Baionako auzapez eta Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria

Jean Rene Etxegarai: «Etengabeko bikaintasuna espero dugu Euskal Elkargoarengandik»

Arlo anitzetan beranta dutela aitortu badu ere, Baionako Herriko Etxean eta Euskal Hirigune Elkargoan eramandako politikak goretsi ditu. Baieztatu du herriko bozetan gailentzen bada agintaldia bururaino eramanen duela.

Jean Rene Etxegarai, atzo, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Jean Rene Etxegarai, artxiboko argazki batean. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2026ko martxoaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Merkatu eguna zen asteazken goizean Baionako Gaskoien plazan. Erakusmahaien artetik pasatzean, ez ziren gutxi Jean Rene Etxegarai Baionako auzapez eta Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria agurtzera hurbiltzen zirenak; batek baino gehiagok animoak eta eskerrak ere eman zizkion. «Gezurra litzateke erratea astero heldu naizela, baina hilabetean behin pasatzen naiz, bai hemen bai beste auzoetan. Funtsezkoa da auzapez batek herritarrekin kontaktua atxiki dezan gutun bidezko harremanetatik harago». 

Zein dira herritarrek helarazten dizkizuten arrangurak?

Gehienetan agertzen den gaia etxebizitzarena da. Eta ez nau harritzen, nahiz eta Baiona Ipar Euskal Herriko hiri bakarra den SRU legeak aurreikusten duen bizitegi sozialen heina errespetatzen duena. 3.000 biztanletik gorako herri guziek %25 bizitegi sozial ukan behar dituzte, eta gure hiriak historikoki hala izan ditu. Gure helburua da %30eko heinera iristea. 

Baina ikusten dugu askoz ere eskaera gehiago daudela Baionan gainerako herrietan baino, sinpleki Baionak badituelako beste herriek ez dituzten bizitegi sozialak. Herritarren beharrei erantzuteko dugun gaitasunaren biktima gara.

Gazte batentzat zaila da Baionan bizitegia aurkitzea. 

Gazte batentzat edozein lekutan da zaila bizitegi bat aurkitzea. Baiona da biztanleka irabazi txikiena duten hirietako bat. Egin ditugun azken etxebizitza proiektuetan, Prisse auzoan, bizitegi bat eskuratu dutenen %40k 30 urte baino gutxiago dituzte. Gure herrian lan egiten duten familiak dira, eta soluzio bat aurkitu dute. Beraz, erran ordez Baionak dena egin behar duela, inguruko herriei ere badagokie operazioak egitea.

Baiona inguruan badira hiri batzuk %8-9 inguruan direnak, eta beste batzuk %12-14 inguruan. Lurralde mailan gaitzeko beranta hartu dugu, gaitzekoa. Badugu tresna bat erakunde publikoak eraikinen jabe bilakatzeko: EPFL Lurraren Erakunde Publikoabadugu tresna bat bizitegiak antolatzeko: HSA Habitat Sud Atlantique alokairu sozialerako egitura. Edozeinek bere herrian erabil ditzake. 

Euskal Elkargoak berretsi ditu herrietako hirigintza planak. Lehendakari gisa eragin zenezakeen hor. 

Arrazoi duzu. Elkargo mailan konpondu behar dira gai horiek, eta erran behar dut herriek lehen baino askoz ere indar handiagoa egiten dutela; baina ez aski. BTP Bizitegien Tokiko Plana ere bozkatu genuen, eta helburu batzuk finkatu. Baina zintzoki erranen dut: ezin izanen ditugu helburu horiek bete, ez dugulako behar beste bizitegi izanen. Eta ez da auzapezen kulpa: zailtasunak daude operazio orekatuak gauzatzeko, helegiteak ere baditugu eraiki nahi dugunean; eta testuinguru ekonomikoa ere ez da aldekoa, interes tasak eta materialen kostuak emendatu baitira. Zaila da eraikitzea; eraikuntzek ez dute onarpen sozialik. 

«Pentsatzen dut beranta gehiegi hartu dugula zinezko mugikortasun politika bat martxan emateko. Inbertsio handiak egin ditugu, baina oraindik ez gara iritsi nahiko genukeen emaitzara»

Garraio publikoetan hobekuntza nabarmena izan da Ipar Euskal Herrian. Baina auto lerroak daude oraindik Baionako hirigune sarreran eta hiri erdian. 

