Bilaketa: izenburu

Bilaketa sarreretan:
Bilaketa azalpenetan:

idazkuntza >> Puntuazioa >> Bi puntuak >> Ezaugarri orokorrak

Bi puntuen bidez, diskurtsoa eten egiten da, segidan datorrenari nolabaiteko ataria emanez.

Gehienetan, bi puntuen atzetik ez da erabiltzen lokailurik. Izan ere, aurrekoaren azalpen, ondorio edo iruzkintzat hartzen da, lokailuak esplizitatu gabe ere.

Teorian, komunztadura egitea aukerakoa da, baina komunztatu gabekoak oso arrotzak gertatzen dira batzuetan: batez ere, sintagma hutsetik urrundu eta esaldira gehiago hurbiltzen garenean.

Ezusterik ezean, David Lopezek eta Enrique Corralesek beteko dituzte atzealdeko bi hegalak: Lopez eskuinean, eta Corrales ezkerrean. [?]

Ezusterik ezean, David Lopezek eta Enrique Corralesek beteko dituzte atzealdeko bi hegalak: Lopezek eskuinean, eta Corralesek ezkerrean.

Behin baino gehiagotan erabil ditzakegu bi puntuak segidan, tartean punturik izan gabe. Dena dela, oso kontuz ibili behar da, haria gehiegi korapila ez dadin.

Hauxe izan zen gakoa: Alderdi Popularrak baldintza batekin eman zizkion bere botoak CiUri: Estatutua ez aldatzea.

Ez da, jakina, aliritzira egindako hautua: liburua osatzen duten bost ipuinetan «ardatz» dira, Karmele Jaio idazle eta kazetariaren ustez, izenburua osatzen duten hiru hitzetatik bi: bihotza eta gosea.

Bi puntuen ondotik, zuriunea uzten da beti.

idazkuntza >> Puntuazioa >> Parentesiak eta marra luzeak >> Parentesia

Datu solte argigarriak gehitzeko erabiltzen dira parentesiak: herrialdea, kopurua, jaioteguna eta jaioterria, jatorrizko izenburua edo itzulia, enumerazioak, siglak, hitzen edo kontzeptuen esanahia...

36ko gerran fusilaturiko zazpi lagunen gorpuak aurkitu dituzte Fustiñanan (Nafarroa).

Txapelketa ostiral gauean hasiko da, Asteasun (22:30, ETB1).

Hitz barrenean ere erabil daitezke, hitz jokoak egiteko.

Txapelaren f(z)ama

Parentesi barrenean beste parentesi bat jarri behar izanez gero, marra luzeak baliaturik honela jokatuko dugu:

Andrew Niccolek –Simone (2002)– zientzia fikziozko film biribila ondu zuen.

idazkuntza >> Puntuazioa >> Galdera marka eta harridura marka

Marka hauek berekin dakarte etenaldia, eta, beraz, ondotik ez da punturik edo komarik erabili behar.

Salbuespena: marka arteko aipu bat edo letra etzanez idatziriko izenburu bat galdera edo harridura markaz bukatzen bada, bukaeran puntua jartzen da.

Garbi mintzatu zen: «Prest gaude lanean hasteko. Bai horixe!».

Horretarako antolatu dute Plazara!.

Markok eta aurretik duten hitza elkarren segidan idazten dira, tartean zuriunerik utzi gabe.

Bi galdera marka edo bi harridura marka segidan egokituz gero, bakarra idazten da.

Irakurri duzu Non dago Stalin?

Parentesi artean idatziz gero, harridura, duda edo ironia adierazten dute.

idazkuntza >> Puntuazioa >> Aipu markak

Hitzez hitzeko adierazpenak eta aipuak txertatzeko balio dute: bai hitzak, bai esaldi zatiak eta bai esaldi osoak.

Hizketan hasi bezain laster, «gezurti zikina» deitu zion.

Rabatek esan du Marokoko poliziek tiro egin behar izan zutela «etorkinen indarkeriari aurre egiteko».

«Lehenik, kopia bat aurkeztu behar da Parisen», azaldu du Lizeagak.

Dokumentuen pasarteak ematean, bi paragrafo edo gehiago izanez gero, marka jartzen da paragrafo hasieretan. Ixteko marka, hain zuzen: [»].

