Herriko etxeak, bozen zain

Martxoaren 15ean eta 22an izango dira Iparraldeko herriko etxeetako bozak. Bi itzuliko sistema izanda, hurrengo bi igandeetan erabakiko dute auzapeza nor izanen den Ipar Euskal Herriko herrietan. Bideo honetan Ekhi Erremundegi BERRIAko kazetariak azaldu ditu lehiaren gako nagusiak.

2020tik sei urte igarota, Ipar Euskal Herriko herriko etxeak berrosatzeko tenoreacloseUnea, momentua. iritsi da. Igande honetan (martxoak 15) jokatuko da lehen itzulia, eta 22an bigarrena. Funtsean, baina, herri gehienetan martxoaren 15ean erabakiko da nortzuek osatuko duten herriko etxea. Izan ere, 114 herritan zerrenda bakarra aurkeztu da. 31 herritan bi zerrenda, eta soilik 14 herritan aurkeztu dira bi zerrenda baino gehiago. Funtsean, beraz, 14 horietan bakarrik jokatu ahal izango da bigarren itzulia, baldin eta zerrendaren batek botoen erdiak baino gehiago lortzen ez baditu lehen itzulian.

Aurten indarrean da Frantziako Asanblea Nazionalak iaz egindako erreforma. Horren arabera, mila biztanletik beherako herrietan ere zerrenda osoak eta parekideak aurkeztu behar dira. Zenbait herri txikitan zailtasunak izan badituzte ere, azken buruan herri gehientsuenetan lortu dute gutxienez zerrenda bat eratzea.

Ezkerreko abertzaleen EH Bairen apustua da gutxienez 2020ko emaitzei eustea, eta, ahal den neurrian, hobetzea. Orduan emaitza onak atera zituzten ezker abertzaleko hautagaiek, eta haien zerrendetako edo haiek bultzatutako zerrendetako 15 hautagaik lortu zuten auzapez izateko bultzada. Orduan, baina, COVID garaia izanik, abstentzio handia izan zen, eta horrek mesede egin zien hautagai abertzaleei. Oraingoan, orduan lortu zituzten alkatetza batzuei eustea ez ezik —Urruña, Ziburu...— beste herri batzuetan lehiatzea ere bada helburua: Kanbo, Senpere, Arbona, Ahetze... EH Bai presente dago 30 bat zerrendatan.

EAJko Peio Etxeleku Kanbon lehiatuko da, eta ez du ezkutatu han irabaziz gero Euskal Hirigune Elkargoa gidatzeko anbizioa. Hain zuzen ere, herri guztiak ordezkatzen dituen egitura instituzional hori osatzea da herriko bozen hirugarren itzulia. Jakinekoa denez, herriko etxe bakoitzak gutxienez ordezkari bat du elkargoan, eta herri handienek dute ordezkaritzarik handiena. Baionak, esate baterako, 22 ordezkari ditu; Angeluk, 18; Miarritzek, 10; eta Hendaiak, 7. Martxan jarri zenetik, 2017tik, Jean Rene Etxegarai Baionako auzapezak gidatu du instituzioa. Baionan izaten diren emaitzen arabera, berriz lortu ahal izanen luke. Han, aurre egin beharko die ezkerreko hiru zerrendari —tartean abertzaleek ere bat egin duten Jean Claude Iriarterena— eta eskuin muturrekoari. 

Hauteskundeen inguruan gehiago jakin nahi izanez gero, Berria Berriketan-en podcast honetan aritu dira gaiari buruz Erremundegi bera eta Iker Tubia aurkezlea.

Jatorrizko artikuluak