Oraindik asko bada egiteko, ados nago. Pentsatzen dut beranta gehiegi hartu dugula zinezko mugikortasun politika bat martxan emateko. Inbertsio handiak egin ditugu, baina oraindik ez gara iritsi nahiko genukeen emaitzara. Eta, hala ere, erabiltzaile kopurua %40 emendatu da lau urtez. Hasieran erraten ziguten tranbusa hutsik ibiliko zela; baina parioa egin genuen, eta gaur egun anitz erabilia da. 

Eskaintza hobetu behar da, baina horretarako aitzinkontu bat behar da; mugikortasun sindikatuan zorpetze tasa handia dugu. Hori konpontzeko, fiskalitatea behar da. Garraioan, 11 langiletik gorako enpresak ordaintzen duten zergaren bidez egiten da. Euskal Elkargoa sortzerakoan, Ipar Euskal Herri guzira hedatu da hori, baina arauak dio enpresa guzientzat hein berekoa izan behar duela. Horrek haserre handia sortu zuen. Erran nahi dut ez dela dirudien bezain erraza: gaur egun %2ko zerga ordaintzen dute enpresek. 

Zein da soluzioa, beraz?

Batzuk nire esku daude, eta beste batzuk, botere legegilearen esku. Mugikortasun sindikatuen finantzaketa moldatu behar da Frantzia guzian. Hemen aipatzen ditugun arazoak leku guzietan dituzte. Ez dut mirakulurik. Gaur egun, erabiltzaileak prezioaren %14 baizik ez du ordaintzen. Mugikortasun sindikatuari milioiak eman behar izan dizkiogu, bai kostaldean hobekuntzak egiteko, bai barnealdean kasik existitzen ez zen sarea sortzeko; lehenago zegoen eskaintza %160 emendatu dugu. Ez da dena behatz klaska batez egiten. Etengabeko bikaintasuna espero dugu Euskal Elkargoarengandik, baina bederatzi urte baizik ez ditugu, eta badugu zinezko mugikortasun politika bat.

Jean Rene Etxegarai, artxiboko argazki batean. GUILLAUME FAUVEAU
Jean Rene Etxegarai, artxiboko argazki batean. GUILLAUME FAUVEAU
Nola murriztu auto kopurua BAM hirigunean, Baionatik Miarritzera 40 minutu behar badira autobusez?

Bi herrien artean linea zuzen bat egiteko, azkarki emendatu beharko genuke mugikortasun sindikatuaren aitzinkontua; bada egin daitekeena eta egin ezina dena. Gaur egun, autobusaren abiadura, eta bereziki Baiona eta Miarritze artean, autobusari berezituriko bideek ahalbidetzen dute. Baionan, autobus bideen %60 dira halakoak; Miarritzen, %10. Era berean, Baionatik Miarritzera autoa hartzen baduzu lasterrago iritsi nahi duzulako, Miarritzen aparkatzea biziki garesti da. Egiten ditugun kalkuluetan, bada denbora, baina bada autoa erabiltzeak duen gastua ere. 

Hirigune sarreretan aparkaleku handiak jarri dituzue.

Baina jende anitzek ez dituzte erabiltzen. Baionan kasik 33.000 enplegu ditugu; Landetako hegoaldean bizi diren anitzek Baionan lan egiten dute; baina oraindik ez dute garraio publikoa hartzen. Hirigune batera iristean, ezin da auto gidarientzat errazagoa izan garraio publikoak hartzen dituztenentzat baino. Horregatik, aparkalekuak mugatu ditugu, mugikortasuna bultzatzeko. Baina Angelun, aparkaleku guziak urririk dira, udan hondartza bazterrekoak izan ezik. Ez ditut nire auzapez lankideak gaitzesten, baina, ez badugu autoak mugatzen dituen aparkatze politikarik, ez gara gure helburuetara iritsiko.

«Azterketa soziolinguistiko guziek erakusten digute gure hizkuntza arriskuan dagoela. Horrela segitzen badugu, azken 20-30 urteetan ezer egin ez bagenu bezala egonen gara»

Hamabi urte dira Baionan auzapez zarela. Hizkuntza politikan gaitz da zinezko aitzinamendurik ikustea. 

