Sarebide: elkarlanean mugak gainditzen

  • 378 hitz

Euskarazko zazpi komunikabidek eta Elhuyar fundazioak Interreg Proctefa funtsaren dirua jaso dute Sarebide komunikazio proiektua garatzeko. Lankidetza teknologikoa sustatzeko xedea du.

StreamingcloseInternet bidez eduki multimediak ikusteko eta entzuteko sistema. bidezko euskarazko musikaren plataforma. Ikus-entzunezko edukiak euskarri ezberdinetan zabaltzeko aplikazioa. Elkarren artean saretzeko eta edukiak partekatzeko sistema. Ikus-entzunezko edukietarako grabazio estudio partekatua. Mugaz gaindiko ikus-entzunezko saio bat. Zerbitzarien azpiegitura partekatua. Adimen artifizialeko tresnak.

Hori guztia lortu nahi du, besteak beste, Sarebide proiektuak. Hiru aditz ditu oinarri: saretu, partekatu eta zabaldu. Euskarazko zazpi komunikabidek eta fundazio batek bat egin dute bat proiektuan: Elhuyar fundazioak, Euskalerria Irratiak, Euskal Irratiek, Hamaika Telebistak (Bizkaikoa, Gipuzkoakoa eta Nafarroakoa), Kanaldude telebistak eta BERRIAk. Ez dira bazkide ezezagunak. Lehen ere egin izan dituzte proiektuak elkarlanean.

Mugaz gaindiko proiektua da, eta komunikabide txikien mugak gainditzeko asmoa du. Lankidetza teknologikorako sare bat sortuko dute, eta baliabideak eta tresnak emango dituzte. Teknologia lagun, edukiak gehiago zabaldu nahi dituzte, eta jende gehiagorengana iritsi. Publiko berriengana. Gazteen ohitura digitalekin bat egin. Herrialdea trinkotucloseSendotu, elkartu, batu. ere bai, lurralde ezberdinetako herritarrak euskarazko edukien bidez konektatuz.

Europako Batasunak mugaz gaindiko proiektuei ematen dien diru laguntza jasoko du Sarebidek. Hiru urterako proiektua da, iazko maiatzetik 2028ko maiatzera artekoa. 2,6 milioi euroko aurrekontua du, eta Europako Batasunak 1,68 milioi euro ordainduko ditu, guztiaren %65.

Mugaz gaindiko diru laguntza horiek jaso dituzten sei proiektu —Sarebide barne— aurkeztu dituzte Irungo (Gipuzkoa) Ficoba erakustazokan: bat enplegua sustatzeko (Lanean), bi mugikortasuna errazteko (Mugaziklo eta Transfermugi) eta hiru euskara, eleaniztasuna eta komunikabideen elkarlana eta zabalkundea laguntzeko (Eusguneak, Hezhi eta Sarebide). Guztira, 23 milioi euroko aurrekontua dute proiektu horiek, eta 14,8 milioi finantzatuko ditu Europak. 

Europako Batasunak Interreg Poctefa funtsa du Espainiako, Frantziako eta Andorrako mugaz gaindiko lankidetza proiektuak diruz laguntzeko. Funts horren barruan bost eremu bereizi dituzte, eta horietako bat da Afomef Mendebaldeko Eremu Funtzionala. Eremu horren barruan dago Euskal Herria, eta Afomefek diruz lagundu ditu gaur aurkeztutako mugaz gaindiko sei proiektuak.

Musika plataforma berria

Sarebidek, funtsean, euskararen erabilera sustatu nahi duela nabarmendu du Pello Urzelaik, BERRIAko IKTen —informazioaren eta komunikazioaren teknologien— arduradunak, aurkezpenean. Nola? Eraldaketa teknologikoaren, hedabideen saretzearen eta edukiak hedatzeko sistema berrien bidez.

Proiektua abian da. Urtearen amaierarako espero dute emaitzetako bat: streaming bidezko euskarazko musika plataforma berria. Badok.eus-en ondorengoa, nolabait esateko. Proiektuaren diseinua eta garapena egiteko lana lizitatu egin zuten, eta Ideable enpresari esleitu diote. Ideablek Somos Errea estudioaren laguntza izango du diseinuaren arloan.

Sarebideko bazkideek azpiegitura teknologikoak modernizatzeko eta teknologiaren bidez saretzeko aukera izango dute: zerbitzariak, edukiak partekatzeko sistema eta estudio bat. Horretarako plataforma bat sortuko dute, guztien ikus-entzunezko edukiak zabaltzeko. Herritarrek bertan topatuko dituzte guztiek ekoitzitako edukiak.

Elhuyar fundazioa ari da proiektuan parte hartzen. Elhuyarren barruan dago Orai NLP, lengoaia naturalaren prozesamenduan espezializatutako zentroa. Adimen artifizialean, alegia.

Orairen eskutik, adimen artifizialeko tresnak garatu nahi dituzte, kazetaritza lana errazteko eta hobetzeko, eta erabiltzaileei aukera berriak eskaintzeko: transkripziocloseAudioak testu idatzietara pasatu. sistemak hobetzea, itzulpenerako laguntza, laburpen automatikoak, albisteen kalitatea hobetzeko sistema eta galdera-erantzunen bidez edukiak bilatzeko sistema.