Ikastetxeen bat egiteak: kezkak ere sortzen dituen prozesua

  • 401 hitz
00:00 /

Bizkaiko hamabi ikastetxeren bat egitea iragarri du Eusko Jaurlaritzak. Jaiotzen beherakadari eta segregazioari aurre egiteko neurri gisa azaldu badu ere, zalantzak eta galderak ez dira falta sindikatuen eta hezkuntza eragileen artean. Gaiaren nondik norakoak aletu dituzte Iker Tubiak eta Irati Urdalletak podcast honetan.

Heldu den ikasturtean ikastetxeen bateratzeak egingo ditu Eusko Jaurlaritzak Bilbon, Getxon, Leioan eta Basaurin. Hauexek izango dira bat egingo dutenak: Bilbon, Ingeniero Orbegozo eta Gabriel Aresti, Tomas Camacho eta Maestra Isabel Gallego Gorria eta Deusto eta Deustuko Ikastola; Basaurin, Soloarteko ikasleak Jose Etxegarain «berrantolatuko» dituzte; Getxon, Larrañazubi eta San Ignazio; eta Leioan, Lamiako eta Artaza Piñueta. Prozesuak zalantzak eta kezkak eragin ditu sindikatuen eta hezkuntzako eragileen artean. BERRIAren Berriketan podcasteko atal honetan aztertu dituzte gaiaren inguruko nondik norakoak Iker Tubia aurkezleak eta Irati Urdalleta BERRIAko hezkuntza gaietako arduradunak.

Oraingoz iragarpena bakarrik egin bada ere, bat egiteak indarrean jarriko dira 2026-2027ko ikasturtean. Batzuetan, bi eraikinetatik bat libre geratuko da, eta beste zenbaitetan, eraikin bat Haur Hezkuntzarako erabiliko da, eta bestea Lehen Hezkuntzarako.

Jaurlaritzak bi arrazoi eman ditu bat egiteak bultzatzeko: matrikulazio jaitsiera eta segregazioacloseEskola segregazioa da maila ekonomiko apaleneko familien seme alabek pairatzen duten bazterketa mota bat. Horren arabera, egoera ahulagoko ikasle horiek eskola jakin batzuetan pilatzea dakar.. Izan ere, argudiatu du 2020tik hona 13.000 ikasle galdu dituztela Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak. Bestetik, segregazioari aurre egin nahi diotela ere esan dute. Izan ere, kasu guztietan bi ikastetxeetako batean jatorri atzerritarreko edo errenta apalagoko ikasleen kopurua bestean baino nabarmenagoa izan da orain arte.

Jaurlaritzak dio azken urteotan asko handitu dela ikasturtea hasita dagoenean ikastetxeetara iristen diren ikasleen kopurua. 2.500 ziren 2020-2021eko ikasturtean, eta 8.000 izan ziren 2024-2025ekoan. Horrek behartzen du eskola mapacloseLurralde bateko ikastetxe guztien kokapena, eskaintza eta ezaugarriak ezagutzeko eta plangintzak egiteko erabiltzen den tresna. birpentsatzera, Hezkuntza Sailak dioenez. Oraingoz, bateratzeak Bizkaian egingo dituzte, baina ez dute atea itxi antzeko prozesuak Gipuzkoan eta Araban ere egiteko.

ELAk eta Steilasek kritikatu egin dute neurria, eta, oro har, gardentasunik eza eta aldebakartasunez jokatzea egotzi diote Jaurlaritzari. Steilasek, zehazki, zera leporatu dio: bat egiteak soilik eskola publikoetan egitea, eta horrek, azken finean, sare publikoa ahultzea. ELAk, berriz, uste du bateratzea ez dela bidea. Haren iritziz, nahiz eta ikasle gutxiago izan, gelako ratioak arintzeko aukera legoke ikasle gutxiagorekin, eta horrek irakasleen eta ikasleen baldintzak hobetuko lituzke.

Eusko Jaurlaritzak alderdi, sindikatu eta beste hainbat eragilerekin martxan duen Eskola Bikaina Denentzat eztabaida prozesuaz ere aritu dira Tubia eta Urdalleta. Izan ere, horren bidez, segregazioari aurre egiteko neurri sorta bat adostu nahi du Jaurlaritzak eragileekin. Prozesua, baina, hankamotz geratzen ari da. Izan ere, Steilas eta ELA hasieratik ez dira parte hartzen ari; eta, orain dela gutxi, LABek mahaia utzi du, Jaurlaritzari egotzita hura baliatzen duela «itxurakeria» egiteko.

Jatorrizko artikuluak