enekoitz esnaola
Udal eta foru hauteskundeak. ANALISIA

Emendatzeko alternatibak

2015eko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Igandeko foru hauteskundeak kontuan hartuz gero,EH Bildu koalizioa Euskal Herritarrok-en (EH) 1999ko zenbakietara itzuli dela esan da, eta galdetu ez ote den koalizio izatearen balioa galtzen ari. Boto kopurua antzekoa da: 1999an Hego Euskal Herriko foru bozetan 275.000 boz lortu zituen EHk (gero Aralar sortu zutenak han ziren artean), eta orain 289.000 EH Bilduk (EHko indarrez gain, EA eta Alternatiba ere badira). Bi bozketetako abstentzioa, %35ekoa.Herrialdeka, lautik hirutan berdintsuak dira botoak: Bizkaian EHk 102.000, EH Bilduk 106.000; Gipuzkoan 105.000 / 103.000; Nafarroan 47.000 / 47.000. Araban egin du gora asko: 21.000 / 32.000.

Udal hautetsiak EHk baino gehiago erdietsi ditu EH Bilduk: 1999an EHk Hegoaldean 890 zinegotzi, orain koalizioak 1.195. Alkatetza aldetik, 1999an Arrasate, Tolosa, Pasaia eta Lekeitio EHrenak ziren eta, aldiz, orain ez dira EH Bildurenak izango; baina orain Azpeitia, Errenteria, Oñati, Tafalla eta Iruñerriko alkatetza asko izango ditu, 1999an EHk ez bezala.

Beste alderaketa bat eginez, 1999an EAJ eta EA koalizioan aurkeztu ziren foru bozetan (eta udalekoetan askotan ere bai); 418.000 boto bildu zituzten lau herrialdeetan. Oraingoan, 412.000 EAJk eta Geroa Baik (koalizioko kideetakoa da EAJ). Hortaz, 1999 eta 2015 alderatuta: EHk baino 14.000 boto gehiago ditu EH Bilduk, eta EAJ-EAk baino 6.000 gutxiago EAJ / Geroa Baik (baina bozetako irabazle nagusia izanik). Alde handirik ez, EA bi bozketetan koalizio desberdinetan joan arren.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzarkide eta Nafarroako parlamentari kopuruak alderatuz gero, 1999an 37 zituen EHk eta orain EH Bilduk, 47 (EAJ-EAk 1999an 59, eta orain EAJk eta Geroa Baik, 63). Herrialdeka, berriro Araban izan du hazkunde nagusia: 6tik 11ra. Bizkaian 9tik 11ra pasatu da; Gipuzkoan 14tik 17ra; eta Nafarroan, berdin geratu da (8).

Egia da 1999tik hona PSE-PSNk eta PP/UPNk gainbehera handia izan dutela. Bloke konstituzionalista horrek Hegoaldean ordutik (CDN sartuta, 1999an hark ere lortu zuelako ordezkaritza), 245.000 boto galdu ditu (orain CDN ez da aurkeztu). Baina Ahal Dugu eta Ciudadanos Espainiako Estatuko alderdi berriek 225.000 lortu dituzte bien artean, haien kaltetan nagusiki. Bestetik, EBk 1999an 73.000 boto lortu zituen Hegoaldean, eta Irabazi/Ezkerrak orain, 42.000. Bilakaera haiek badute eraginik mapa politikoan: EAJk eta EH Bilduk 1999ko antzeko zifrak izan arren, pisu handiagoa daukate orain; ahalmenaren, egonkortasunaren eta sinesgarritasunaren seinale izango da.

