BOZKALENTZIAK HARTURIKO BOZAK

Didomena Parisko Gizarte Zientzietako Goi Mailako Ikasketen Eskolako datu gordailuak denen eskura jarri berri ditu nehoiz argitaratu gabeko 40.000 artxibo, Les Réveillées: Ethnographies musicales des territoires français et francophones, 1939-1984 (Iratzarriak: eskualde frantses eta frankofonoetako etnografia musikalak, 1939-1984) proiektuaren karietarat. Mari Hirigoien musikologoak testuingurua jarri die ulertzeko zein baldintzatan bilduak izan ziren.

Claudie Marcel-Dubois eta Marie-Marguerite Pichonnet-Andral, bilketa lanetan. DIDOMENA.
Ainize Madariaga
2021eko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Claudie Marcel-Dubois (1913-1989) eta Maguy Pichonnet-Andral (1922-2004) etnomusikologoak 45 urtez ibili ziren Frantziak administratzen duen eremu osoan musika, kantua, bertsoak, irrintziak eta bertze grabatzen; hala nola Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Lapurdin. Artxiboen kalitate ona zinez deigarria da, material profesionalarekin aritu baitziren bilketa lanetan. Soinu artxiboez gain, etnografoek baliatu kaierak eta atera zituzten argazkiak, zein garaiko afixak ere paratuko dituztewebgune berri batean ondoko egunetan.

Datuak oro denen eskura ezartzeaz gain, artxibo bakoitza testuinguruaz beztitzeko eskatu diote Mari Hirigoien musikologoari; zer pertsona ezagutu zuten, zer grabatu, non, zein egunetan zehazki, non lo egin zuten, nork aterpetu zituzten: «Ene lana da ortografia zuzentzea, digitalizatzea eta segurtatzea artxiboa eta lotura ongi bat datozen. Euskal Herrian burutu zituzten inkesten helburua zehaztu, eta aurkezpenak egin ditut; funtsean, haien kokatzeko. Testuingururik gabe zaila baita artxiboak ulertzea, hori baita xedea: denek ulertzea». Hastapen batean frantses hutsean bada ere, Hirigoienek beranduxeago euskaratzeko xedea du. Musikologoaren aburuz, berri handia da webgune horren irekiera: «Hemen arazo bat baitugu gauzak entzungai ezartzeko; partekatzeko. Tesirako sei hilabete pasatu nituen, gure arbasoen soinuen hiru kopia ukaiteko! Azkenean Parisetik eman zizkidaten! Frustratua nintzen: gure artxiboak kanpotik jaso behar izatea. Izugarri kontent naiz artxibo guzi horiek edonoren esku egonen baitira orain».

Lau haizeetara

Datu guzietan lau aldiz da aipatua Euskal Herria, lau inkestetan: 1947koan, 1953koan, 1958koan eta 1973koan. Lehena 1947ko iraileko egonaldikoa da. Baionako Euskal Museoa eta Henri Gavel linguistak zuten antolatu Marcel-Dubois eta Pichonnet-Andralen lanaldia.

Astebetez hiru probintziakzeharkatueta mota anitzeko grabazioak burutu zituzten: boz bakarreko zein anitzeko kantuak, josteta kantuak, kantikak, pastoraletako deklamazio tonuak, usoaren ehizako oihuak, artzain oihuak, dantza zenbaiten aireak edota pilota partiduetako puntuak salmodiaturik. «Perlak badira», aitortu du Hirigoienek. Bildutako dokumentuetan dago, konparazione, 1947ko irailaren 8ko Iparraldeko lehenenetariko bertso txapelketa, Donibane Garazin, zeinean aritu baitziren Pierre Bordazarre Etxahun-Iruri, Mattin Treku Mattin, Teodoro Hernandorena antolatzailea eta Telesforo Monzon.

Hirigoienentzat hautua zaila izan bada ere, lehen inkesta horretatik nabarmentzekoa egiten zaio Arño Laxage-i grabatu zioten Gure etxen badira kantua, Aloze-Ziboze-Onizagainen (Zuberoa). Hirigoienek berak anitz kantatu izan duen abestia da, parte den BBAX taldearekin. Are, haien lehen diskoari eman zion izenburua, 2014an (ZTK).

Miarritzeko (Lapurdi) Munduko dantza eta kantu folklorikoen festibala kari jin ziren bigarren bilketa lanaren egitera etnomusikologoak, 1953an. Egonaldi labur horretaz ere baliatu ziren Ximun Patalagoiti txirulariari elkarrizketa baten grabatzeko.

