Aldarrikapenen topagunea

EH Bilduk MugiDa jardunaldia antolatu du larunbaterako, Bilbon. Koalizioko kideak eta herri mugimenduetako aktibistak biltzea da asmoa. Manifestazioa egingo dute 17:30ean

Diana Urrea eta Mikel Otero EH Bilduko kideak MugiDa egitasmoa aurkezten, Bilbon, urtarrilaren 27an. BERRIA.
Maider Galardi
2019ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Antolatzaileen arabera, «ekintza kolektiboa» izango da EH Bilduk larunbaterako Bilbon antolatutako MugiDa jardunaldia. Koalizioko kideak eta askotariko herri mugimenduetako aktibistak elkartzea eta jai giroan aldarrikapenei leku egitea da asmoa. Bilbokoa «topaleku bat», «elkargune bat» izatea nahi dute antolatzaileek, eta, horretarako, egun osoko egitarau prestatu dute, hiru gunetan banatua. Kultur ekitaldiak, hitzaldiak, tailerrak eta manifestazioa iragarri dituzte.

«EH Bilduko kideak hamaika saltsatan sartuta gaude, baina horren guztiaren irudikapen publikoa egin behar da», azaldu du Mikel Otero legebiltzarkideak. Horregatik, koaliziokoek borroka horiek guztiak «bateratu» nahi dituzte larunbatean: «Egun zehatz batean saltsa horiek guztiak elkartzea eta aldarrikapen horiek batzea jada bada ekintza eta aldarrikapen publiko bat». Diana Urrea legebiltzarkideak ere nabarmendu du azken urteotan herri mugimenduetako hainbat sektorek hartu duten indarra: «Lantokietan, eskoletan, mugimendu feministan, zaintza arloan... Asko dira irabazitako borrokak, eta hori ospatu nahi dugu, elkarlanean Euskal Herri aske, feminista eta solidario bat eraikitzen segitu dezagun».

Urrearen ustez, hori izan zen koalizioaren sorrerako bokazioa: «EH Bildu indarrak batzeko sortu zen, ez soilik alderdietan, baita erakundetan eta hainbat gizarte sektoretan ere. Horretan jarraitu nahi dugu proiektu bateratuarekin». EH Bildu «dinamika eta borroka askatzaileak biltzen dituen mugimendu politiko, sozial eta kultural» gisa definitu du legebiltzarkideak. Hainbat tailer antolatu dituzte Areatzan, eta norberak bere aldarrikapen propioa idazteko txokoa ere izango da. Izan ere, 17:30ean manifestazio baterako deialdia egin dute antolatzaileek. Amaieran, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia arituko da hizlari.

Oterok aitortu du sarri ez dela erraza izaten instituzioen eta herri mugimenduen erritmoak bateratzea, baina nabarmendu du segituko dutela aldebiko harremana lantzen: «Nik uste dut badagoela lotura natural bat, baina egia da instituzioa makina erraldoia dela, eta guk ere egokitu behar izan dugula maiz. Beharrezkoa da etengabeko komunikazioa egotea». Oterok berak oroitarazi du fracking-aren aurkako mugimenduan urte luzez aritu ostean egin zuela politika instituzionalerako jauzia.

Beraz, Urreak eta Oterok azpimarratu dute EH Bilduko kideak bestelako egitasmo batzuetatik hurbiltzen direla, eta borroka horietara itzultzen, jarduna amaitu ostean. Horregatik, datorren larunbateko ekitaldi nagusietako bat izango da eguerdian, Plaza Berrian, udaletako hautetsiei eskainiko dieten omenaldia. «Aitortza eman nahi diegu lanean aritu diren hautetsiei», azaldu du Oterok: «Batzuk joango dira, eta beste batzuk etorri. Herri mugimendua eta instituzioak artikulatzea da asmoa, ahalik eta modu txukunenean, jarraipena emateko». Bertan izango dira Miren Larrion, Joseba Asiron, Aitziber Ibaibarriaga eta Jone Goirizelaia. Gainera, omenaldia egingo diote Jose Luis Elkoro Bergarako (Gipuzkoa) alkate ohiari.

Hauteskundeak ate joka

Oteroren arabera, «munizipalismoa» izan da EH Bilduren lehentasunetako bat, udalak baitira «herritarrengandik gertuen» dauden instituzioak. Ohartarazi du, gainera, udal hauteskundeak ere bertatik bertara daudela; MugiDa eguna antolatzen ari zirenean, ordea, oraindik ez zekiten Espainiako Kongresurako bozak berehala izango zirenik.

Halaber, aldarrikapenak jai giroan egiteko eguna izango da etzi. «Mugimenduan dagoen Euskal Herri bat» irudikatu nahi dute, Urrearen esanetan. Horretarako, Oterok nahiko luke iruditeria aldatu: «Politikak haserretutako jendearen kontua dirudi, baina elkar ikusten, maitatzen, zaintzen eta keinu bat egiten duen jendea gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.