak herri interesen gainetik jartzen dituztela maiz. Interesena erlatiboa izan daiteke haien balorazioa egitean, baina hauteskundeena ez da egia. Hauteskunde lehiarik gabeko aldi luzea izan da. Baina gatazkaren ondorioez ez da elkarrizketarik hasi gobernuekin, eta euskal presoen egoera lehen bezain larria da. Bada esan bat: politikari batek hurrengo hauteskundeetan pentsatzen du; estatista batek, hurrengo belaunaldian. EAJk eta Sortuk oraingo boz hauen ondoren ekingo diote berriro elkarrizketari. Diotenez, blindatuta daukate harremana. Dena dela, ikusi beharko da hauteskundeon ostean Gipuzkoako edota udal batzuetako gobernu itunek zenbateraino okertzen duten giroa. Edo Nafarroakoak zenbat argitzen.♦




Azken iruzkinak