EH Bilduk EHrekiko jauzia,batik bat, kualitatiboki eman du. Izan ere, Bizkaian salbu, posizio hobean da bere proiektua garatzen joateko. Araban gobernatzeko alternatiba gisa egonkortzen ari da (foru bozak irabazteko 1,2 puntura geratu da), eta Gasteizen, EH Bilduk alkatetza lortzeko, ikusi egin behar Marotoren aurkako ausardia politikoa duen EAJk. Gipuzkoan, koalizioak joan den agintaldian diputazioa eta Donostiako Udala gobernatu ditu, eta oraingo bozetan EAJk haren aurkako botoa aktibatu eta izugarri bereganatu duen arren, EH Bilduk bere esku izango ditu udal asko (haien artean, garrantzitsuak),foru bozak irabazteko aulki batera geratu da, eta herrialdean ia-ia %30eko babesa dauka. Baina autokritika egin beharrean izan da.

Eta, batik bat, Nafarroan dago aldaketa harentzat ere. (Hego) Euskal Herriaren eraikuntzarako eta egituraketarako aldaketa estrategikoa da, fruituak ikusteko badaude ere. Urteetako lan partekatu baten ondorioz, gobernu aldaketa historikoa emateko EH Bildu protagonista bilakatu da, Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerrarekin batera. 1999an EHk ez zuen horretarako aukerarik: UPNk 22 aulki zituen, PSNk 11, CDNk 3... Gainera, orain udal mailan, EH Bilduk Iruñeko, kasik Iruñerri osoko eta Lizarrako alkatetzak eskuratuko lituzke, eta Tafallakoa eta beste batzuetakoak seguru dauzka, lehen indarra izanik. Nafarroan hautetsi gehien lortu duen indarra izan da hura (HBk eta EHk ez zuten erdietsi halakorik), eta, horrekin denarekin, oinarri sendo bat dauka etorkizunerako.

Bizkaian dago geldirik samar koalizioa; batez ere, Bilbo Handian. Eremu hartan bizi da Euskal Herrian jende gehien. Hori kontuan hartu behar da inoiz Euskal Herriko parte batean burujabetzarako kontsulta bat egiten bada, halakoetan barruti bakar bat izaten baita. Bilbo Handian ia 900.000 lagun bizi dira: Euskal Herriaren %27, Hego Euskal Herriaren %30, EAEren %39. Horrez gain, gizarte eredu aurrerakoiago baten aldeko politikak egiteko beharko du sostengu zabalagorik. 1999an EH bezala, Bilbo Handian %13-14an dabil EH Bildu (laugarrena da). Ez da alternatiba.

Arraizek BERRIAn esan du: «Gure ereduak poliedrikoa izan behar du. Euskal Herri asko daude, eta, ondorioz, ezin da EH Bildu bakarra egon». Azken udal bozetan egin dute proba Erriberan. Marka propioa albo batera utzi, eta beste eragile batzuekin ezkerreko hautagaitzak sortu dituzte. Emaitzak: Cascanten %17, Cortesen %16, Fustiñanan %12, Castejonen %11... eta Tuteran CUPek ia mila boto jaso eta haren hautetsia erabakigarria izango da UPNri alkatetza kentzeko aliantzan.

Ipar Euskal Herrian, EH Baikoak barne izanik, ezkerreko sentsibilitateen arteko indar metaketak bide luzeagoa du egina. Herriko etxeetan ari dira espazioak irabazten abertzaleak, eta hortik joko dute aurrerantzean. Iker Elizalde (Sortuko zuzendaritzakidea eta iaztik Hendaiako auzapezordea): «Emendatu nahi badugu, ezkerrean alternatibak eraiki behar ditugu». Aurten departamenduetako bozetan EH Bai hamabi kantonamenduetatik bostean igaro da bigarren itzulira (25.000 boto orduan, eta lehen itzulian aurreneko indarra izan zen 36 herritan eta bigarrena 55etan).

Dena dela, aldaketa politiko eta sozialerako zifra eta posizio onak alferrik lirateke ez bada lehentasunik, ez bada kultura politiko zabalik eta apustuari ez bazaio luzaroan eusten. Iparraldean ezkerreko abertzaleek-eta orain dela hamahiru urte sortu zuten Batera plataforma, lehentasun jakinekin (Laborantza Ganbera, lurralde kolektibitatea...) eta lan partekatuaren aldeko izaerarekin sortu ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.