Alderdiak

Europaren "autoritarismoa" ikusirik, askatasuna defendatu du Orain Errepublikak koalizioak

Bilbon bildu dira EH Bildu, ERC, BNG, Ahora Canarias, Andecha Astur eta Puyalon de Cuchas alderdietako ordezkariak koaliziorako akordioa sinatzeko.

Orain Erreopublikak koalizioa osatzen duen alderdietako ordezkariak, Bilbon. ANDECHA ASTUR
arantxa elizegi egilegor
2019ko martxoaren 30a
08:01
Entzun

"Demokrazia, eskubideak eta askatasunak" horiek izango dira Orain Errepublikak koalizioaren oinarri nagusiak. Hala nabarmendu du Josu Juaristi EH Bilduko zerrendako bigarrenak. "Behar-beharrezkoak dira oinarri horiek, kontuan izanik Europatik eta batez ere Espainiatik datorren autoritarismo eta atzeranzko joera".

Erabakitzeko eskubidearen beharraz aritu da Diana Riba ERC Esquera Republicana de Catalunyako zerrendan bigarrena —Oriol Junqueras da lehena, baina preso dago Kataluniako auzia dela eta—, eta gogorarazi du Espainian badirela politika egiteagatik preso daudenak. "Junqueras eta nire senarra —Raul Romeva, Generalitateko Atzerri kontseilari ohia— politika egiteagatik daude preso, eta haiek atxilotzea erabaki zutenek uko egin zioten politika egiteari. Beste behin Espainiak behin-behineko espetxealdia erabiltzen du gurea bezalako proiektu politikoak gelditzeko".

Europako Parlamentuaren azken inkestaren arabera, hiru ordezkari eskuratuko lituzke Parlamentuan Orain Errepublikak koalizioak. Europako duela bost urteko bozetako emaitzak kontuan hartuz, milioi bat botoren bueltan ibil daiteke Orain Errepublikak koalizioa. 2014koetan, ERCk 630.072 boto eskuratu zituen —bi europarlamentari—, eta EH Bilduren eta BNGren Herriek Erabaki-k, 326.464 —aulki bat.

Alkateei omenaldia

Bestalde, Bilbon orobat, omenaldia egin diote 1977ko Alkateen Mugimenduari eta Jose Luis Elkoro ezker abertzaleko militante historikoari. MugiDA egitasmoaren baitan egin dute ekitaldia. Han izan dira, besteak beste, Joseba Asiron Iruñeko alkatea edota Julen Mendoza Errenteriakoa. Arratsaldean manifestazioa egingo dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.