Itzultzaileei behar duten laguntza guztia eskaintzeaz gain, trilogiaren euskal itzulpenerako hitzaurrea ere idatzi du Celatik, espresuki Igelako liburuetarako. Hona hemen bi pasarte:

«Parlamenti buffi izenburuaren pean bildutako hiru liburu hauek 1971tik 1977ra bitartean idatzi nituen. Gaur egun nire iritziz Italian inork ere ez luke onartuko argitaratzea, politikan eta ohituretan sumatzen ditugun aldaketa berberak jasan baititu literaturak. Eta pentsatzen dudana esaterik baldin badut, ia-ia Europako argitalpen-lan osoa esterilizazio jarduera da orain, etekinen amets gaiztoak gidatua. [...]

»Bukatzeko, adierazi nahi dut ustekabea izan dela Parlamenti buffi euskarara itzulia ikustea. [...]

»Niri dagokidanez, esker ona adierazi nahi dut nirekin izan duzuen adeitasunagatik».

Adierazpen horien barruan beste inoren hitzak mugatzeko, berriz, aipu marka bakunak erabiltzen dira.

ortotipografia >> Letra etzana >> Etzanez idaztekoak >> Izenburuak

Liburuak, tesiak, ikerlanak eta komikiak; eleberrien atalak, ipuinak eta poemak.

Bizia lo liburua; Immigrazioaren integrazioa eta kooperatibismoa Arrasaten tesia; Ipurbeltz komikia; Maldan behera poema

Liburuetan, badago salbuespenik: erlijioen testu santuak eta kodexak, hiztegiak eta liburukiz osaturiko entziklopediak.

Biblia; Korana; Tora; San Joanen Ebanjelioa; Donemiliaga Kukulako Kodexak; San Emilianoren Kodexa; Orotariko Euskal Hiztegia; Euskaltzaindiaren Hiztegia; Britannica entziklopedia

Liburu bildumak ere, letra arruntez.

Sail Beltza eta Enigma bildumak; Zerberri; Bidegileak 

Egunkariak, aldizkariak, egunkarietako eta aldizkarietako artikuluak.

Le Monde egunkaria; Senez aldizkaria; D eredua: oraingoz beste aukerarik ez artikulua

Baina berri agentziak, letra arruntez.

AP berri agentzia; Efe agentzia

Ikus-entzunezkoak eta multimedia produktuak: antzezlanak, filmak, irratiko eta telebistako saioak, telesailen atalak, bideojokoak, podcastak.

Euskararen zazpi bekatu nagusiak antzezlana; Marius et Jeannette filma; Eta hitza jolas bihurtu zen irratsaioa; Sautrela saioa; Maiztasun hiztegia CD-ROMa; Estropadak bideojokoa

Webguneak, blogak, Twitterreko erabiltzaile izenak eta traolak, wikiak eta aldizkari eta egunkari digitalak. 

Ttap aldizkari multimedia; Sustatu ataria; @estiloliburua#liburutegia etiketa; 31 eskutik bloga

Musika lanak: abestiak, diskoak, ereserkiak, operak eta beste. 

Ne me quitte pas abestia; Hautsi da anphora diskoa; Els segadors ereserkia; Il trovatore opera

Baina ordinalarekin osaturiko izen deskribatzaileak, etzanik gabe. Ahal dela, letraz idatziko dugu ordinala:

Beethovenen bederatzigarren sinfonia; Brucknerren 9. sinfonia

Artelanak: margolanak, eskulturak, argazkiak, instalazioak eta abar, baina arkitektura lanak ez, toponimo bihurtu diren neurrian.

Azken afaria margolana; Gizona oinez eskultura; Hiru mendi instalazioa

Baina: Guggenheim museoa; Keopsen piramidea

Erakusketa, hitzaldi eta mahai inguruak.

Hutsaren umezurtzak erakusketa; Kooperatiben iragana eta geroa hitzaldia; Europaren aldeko lau proposamen eta erregu bat mahai ingurua

Biltzarren izen espezifikoak.

Orain da garaia biltzarra; Parekidetasunetik kultura eraiki topaketak

Izena deskribatzailea bada, ez da idazten etzanez.

Gazte Hizkerari Buruzko Biltzarra; Artista Gazteen Topaketak

Leloak (publizitate kanpainak, hauteskunde kanpainak, manifestazioetako deiadarrak eta pankartak...).