Euskarazko irakaskuntzaren eskaintza %65 emendatu da azken urteetan, baina berant handia dugu arlo horretan, partez harrapatu badugu ere. Bada hizkuntzaren erabilpen soziala ere. Gogoan ditut besta giroko hainbat gertakari, Baionako bestak, Xingar Feria, kultur ekitaldi gehienetarako egiten ditugun itzulpenak... Erranen didate ez dugula sekula nahikoa egiten. Hauteskunde hauetarako naizen hautagaiak dokumentu guziak sarean jarri ditu, euskarara eta okzitanierara itzuliak. 

Euskara plan anbiziotsu bat bozkatu zenuten, baina gauzapena eskas da. 

Giza baliabideen arloan arazoak izan ditugu, eta horrek gauzak anitz gibelatu ditu. Bi pertsonak beren misioa utzi dute batak bestearen ondotik, eta ez da jarraitutasunik izan. Ez da gehiago horrela gaur egun, gaia menperatzen duten bi pertsona baititugu. 

Arazo teknikoa da, beraz, politikoa baino gehiago. 

Bai, noski. Plan anbiziotsu hori osatu dugu, eta orain gauzatzeko baliabideak jarri behar ditugu. Baina ziurtatzen dizut helburu hori dugula. 

Elkargoak ez du lortu EEPren aitzinkontua beharren heinekoa izan zedin. Porrot bat da?

Bai, nik hala bizi dut. Ez dugu lortu. Iruditzen zait hizkuntzaren gaian gibel egiten ari garela. Azterketa soziolinguistiko guziek erakusten digute gure hizkuntza arriskuan dagoela. Horrela segitzen badugu, azken 20-30 urteetan ezer egin ez bagenu bezala egonen gara. Uste dut EEPko gainerako partaideei egin genien eskaera errealista zela. Baina ez dugu lortu gainerako partaideak konbentzitzea, izan departamendua, eskualdea eta estatua. Haien arteko joko ilun batean, batak besteari pasatu dio pilota, aitortu ordez ez zutela asmorik ekarpena emendatzeko. 

Nola iritsi EEPk 2050erako finkatu duen %30eko hiztun kopuruaren helburura baliabide ekonomikorik gabe?

Hori lortzeko lanean segituko dugu. Anartean, Elkargoak bere baitarik beste 300.000 euro gehitzea erabaki du, hainbat ekintza bideratzeko. Beste erakundeek ere baikorki erantzun behar dute. 

«Ate ireki bat izan dudan bakoitzean, mintzatu naiz hainbat gairen inguruan, hizkuntzarena barne. Gobernu honi aiher natzaio nire eskaerak entzun ez dituelako»

Euskal Konfederazioak koofizialtasunaren aldarrikapena mahai gainean jarri du berriz. Instituzionalki, zer egiteko prest zara horren alde?

Horren aldekoa naiz, bai. Funtsezkoa da Frantziako Konstituzioaren 2. artikulua aldatzea, eta hori babestuko dut. Azterketa konstituzional bat egin beharko litzateke, eta plazaratu, erakusteko moldaketa konstituzional hori posible dela; bistan dena hala dela. Baina badakigu gaia politikoa dela, juridikoa baino gehiago. Oroitarazten ahal dizut zein den LFIren posizioa eskualdeko hizkuntzei buruz. Ikusten dudalarik batzuk LFIrekin aliatu daitezkeela hainbat hauteskundetarako, eta ondoan eskualdeko hizkuntza defendatu... Bada zerbait naturaren kontrakoa dena.

Nik gaia Parisera eraman dut. Frantziako presidentearekin hitz egin dut, eta lehen ministro batekin baino gehiagorekin ere bai.

Noiz?

Anitzetan. Aukera ukan dudan guzietan. Ate ireki bat izan dudan bakoitzean, mintzatu naiz hainbat gairen inguruan, hizkuntzarena barne. Ez dut horregatik aitzinatzea lortu. Nahi baduzu erran dezadan ez dudala proiektu guzietan erreusitzen, berresten dizut. Tokiko hautetsi bat besterik ez naiz, ez dut gaitasunik maila nazionalean gauzak aldatzeko. Gobernu honi aiher natzaio nire eskaerak entzun ez dituelako.

