Eusko Jaurlaritzak Bizkaiko hamabi ikastetxe publiko integratuko ditu

Hezkuntza Sailak hamabi eskola publiko elkartuko ditu, Bilbon, Basaurin, Getxon eta Leioan, eta sei ikastetxe bihurtuko dira. Integrazio prozesuen helburuak hauek direla adierazi du: eskola segregazioa murriztea eta matrikula kopuru txikiari aurre egitea.

Haur batzuk Leioako eskola batean, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Haur batzuk Leioako eskola batean, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2026ko urtarrilaren 22a
12:52
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bat egite batzuk jakinak ziren; beste batzuk, berriz, ez. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak iragarri duenez, Bizkaian ikastetxe publikoak integratzeko sei prozesu jarriko dituzte abian datorren ikasturtean, eta hamabi ikastetxetan izango dute eragina: Bilbon, Basaurin, Getxon eta Leioan.

Jaiotze tasaren jaitsiera dela eta, gero eta haur gutxiago matrikulatzen ari dira, eta horrek aparteko eragina izan du zenbait eskolatan. Jaurlaritzaren datuen arabera, 2020tik hona 13.000 ikasle baino gehiago galdu dira Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan. Hori da bateratze horiek egiteko arrazoietako bat. Bestea, berriz, eskola segregazioa murriztea, Hezkuntza Sailaren esanetan.

Matrikula bizia —behin ikasturtea hasita iristen diren ikasleak— gero eta handiagoa da: 2020-2021eko ikasturtean, 2.500 ikasle izan ziren; 2024-2025ekoan, 8.000. Eta horrek neurriak hartzea eskatzen du, Jaurlaritzaren irudiko: «Hezkuntza premia berriak sortu dituzte, eta, beraz, ezinbestekoa da eskola mapa birpentsatzea, ekitatea indartzea eta ikastetxe guztiek gero eta askotarikoagoak diren ikasleei arreta emateko proiektu sendoak eta gaitasuna dituztela ziurtatzea».

Hezkuntza Sailak nabarmendu duenez, bat egiteen bidez hezkuntza proiektuak «indartu», «sistemaren ekitatea» hobetu eta eskola segregazioaren aurkako borrokan aurrera egin asmo dute. «Integrazioaren bidez, talde askotarikoagoak eta orekatuagoak sortzen dira, harremanak zabaltzen dira, eta ikasleen ongizatea indartzen da, irakasle talde egonkorragoak eta laguntza gehiago izanda».

Jaurlaritzaren arabera, elkarrengandik hurbil dauden eskolak integratzearen alde egin dute apustu. Hauexek izango dira bat egingo dutenak: Bilbon, Ingeniero Orbegozo eta Gabriel Aresti, Tomas Camacho eta Maestra Isabel Gallego Gorria eta Deusto eta Deustuko Ikastola; Basaurin, Soloarteko ikasleak Jose Etxegarain «berrantolatuko» dituzte; Getxon, Larrañazubi eta San Ignazio; eta Leioan, Lamiako eta Artaza Piñueta.

Sukalde lanaren emaitza

Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosaren esanetan, erabaki horiek ez dituzte bat-batean hartu, sukalde lan handia dute atzetik, eta ziurtatu du «azterketa zorrotzaren» emaitza direla: «Ez dira bat-bateko erabakiak, aldez aurretik egindako azterketa eta elkarrizketa lan baten emaitza baizik. Lan horretan, bilerak egin dira zuzendaritza taldeekin, klaustroekin eta familia elkarteekin».

Halaber, sailburuak nabarmendu du lehentasuna beti izan dela ikasleen «interes hezitzaileei» erantzutea eta proiektu bateratuak ontzea, «prozesu osoan hezkuntza komunitateei entzunez eta lagunduz». Eskola segregazioaren aurkako ituna lortzeko Eskola Bikaina Denontzat prozesuaren barruan kokatu dituzte erabakiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.