Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, hiru eguneko podcast sorta bat ondu dute 'BERRIA Berriketan'-en euskararen etorkizuneko egoera marraztu nahian. Horretarako, Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2036 proiekzio demolinguistikoa ikerlana baliatu dute.
Adierazpen eta asmo onak adierazteko eguna izaten da askotan abenduaren 3a, hots, Euskararen Nazioarteko Eguna. Egun horren talaiatik begiratu nahi izan diote euskararen etorkizunari BERRIA Berriketan podcastean. Eta, horretarako, hiru ataleko sorta bat osatu dute. Honako honek ematen dio abiapuntua, eta euskararen bilakaerari erreparatu diote. Bigarrenean, proiekzio hori Araba, Bizkai eta Gipuzkoara mugatu dute, eta hirugarrenean, berriz, Nafarroara.
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) eskatu eta Siadecok egindako azterlan batean oinarritu dira Iker Tubia eta Arantxa Iraola kazetariak horretarako: Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2036. Hain zuzen ere, ikerketa demolinguistikoa da Siadecok egindakoa, eta, datu linguistiko eta demografikoak uztartuz, 2036an euskara nola egongo den ondorioztatu dute, jakinda argazkia ez dela zertan guztiz zehatza izan, aldagai bat edo bestea aldatuz gero bukaerako argazkia ere ezberdin atera daiteke eta.
Antzeko azterketa bat egin zuen Iñaki Iurrebaso UEMAko teknikari eta soziolinguistak, eta lan eremu jori bat ondu dute bide horretatik azken urteotan hainbaten artean. Ikerketen ondorioak, gehienetan, antzekoak dira. Horietako bat da hamar urte barru euskararen arnasguneakcloseEuskararen erabilera %60 baino handiagoa duten herriak hartzen dira arnasgunetzat. txikiagoak eta ahulagoak izango direla. Besteak beste, gutxiago izango dira arnasgune betetzatcloseEuskararen erabilera %80 baino handiagoa duten herriak. jotzen diren horiek, eta soilik herri txiki batzuk geratuko dira Nafarroan eta Gipuzkoan. Bizkaian desagertu egingo dira.
Alde on bat ere badu proiekzioak. Hau da, gora egiten jarraituko duela euskaldunen kopuruak, salbu eta Nafarroan. Gorakada horretan, baina, bada alde ilun bat: euskaldunak zahartu egingo dira, eta gazte euskaldunen portzentajea apaltzen hasiko da, orain arteko joera iraulita.
Beste aldaketa bat etorriko da kanpotik heldutakoen ondorioz. Izan ere, migrazio prozesu horrek jarraituko duenez, gero eta gehiago izango dira etxean kanpoko hizkuntza batean arituko direnak.
Euskal hiztunen ugaritze horrek badu beste alde txar bat ere: izan ere, batez ere eremu erdaldunenetan gertatu denez, askotan hiztun berri horiek ez dute euskara erabiltzeko aukerarik izaten, eta gaitasuna ere mugatua izaten dute.
Egoera berriak hizkuntz politika berriak eskatzen dituela nabarmendu dute euskalgintzako eragileek, orain arte hartu diren neurriak ez direlako nahikoa euskara indarberritzeko.
Jatorrizko artikuluak
-
Euskararen geroa (I): Euskara arnasestuka
Iker Tubia, Arantxa Iraola |
|