Igor Uriarte Lopez de Bikuña Txopo preso ohia (Gasteiz, 1974) atzo hil zen, Ezpeletan (Lapurdi). Pirinio Atlantikoetako suhiltzaileek jakinarazi zutenez, 09:52 aldera artatu zuten, bizikletan zihoala ondoeza izanda, eta medikuak tokian bertan baieztatu zuen heriotza. Lehen datuen arabera, ez zen beste ibilgailurik izan istripuan nahastuta. Auzitegi medikuaren txostena eskatu dute heriotzaren arrazoiak argitzeko. 2019az geroztik Urruñan (Lapurdi) bizi zen.
Frantziako Poliziak 2013an atxilotu zuen Montpellierren, ETArekin lotura izatea egotzita. Operazio berean beste hainbat euskal herritar ere atxilotu zituzten. 2017an Parisko auzitegi batek sei urteko espetxe zigorra ezarri zion ETAko kide izatea leporatuta. 2018ko martxoan atera zen espetxetik, bost urte preso egon ondoren, eta Urruñan ezarri zuen bizilekua. Epaiak, ordea, Frantziako lurraldean bizitzeko debekua ere jasotzen zuen.
Debeku horrek ondorio judizialak ekarri zizkion berriro. 2020ko urrian, Ziburuko trafiko kontrol batean atxilotu zuen Frantziako Poliziak, eta Baionako espetxean sartu zuten. Handik bi egunera aske geratu bazen ere, Gasteizera itzultzera behartu zuten. 2021ean Parisko Auzitegi Korrekzionalak bertan behera utzi zuen Frantzian bizitzeko debekua. Ondoren, debeku hori urratzea egotzita egin zioten epaiketan erruduntzat jo bazuten ere, epaileak ez zion zigorrik ezarri, Urruñan egindako errotzea eta bizi proiektua kontuan hartuta. Erabaki hura mugarritzat jo zen, lehen aldiz euskal preso ohi bati ezarritako halako debeku bat indargabetu baitzen.
Barrundiakoa (Araba) zen jaiotzez, Gasteizko Judimendi auzoan hazitakoa, eta azken urteetan laborantza ekologikoan aritu zen. Uriarte ezaguna izan zen, halaber, kazetaritzan eta herri mugimenduan egindako ibilbideagatik. Gara egunkariaren hastapenetan kirol saileko kazetari izan zen hainbat urtez, eta Elkartzen mugimenduko kide eta eledun ere jardun zuen, besteak beste.