Etxekoa etxetik at

1958ko artxibo sorta, berriz, ez da Euskal Herrian bildua, Parisen baizik. Euskal etxean antolatu zen bertso txapelketaren finala grabatu zuten, Hernandorena antolatzaileak berak gomitatu baitzituen bi etnomusikologoak. Maiatzaren 18 hartan Etxahun aritu zen, baina lehiaz kanpo; Basarri, Mattin, Uztapide eta Xalbador, aldiz, elkarri norgehiagoka. Etxahun-Irurik kantatu zuen azken agurra egiten zaio deigarria Hirigoieni: «Ez adiorik, bai esker mila, oi eskualtzale maitia. Ilusionean joanen gira hemendik bertsulariak. Erremerziatzen dut eskualduna eta haren aitzindariak. Orhirat buruz eramanen dut ene Orhiko txoria».

Kantatzen akitu orduko aditzen da esku zartaka nasaia; publikoaren kopuru handiaren salatari: «Jendeak urrunetik joan ziren, animaleko besta antolatu zuten bertsolaritzaren ezagutarazteko. Pentsa, Alemaniatik eta Ingalaterratik abiatu zen prentsa», azpimarratu du Hirigoienek.

Finalaren biharamunean, bezperako txapelketako hiru bertsolari Arte eta Tradizio Herrikoien (ATP) museorat ekarrarazi zituzten: Hernandorena, Etxahun-Iruri eta Etxahun-Topet. «Esplikatu zieten bertsolaritza zer zen», xehatu du Hirigoienek. Grabazio haietatik bat Berriarekin partekatu du Hirigoienek, umorez betea, zeinean Hernandorena ari baita kantuz: «Asto baten gainean Domingo Kanpaña, etziak hutzik asto horren gaiña. Azpikoa astoa dek baña, gainekoa ere badek azpikoa aña; asto baten gaiñian bestea alajaña».

Azken grabazio sorta, 1973koa da, berriz ere Euskal Herrian gaindi ibili zirenekoa, uztailaren 23tik agorrilaren 7ra bitartean. «Aldi hartan, kantu zenbait agertzen bada ere, haien nahikundea izan zen Euskal Herriko musika tresnen inbentarioa egitea», ohartzerat eman du Hirigoienek. Horren ondotik idatzitako ikerketa zientifikoan Marcel-Duboisek zehazten du analisi konparatiboa egin nahi duela, hots, 1950 hamarkadatik ordura arte musika tresnak zenbat diren kanbiatu. Alboka, txistua, dultzaina, txirula, zilbota, ttunttuna, panderoa, eta atabala entzungai dira.

Bitxi eta hits

Dokumentu sorta horrek badu bitxikeria bat: korala eta dantza zenbait grabatzeaz gain, Makeako (Lapurdi) afari bateko kantu eta bertsoak bildu baitzituzten. Baina ez edonolakoak; Mattin eta Xanpun bertsotan frantsesez ari baitira. «Badirudi informatzaileek nola entzuten diren guziek alkohola kontsumitu zutela. Horrek eragin lezake usaiaz kanpoko gauzen eginaraztea. Alta, ezin da ulertu nola Marcel-Duboisek onartu, are, akuilatzen dituen frantsesez aritzera. Harrigarria da, zeren eta etnologo entzutetsuak 1947an borrokatu baitzuen grabazioak tokian tokian grabatzea, bilketak ez desitxuratzeko».

Salbuespenak salbuespen, Hirigoienek ohartarazi du «errespetu handiarekilan» egin zutela lan hori Marcel-Dubois eta Pichonnet-Andralek, euskaldunez «zinez interesaturik» eta haien ondarearen «baloratzeko».

Makeako gaualdi hartako Mattinen bertso bat ekarri du adibide gisa, baina euskarazkoa: «Hauxe esplikatu behar diat hemen umore onian. Aizak hi Xanpun, jarria baihaiz andre horien konpainian.

Nik horiek ezagutzen ditiat joan deneko aspaldian, ta hire boza zabalduko ditek hau Trocadero gainian. Tresna eskuan hor egona duk aistian hire aditzen, hauk usatu tuk eskual herrian noiztenka hola ibiltzen, ta dizka zarren etxea ere hauek zeukatek Parisen, han hire boza emanen zutela ez zitzaikan iduritzen».

Marcel-Dubois eta Pichonnet-Andralen 45 urteko bilketa lana «balio handikoa» dela azpimarratu du Hirigoienek: Uste dut proiektu hau adibide baten gisara ikusi behar dela. Kexatzen baikara euskal kantua galtzen ari dela, baina aldi berean ez da jendearen esku ezartzen, eta ate guziak hetsi ditugu. Alta, transmititzea da gakoa. Denen esku jarri behar da, denek ezagut ditzaten».

Horregatik, proiektuan laguntzen ari da, kitorik, bertzeak bertze, Pantxix Bidarten laguntzari esker ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.