Bai euskarari leloa; Lan istripurik ez leloa

BERRIAren atalen izenak.

Kirolak saila; Igandea gehigarria

Liburu eta film euskaratu gabeak aipatzean jatorrizko izenburuarekin batean itzulpena ematen denean, jatorrizkoa etzanez idazten da, eta itzulia arruntez.

Komedia ederra To Be or Not To Be (Izan edo ez izan). 

1988an argitaratu zen Il pendolo di Foucault (Foucaulten pendulua).

ortotipografia >> Letra etzana >> Nola deklinatu

Deklinabide atzizkia letra arruntez idatziko dugu, eta marratxoz lotuko diogu hitzari.

Herria-ko artikulua; Argia-ko kazetaria

Izenburuak deklinatzean, ahal dela hobe da ondotik hitz bat jartzea eta hura deklinatzea.

Obabakoak liburuko ipuina 

Deklinatu beharrik ez izateko, jakina, absolutiboan jartzea da onena (nor kasuan), baina ezina da beti horrela jokatzea.

Salbuespenak: bestelako adiera edo ironia adierazten duten euskal hitzak; auziak eta eskandaluak izendatzeko modu arrunta; lege, plan eta batzordeen izen laburtuak; eta zenbaki erromatarra duten goitizenak eta ontzi izenak. Horrelakoetan, deklinabide atzizkia ere etzanez idazten da.

Makarragoa ematen zuen orduan.

Otano auziak soka luzea ekarri du. 

Watergate auziaren oihartzuna ez da itzali oraindik. 

Mariano Juaristik, Atano III.ak, txapelketa asko irabazi zituen.

Neil A. Armstrong, Edwin Aldrin eta Michael Collins joan ziren Apolo 11n.  

ortotipografia >> Letra etzana >> Puntuazio markak

Letra arruntez idazten dira, non eta ez diren izenburu baten parte.

Arantxa Iturbek Ai ama! liburua idatzi zuen 1990. urtean. 

Irakurri duzu Eta handik gutxira gaur?

David Lynchek (The Elephant Man) lan bitxiak egin ohi ditu.

ortotipografia >> Letra larria, xehea eta maiuskula txikia >> Letra larria, izen bereziak markatzeko >> Izenburuak

Argitalpen, dokumentu eta artelanen izenak, lehen hitza larriz (liburuak, antzezlanak, telesailak, artelanak, telebista eta irratiko saioak, filmak, CD-ROMak...). 

Haur besoetakoaHitzetik hortzeraDeabruaren hiztegia

Baina egunkariak, aldizkariak eta liburukiz osaturiko hiztegi, gramatika, entziklopedia eta abar, hitz guztiak larriz. 

Orotariko Euskal Hiztegia; Euskaldunon Egunkaria; Le Monde 

Ingelesezko izenburuetan, hitz guztiak larriz, hitz gramatikalak izan ezik.

The Importance of Being Earnest; All the President’s Men

Liburu bildumak, hitz guztiak larriz.

Enigma eta Sail Beltza bildumetako lau liburu kaleratu dituzte.

Erakusketa, hitzaldi, mintegi eta mahai inguruak, lehen hitza larriz.

Lanaren aldeko lau proposamen eta erregu bat mahai ingurua; Verne, alegiazko egiak erakusketa

Biltzar eta jardunaldien izen deskribatzaileak, hitz guztiak larriz.

Gazte Hizkerari Buruzko Biltzarra; Artista Gazteen Topaketak

Baina izen espezifikoak, letra etzanez idaztekoak direnez, lehen hitza bakarrik larriz.

Orain da garaia biltzarra; Parekidetasunetik kultura eraiki topaketak

ortotipografia >> Izen bereziak nola deklinatu >> Letra etzanez idaztekoak (izenburuak, goitizenak...)

BERRIAn, marratxoz lotzen zaie deklinabide atzizkia. Dena dela, izenburuak deklinatzean, ahal dela hobe da atzetik hitz bat jartzea eta hura deklinatzea.

Obabakoak liburuko ipuina

onomastika >> Izen bereziak idazteko irizpideak >> Mahai inguruak eta hitzaldiak

Agenda sailean, mahai inguru eta hitzaldien izenburuak bere hartan ematen dira, itzuli gabe; hartara, irakurleak badaki zer hizkuntzatan mintzatuko diren ekitaldian. Beste sailetan, berriz, euskaraz ematen dira izenburuak.