Batera-ren birfundazioan parte hartu zenuen. Zein epetan eta nola plantan eman daiteke estatus bereziko lurraldeko kolektibitatea?

Hautetsiekin lan bat egiten hasi beharko dugu. Konbentzitu beharko ditugu gauza ona dela. Baina ez doa berez. Zinezko legitimitate transferentzia bat da, herri mailatik elkargo mailara. Era berean, Frantziako Asanblean gehiengo bat lortzeko lan egin beharko dugu; lege bat behar baita erakundea sortzeko, edukia biziki desberdina izan daiteke. Korronte ezberdinen arteko lan biziki inportantea egin beharko dugu. 

Jean Rene Etxegarai, Euskal Hirigune Elkargoko batzarrean. PATXI BELTZAIZ
Jean Rene Etxegarai, Euskal Hirigune Elkargoko batzarrean. PATXI BELTZAIZ
Batzuek eskatzen dizute Elkargoaren bilana egiteko lehenik. Elkargoan botere zentral eta teknokratiko bat ezarri duzu batzuek leporatzen dizutenaren gisara?

Gutxiengo batek leporatzen dit; zinez gutxiengo batek. Baina egia da badirela batzuk. Ezin dut ez entzunarena egin. Ekintza publikoaren eraginkortasunak batzuetan eskatzen ditu zentralismo forma batzuetatik pasatzen diren antolaketa moldeak. Ez dut horren apologia egiten. Baina instituzio horren plantan ematea —gehiengo handi batek nahi genuen bezala— ezin zen egin ezagutu dugun fase hau gabe. Onartzen dut lurralde batzuek uste dutela pixka bat bridatuak izan direla, nolazpait; ez dutela aski autonomia izan. 

Uste dut deszentralizazio handiagora jo behar dugula, baina ez dut egoki ikusten hamar poloen antolaketa atxikitzea; hori nire iritzia da, eta denak ez dira ados. Ezin dugu aitzineko eskeman segitu; bestela, ez du ezertarako balio hirigune elkargo bakarra sortu izanak. 

«Ez diezagutela leporatu bederatzi urtean dena konpondu ez izana. Gaur egun Elkargoan ditugun orekak ez dira prekarioak, baina hauskorrak bai batzuetan. Ez dezagun etxea hautsi»

Baina behar dira eremu deszentralizatuak. 

Bai, noski. Seguruenik herriarteko tokiko hirigintza planen eremuetan oinarritu beharko dugu. Ikusi dugu bazela hautetsiak ados jartzeko aukera. Nire jarduera publikoaren bukaeran nago, mintza naiteke gibelapenarekin. Elkargoaren sorrera defendatu nuen nahiz eta ez zen hori nahi genuen instituzioa. Euskal Herri frantsesaren perimetroa finkatu behar zen, eta uste dut gauza ona izan zela. Ez diezagutela leporatu bederatzi urtean dena konpondu ez izana. Gaur egun Elkargoan ditugun orekak ez dira prekarioak, baina hauskorrak bai batzuetan. Ez dezagun etxea hautsi. 

Zein gehiengo aurreikusten duzu lehendakaritzarako?

Ez dut erran hautagai izanen naizenik. Gauza bakoitza bere denboran; lehenik gure herrietan hautatu behar gaituzte. 

74 urte dituzu, 80 baino gehiago agintaldi bukaeran. Agintaldi osoa egitea aurreikusten duzu?

Kontratua osorik betetzeko asmoz aurkezten naiz bozetara. Erabakia hartu aitzin, galdera egin nion neure buruari, eta argi nuen osasunez bikain egon behar nuela. Sendagileek erran didate ez zela arazorik. Berri ona da niretzat, eta baita hartu behar nuen erabaki politikoarentzat ere. Gauzak aldatzen badira, jakinen dut ondorioak ateratzen. Badut nire inguruan talde bat, partez berritu dudana, bereziki gazteekin; erabateko konfiantza dut haiengan, eta jakinen dute segida hartzen. 

Ez duzu oraindik delfinik izendatu?

Ez dut delfinik, baina baditut beren lana biziki ongi egiten duten lankideak. Konfiantza dut etorkizunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA