Euskal etnografia musikalaren artxibo argitaragabeak denen eskura jarri dituzte

  • 490 hitz
  • Albistea entzun

Les Réveillées: Ethnographies musicales des territoires français et francophones, 1939-1984 proiektua denen eskura jarri berri du Didomenak, Parisko Gizarte Zientzietako Goi Mailako Ikasketen Eskolako datu gordailuak.

Orotara, inoiz argitaratu gabeko 40.000 artxibo jarriko dituzte webgune batean. Mari Hirigoien musikologoak testuingurua jarri die, ulertzeko nola bilduak izan ziren Euskal Herriko artxiboak. 

Claudie Marcel-Dubois (1913-1989) eta Maguy Pichonnet-Andral (1922-2004) etnomusikologoak 45 urtez ibili ziren Frantziak administratzen duen eremu osoan musika grabatzen, hala nola Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Lapurdin. Artxiboen kalitate ona zinez deigarria da, material profesionalarekin aritu baitziren bilketa lanetan. Soinu artxiboez gain, etnografoek baliatu kaierak, atera zituzten argazkiak eta garai hartako afixak ere paratuko dituzte webgune berri batean.

Euskal Herriko artxibo bakoitza testuinguruaz beztitzeko eskatu diote Mari Hirigoien musikologoari. «Ene lana da ortografia zuzentzea, digitalizatzea eta segurtatzea artxiboa eta lotura ongi bat datozen. Euskal Herrian landu zituzten inkesten helburua zehaztu, eta aurkezpenak egin ditut; funtsean, haien kokatzeko». 

Hastapenean frantses hutsean bada ere, Hirigoienek geroxeago euskaratzeko xedea du. Musikologoaren aburuz, berri handia da webgune horren irekiera: «Hemen arazo bat baitugu gauzak entzungai ezartzeko, partekatzeko. Tesirako sei hilabete pasatu nituen gure arbasoen soinuen hiru kopia ukaiteko! Azkenean, Parisetik eman zizkidaten! Frustratua nintzen: gure artxiboak kanpotik jaso behar izatea. Izugarri kontent naiz artxibo horiek guziak edonoren esku egonen baitira orain».

Hastapenean frantses hutsean bada ere, Hirigoienek geroxeago euskaratzeko xedea du.

Datu guzietan lau aldiz da aipatua Euskal Herria, lau inkestatan: 1947koan, 1953koan, 1958koan eta 1973koan. Lehena 1947ko iraileko egonaldikoa da. Astebetez hiru probintziak zeharkatu eta mota anitzeko grabazioak egin zituzten: boz bakarreko zein anitzeko kantuak, josteta kantuak, kantikak, pastoraletako deklamazio tonuak, uso ehizako oihuak, artzain oihuak, dantza zenbaiten aireak eta pilota partidetako puntuak salmodiaturik. «Perlak badira», aitortu du Hirigoienek. Bildutako dokumentuetan dago, konparazionecloseAdibidez., 1947ko irailaren 8ko Iparraldeko lehenenetariko bertso txapelketa, Donibane Garazin egina, zeinean aritu baitziren Pierre Bordazarre Etxahun-Iruri, Mattin Treku Mattin, Teodoro Hernandorena antolatzailea eta Telesforo Monzon.

Miarritzeko (Lapurdi) munduko dantza eta kantu folklorikoen festibalaren karietara jin ziren bigarren bilketa lanaren egitera etnomusikologoak, 1953an.

Bertsolariak euskaraz Parisen...

1958ko artxibo sorta, berriz, ez da Euskal Herrian bildua, Parisen baizik. Euskal Etxean antolatu zen bertso txapelketako finala grabatu zuten, Hernandorena antolatzaileak berak gomitatu baitzituen bi etnomusikologoak. Maiatzaren 18 hartan Etxahun aritu zen, baina lehiaz kanpo; Basarri, Mattin, Uztapide eta Xalbador, berriz, elkarri norgehiagoka. Etxahun-Irurik kantaturiko azken agurra egiten zaio deigarria Hirigoieni. Kantatzen akitu orduko, esku zartaka nasaia aditzen da, publikoaren kopuru handiaren salatari: «Jendeak urrunetik joan ziren; animaleko besta antolatu zuten bertsolaritzaren ezagutarazteko. Pentsa, Alemaniatik eta Ingalaterratik abiatu zen prentsa», azpimarratu du Hirigoienek.

Pariseko Euskal Etxean antolatu zen bertso txapelketako finala.

Azken grabazio sorta 1973koa da, berriz ere Euskal Herrian gaindi ibili zirenekoa. «Aldi hartan, kantu zenbait agertzen bada ere, haien nahikundea izan zen musika tresnen inbentarioa egitea».

... eta frantsesez Makean

Dokumentu sorta horrek badu bitxikeria bat: korala eta dantza zenbait grabatzeaz gain, Makeako (Lapurdi) afari bateko kantu eta bertsoak bildu baitzituzten. Baina ez edonolakoak; Mattin eta Xanpun frantsesez ari baitira bertsotan. «Badirudi hala informatzaileek nola entzuten diren guziek alkohola kontsumitu zutela. Horrek eragin lezake usaiaz kanpokocloseEzohiko. gauzen eginaraztea. Alta, ezin da ulertu nola Marcel-Duboisek onartu, are, akuilatzen dituen frantsesez aritzera. Harrigarria da, zeren eta etnologo entzutetsua 1947an borrokatu baitzen grabazioak tokian-tokian egin zitezen, bilketak ez desitxuratzeko». 

Salbuespenak salbuespen, Hirigoienek ohartarazi du «errespetu handiarekilan» egin zutela lan hori Marcel-Dubois eta Pichonnet-Andralek, euskaldunez «zinez interesaturik» eta haien ondarearen «baloratzeko».

Jatorrizko artikuluak