Agendan

DONOSTIA. Cruces de miradas sobre el islam. Bihar, Donostian, Lugaritz kultur etxean, 19:00etan.

IRUÑEA. Feminismos y prácticas artísticas en nuestro entorno. Descalzos aretoan, 20:00.

Beste sailetan

Catherine Roberts biologo kanadarrak bioaniztasunaren bestelako ikuspuntua eman zuen atzo Bilbon, Biziaren gogoa izeneko hitzaldian.

Aldatuz doan mundu bat hitzaldian, Saramago argi eta garbi mintzatu zen, ohi duen moduan.

onomastika >> Izen bereziak idazteko irizpideak >> Zientzia, teknika, literatura eta zinema lanak

Euskaraturiko lanei buruz aritzen garenean, euskarazko izenburua da erreferentzia nagusia. Egoki iritziz gero, jatorrizkoa ere aipa daiteke behin, parentesi artean eta letra etzanez.

«Gizonei buruzko liburu bat da» Gatsby handia (The Great Gatsby); Joseph Conraden Ilunbeen bihotzean eleberriarekin konparatzen dute.  

Euskaratu gabeko lanak aipatzen direnean, aurrena jatorrizko izenburua ematen da, letra etzanez, eta, ondoan, egoki iritziz gero, BERRIAk eginiko itzulpena, parentesi artean eta letra arruntez.

Il pendolo du Foucault (Foucaulten pendulua); La novela vasca al borde de la realidad (Euskal eleberria errealitatearen ertzean); Why Write (Zergatik idatzi) 

1955ean, Pulitzer saria irabazi zuen bigarren aldiz, Cat on a Hot Tin Roof liburuagatik.

All About Eve filmean, lan zoragarria egin zuen Bette Davisek.

Jatorrizko izena oso arrotza gertatzen denean edo obra klasiko bat denean, berriz, euskaraz eman ohi da.

Krimena eta zigorra; Gerra eta bakea; Kapitala; Potemkin korazatua; Lau soseko opera

Dena dela, egitarauen berri jakinarazten denean, emanaldiko hizkuntzan idazten da izenburua, irakurleak jakin dezan zer hizkuntzatan ikusiko duen filma edo antzezlana. Hala egiten da, esaterako, telebistako programazioan eta zinema aretoetako filmen zerrendan. 

onomastika >> Izen bereziak idazteko irizpideak >> Musika lanak

Musika klasikoko lanen izenburuak, oro har, itzuli egiten dira.

Alaitasunaren oda; Harmoniaren eta asmakizunaren arteko saioa; Intxaur-hauskailua; Mundu Berriko sinfonia

Baina: Cosi fan tutte; Madama Butterfly; L’elisir d’amore; Trois gymnopédiest

Musika modernoko lanen izenburuak bere hartan idazten dira.

Sings of the Times; La vie en rose; Dreams of Freedom; Redemption Song

idazkuntza >> Gramatika >> Deklinabide arazoak >> Izenlagunak: noiz '-ren' eta noiz '-ko'

Zenbaitetan garbi badago ere (jabetza zentzuan -ren eta lekuzko zentzuan -ko), hainbat eta hainbatetan zalantza sortzen da loturarekin. Nekez bil daiteke kasuistika guztia, baina hona hemen kasu ohikoenak.

noiz '-ren' adibideak
jabetza ETBren egoitza 
kontserba etxearen jabea
Iraken etorkizuna
herriaren izena
liburuaren izenburua
Atarrabiaren Eguna
Euskal Herriaren sinboloa
Frantziaren irudia
Israelen enbaxada [Israelek duen enbaxada]
Israelen Egiptoko enbaxada [Israelek Egipton duen enbaxada]
egilea-eginikoa Sinn Feinen batzar nagusia
EAJren eta EH Bilduren bilera
eginikoa-egilea Aste Nagusiaren sortzaileak
Zinemaldiaren babesle ofiziala
Zinebiren antolatzaileak
filmaren zuzendaria
proiektuaren zuzendaria
liburuaren idazlea
egunkariaren irakurlea
elkartearen sustatzailea
deialdiaren arduradunak
objektua-ekintza delituaren salaketa
aldizkariaren harpidetza (eta aldizkariaren harpideduna)
partidaren amaiera
irailaren hasiera
Nafarroako Parlamentuaren eraketa
objektua-ezaugarria izatearen garrantzia
gereziaren gorria
osoa-partea liburuaren lehen zatia
Europaren bihotzean
filmaren parte bat
alde sei tantoren aldea
bi golen aldea
zale musika klasikoaren zalea
kolore bizien zalea
Realaren zalea [realzalea]
alderdia-hura nagusi den erakundea EAJren udala
PPren gobernua
  Arte Ederren Museoa
Zuzenbide Historikoaren Institutua
zerbaiten balioa, guztira hogei euroren gasolina [hogei euroren truke ematen dutena]
bi euroren intxaurrak [bi euroren truke ematen dituztenak]
txakur txiki baten karameluak [txakur txiki baten truke ematen zituztenak]

 

noiz '-ko' adibideak
tokia gelako armairua 
etxeko ataria
hango berri
taldeko kidea
Nafarroako Gobernuko presidentea
EAEko lehendakaria
Alaveseko jokalaria
BERRIAko itzultzailea
NBEko idazkaria
EAJko alkatea
denbora gaurko egunkaria
heriotzako ordua
azken judizioko eguna
arloa, esparrua  Erizaintzako Unibertsitate Eskola [erizaintzaren arlokoa]
kimika organikoko irakaslea [kimika organikoaren arlokoa]
nolakotasuna bihotz oneko jendea
lau hankako mahaia
garrantzi handiko erabakia
prezioa 1,90 euroko gasolina [litroa 1,90 kosta da]
lau euroko intxaurrak [kiloa lau euro kosta da]
besterik Euskal Herriko mapa

Badira kasu batzuk bi atzizkiak onartzen dituztenak, ikuspegia zein den edo zer esan nahi den. Hona hemen halako batzuk:

-ko -ren
Osasunako entrenatzailea [Osasunan duten entrenatzailea] Osasunaren entrenatzailea [Osasuna entrenatzen duena]
BERRIAko zuzendaria [BERRIAn duten zuzendaria] BERRIAren zuzendaria [BERRIA zuzentzen duena]
Alfako akzioak [norbaitek Alfan dituen akzioak] Alfaren akzioak [Alfak dituen akzioak]
Italiako Gobernuko bozeramailea [gobernuan duten bozeramailea] Italiako Gobernuaren bozeramailea [gobernuak duen bozeramailea]
Hezkuntza Ministerioko ordezkaria [ministerioan duten ordezkaria] Hezkuntza Ministerioaren ordezkaria [ministerioa ordezkatzen duena]
monasterioko burua [monasterioan duten burua] monasterioaren burua [monasterioak duen burua]
armadako buruzagia [armadan duten buruzagia] armadaren buruzagia [armadak duen buruzagia]
ikastolako arduradunak [ikastolan dituzten arduradunak] ikastolaren arduradunak [ikastolaren ardura dutenak]
Nafarroako konkista [Nafarroan eginiko konkista]  Nafarroaren konkista [1. Nafarroa konkistatu zutenekoa. 2. Nafarroak eginiko konkista]
Euskal Herriko historia [Euskal Herrian izaniko historia] Euskal Herriaren historia [Euskal Herriak izaniko historia]
EAJko hautagaia [EAJkoa den hautagaia] EAJren hautagaia [EAJk aurkeztu duen hautagaia]
Greziako egoera [Grezian dagoen egoera] Greziaren egoera [Greziak duen egoera]

 

idazkuntza >> Puntuazioa >> Aditzik gabeko tituluak >> Beti komaz?

Arau orokor —orokorregi— baten arabera, esan ohi da aditzik gabeko tituluetan koma erabili behar dela aditzaren ordez, baina bistan da ez dela horrela jokatzen beti: horra hor Gorrotoa lege eta Gizona bere bakardadean, esaterako. 

Beraz, aditzik gabeko titulu batzuetan ez da komarik jarri behar. Hain zuzen, gogoan izan behar dugu titulu edo izenburu guztiak ez direla esaldi baten laburpena: batzuk, besterik gabe, izen sintagma hutsak dira; horrelakoetan ez dago isildutako aditzik eta, beraz, komaz ordezkatzeko aditzik ere ez; halaxe gertatzen da, esaterako, Emakumea Indian izenburuan. 
Beraz, hori da abiapuntua koma jarri behar dugun ala ez erabakitzeko: izenburuaren atzean esaldirik ez badago, hau da, izen sintagma hutsa baldin bada, ez da jarri behar komarik; izenburuak esaldi oso bat ordezkatzen badu, berriz, orduan elementuen ordena eta mintzagai-galdegai jokoa aztertu beharko ditugu, eta horren arabera erabaki koma behar duen.

idazkuntza >> Puntuazioa >> Aditzik gabeko tituluak >> Esaldien ordezko direnak

Aditza isildua duten izenburuetan, galdegai-mintzagai jokoa hartu behar da kontuan koma jarri edo ez jarri erabakitzeko orduan. 

idazkuntza >> Puntuazioa >> Aditzik gabeko tituluak >> Izen sintagma hutsak direnak

Arestian esan bezala, izen sintagma hutsak diren izenburuek ez dute esaldirik ordezkatzen, eta, beraz, ez dago aditz isildurik. Horrek esan nahi du koma jarri beharrik ez dagoela. Horrelakoak bi motatakoak izaten dira: sintagma lotuak eta lotu gabeak.

idazkuntza >> Puntuazioa >> Aditzik gabeko tituluak >> Esaldien ordezko direnak >> Galdegaia hasieran

Izenburuak zer esaldi klase ordezkatzen duen jakiteko, esaldia osatzea da onena; hala, argiago ikusten da zer den galdegaia eta zer hizpidea.
Athletic txapeldun [Athletic da aurtengo txapelduna]
Indurain irabazle [Indurain izan da etapako irabazle]
Joskera lantegi [Joskera izango dugu lantegi liburu honetan]
Euskal Herria helburu [Euskal Herria dugu helburu]
Gorrotoa lege [Gorrotoa da lege hemen]
AHTa hizpide [AHTa izango dute hizpide mahai inguruan]
Gospel tradizionala Bermeon [Gospel tradizionala izango da Bermeon]
Musika sinfonikoa Zarautzen [Musika sinfonikoa izango dute Zarautzen]
Mafia eta samuraiak Gasteizen [Mafia eta samuraiak izango dira Gasteizen]
Karmele Jaio idazlearen bisita Goenkale-n [Karmele Jaio idazlearen bisita izango dute Goenkale-n]
Badaiotz eta Abadiño irabazle Arrigorriagan [Badaiotz eta Abadiño izan dira irabazle Arrigorriagan]
Errusiarentzat berriz ere Munduko Txapelketa [Errusiarentzat izan da berriz ere Munduko Txapelketa]

 

Horrelako tituluetan, ez da jartzen komarik. Izan ere, galdegaiaren ondotik komarik ezin da jarri. Koma jarri ahal izateko, komaren aurreko elementuak mintzagai izan behar du, ez galdegai. 

Dena dela, Gorrotoa lege-ren gisako tituluetan elementu gehiago baldin badaude, orduan koma erabiltzen da. Esaterako, honelakoetan:
Joskera, guztion lantegi ['Joskera guztion lantegi' anbiguoa litzateke]
Nobela, ereduen eredu ['Nobela ereduen eredu' anbiguoa litzateke]
Herriko etxeak, euskararen bermatzaile

ikus-entzunezkoak >> Irakurtzekoak >> Azpidatzien konbentzio batzuk >> Zer letra mota komeni den

BERRIAk beste euskarrietarako aukeraturiko tipografia bera erabiliko da bideoetan ere.

Hobe da serifik gabeko letra tipoa erabiltzea, halakoak aiseago eta bizkorrago irakurtzen baitira pantailan.

Oro har, letra estilo arrunta erabiliko da, eta etzana ere bai, hala dagokion kasuetan (izenburuak, beste hizkuntza bateko hitzak, eta abar).

Letra xehez idazten da adierazpenen testua, eta ohiko kasuetan erabiltzen da letra larria: izen berezien lehen letrak, esaldi hasierak eta abar.

Izenburuak, gaiak, medailetako izen-deiturak eta halako elementu bereziak, berriz, letra larriz idatz daitezke.

LEHORTEA

ERRIBERAKO UZTA, KINKA LARRIAN

 

ALBERTO ALFARO

Nekazaria

Onena letra zuria erabiltzea da, baina beti kontuan hartu behar da nolakoa den atzeko irudia, ez baita komeni bideoan gehien agertzen den kolore berekoak izatea letrak. Letra zuriak ez badu kontraste nahikorik egiten atzeko irudiarekin, letra beltza erabiltzen da, testua ongi irakur dadin, eta egokia izan liteke letrei itzala jartzea edo ertza beste kolore batez markatzea. Irudiaren kolorea moteltzea ere lagungarria izan liteke. Bi koloretako letrak erabili behar izanez gero, horia izango da bigarren kolorea.

Musika klasikoa

Liburua

onomastika >> Izen bereziak idazteko irizpideak >> Musika lanak

Musika klasikoko lanen izenburuak, oro har, itzuli egiten dira.

Alaitasunaren oda; Harmoniaren eta asmakizunaren arteko saioa; Intxaur-hauskailua; Mundu Berriko sinfonia

Baina: Cosi fan tutte; Madama Butterfly; L’elisir d’amore; Trois gymnopédiest

Musika modernoko lanen izenburuak bere hartan idazten dira.

Sings of the Times; La vie en rose; Dreams of Freedom; Redemption Song

Zinema

Liburua

onomastika >> Izen bereziak idazteko irizpideak >> Zientzia, teknika, literatura eta zinema lanak

Euskaraturiko lanei buruz aritzen garenean, euskarazko izenburua da erreferentzia nagusia. Egoki iritziz gero, jatorrizkoa ere aipa daiteke behin, parentesi artean eta letra etzanez.

«Gizonei buruzko liburu bat da» Gatsby handia (The Great Gatsby); Joseph Conraden Ilunbeen bihotzean eleberriarekin konparatzen dute.  

Euskaratu gabeko lanak aipatzen direnean, aurrena jatorrizko izenburua ematen da, letra etzanez, eta, ondoan, egoki iritziz gero, BERRIAk eginiko itzulpena, parentesi artean eta letra arruntez.

Il pendolo du Foucault (Foucaulten pendulua); La novela vasca al borde de la realidad (Euskal eleberria errealitatearen ertzean); Why Write (Zergatik idatzi) 

1955ean, Pulitzer saria irabazi zuen bigarren aldiz, Cat on a Hot Tin Roof liburuagatik.

All About Eve filmean, lan zoragarria egin zuen Bette Davisek.

Jatorrizko izena oso arrotza gertatzen denean edo obra klasiko bat denean, berriz, euskaraz eman ohi da.

Krimena eta zigorra; Gerra eta bakea; Kapitala; Potemkin korazatua; Lau soseko opera

Dena dela, egitarauen berri jakinarazten denean, emanaldiko hizkuntzan idazten da izenburua, irakurleak jakin dezan zer hizkuntzatan ikusiko duen filma edo antzezlana. Hala egiten da, esaterako, telebistako programazioan eta zinema aretoetako filmen zerrendan. 

2019-11-04 19:33:27
2018-04-19 12:11:17
>
Gure ustez, izenburupean zuzena da. Egia da tradizioan ez dagoela halakorik, baina gaur egun erruz erabiltzen dute idazleek, itzultzaileek, kazetariek... Ereduzko Prosa Gaur eta Lexikoaren Behatokia arakatuz gero, egile hauen lanetan ageri da: Aingeru Epaltza, Andres Urrutia, Itxaro Borda, Ibon Uribarri, Iñaki Mendiguren, Isabel Arrigain, Joxerra Garzia, Koldo Zuazo, Pako Aristi, Piarres Xarriton, Ramon Saizarbitoria, Xabier Olarra... Gainera, kazetaritzan ere maiz erabiltzen da: Aizu, Argia, BERRIA, ETB...

Badira, jakina, beste esamolde batzuk ere: halako izenburukoa, halako izenburua du, halakoa darama izenburutzat...

2018-03-20 12:53:16
>
Testuingurua 36ko gerra izango da, ezta? Hala bada, uste dugu ordain hauek egokiak izango direla:

Elgetaren erorialdia
Elgetaren jausialdia
Nola erori zen Elgeta
Elgeta erori zenekoa
2016-02-04 14:37:34
>
Normalean, Beauvoir erabiltzen da halakoetan, de gabe. Hona hemen Simone de Beauvoirri buruzko lan batzuen izenburuak, horren erakusgarri:

Beauvoir intime et politique: la fabrique des Mémoires (Annabelle Martin Golay, 2013)
Les Amants de la liberté. Sartre et Beauvoir dans le siècle (Claudine Monteil, 1999)
Beauvoir (Éliane Lecarme-Tabone et Jean-Louis Jeannelle, 2013)

Deitura frantsesen kasuistika oso zabala da, baina badira irizpide orokor batzuk:

  • —Izen-abizenak aipatzean, de eta d' partikulak letra xehez idazten dira (Simone de Beauvoir). Abizena bakarrik dagoenean, de kendu ohi da (baina ez d' forma), baina bada salbuespen ezagunik ere:

Simone de Beauvoir > Beauvoir
Alfred de Musset > Musset
Alexis de Tocqueville > Tocqueville

baina

Charles de Gaulle > De Gaulle
Jean Le Rond d'Alembert > D'Alembert

Partikula deiturari itsatsia badago, beti letra larriz idazten da: Debussy.

  • —de la segida dagoenean, La idazten da normalean, letra larriz, eta beti aipatzen da, ponte izena ondoan izan zein ez.

Jean de La Fontaine > La Fontaine

  • —du xehez idazten da ponte izenaren ondotik; abizena bakarrik dagoenean, larriz idazten da, eta ez da galtzen. Izenari itsatsia idazten bada, beti larriz jarri behar da, eta ez da sekula galtzen: Dupont.

  • —le artikulua, berriz, beti larriz.

Gustave Le Bon > Le Bon
2013-11-07 20:49:20
>
Bi horietatik, BERRIAn nahiago dugu Urliari elkarrizketa, edo Elkarrizketa Urliari, tradizioan horrelakoak gehiago direlakoan. Gogoan izan, besteak beste, Joseba Sarrionandiaren Ainhoari gutunak liburua.

Euskaltzaindiaren EGLU-I liburuan (233. or.), honela diote, nori kasuari dagozkion elipsiez ari direla:

Nolanahi ere, tituluetan eta izenburuetan onargarriagoak dira, elipsiaren bidez emanda baitaude:

(81)
(a) Descartes-i sarrera
(b) Sarrera Descartes-i

Izan ere, garbi dago horrelakoak izenburuetan bakarrik direla onartzekoak, ezin baitira bere hartan josi esaldietan:

Bidali gabe dauzkat Ainhoari idatzitako gutunak (*Bidali gabe dauzkat Ainhoari gutunak)
2013-09-12 07:56:14
>
Gure ustez, ezin egokiagoa da zuek asmaturiko izenburua. Hiztegi Batuan eta Euskaltzaindiaren Hiztegian, oraindik ez dute jaso olde hitzaren adiera hori, baina Orotariko Euskal Hiztegian ageri da:

2 olde (VocBN A; Lh).
"Grande masse de. Hur olde handian, Noe eta haren familia salbatu ziren arkhan" VocBN. "Invasion. Ur-olde, déluge, inondation. Soldado-olde, invasion militaire" Lh. Apenas lo encontramos fuera de uholde. Gibel olde bat izan zen ipuinaren alde. "A wave of reaction". Mde Pr 88. Nere miñ-oldearen oiartzun trixteak / ez dituzte entzungo Tajoko ondarrek. "De tanta confusión". Berron Kijote 154

Gaur egungo hainbat idazlek ere erabiltzen dute olde adiera horrekin, Ereduzko Prosa Gaur corpusean ikusten denez. Hona hemen etsenplu batzuk:

Higitzen hasi zenean, Edmeak zakuak eskuratu zituen eta jende oldeak bultzaturik abiatu zen, hinki-hanka. (Itxaro Borda, Zeruetako erresuma, 272. or.)

Izan ere, gogo biziko jendeak, bere soilean bakartzera egiten baitu, eta gogo ahul eta zurikoak, jende oldearen zurrunbiloan bere burura babestera. (Patziku Perurena, Trapuan pupua, 292. or.)

Hondoa jotako aitoren seme, zimarkun eta urre-bilatzailezko jende olde bat lehorreratu zen Potomak-eko urertzean, eta oholezko txabolak eraiki zituzten. (Marcel Schwob, Bizi alegiazkoak, 121. or., Juan Garziak itzulia)


© Berria.eus - Euskal Editorea SM    •   Martin Ugalde kultur parkea, Andoain 20140
Telefonoa: 943-30 40 30  •   Faxa: 943-59 01 72  •  Posta elektronikoa: [email protected]
webgunearen mapa