Porrot domestikoak

 

gogorra behar du izan

aingirei burua moztea

norberaren atzamarrak moztu gabe

gorputza bihurritzea,

bisiguaren ezkatek estali ez zintzaten

oheko izaren soka-lasterrei ihes egitea

 

gau itsuetan

uretan ikaragarri hazten ziren garbantzu aleen aurka

burutzen zenituen gudak

zeregin hutsala

dilistak arroz aleetatik banatzea

a ze inpotentzia esne egosiak gainez egitean

geldiezin

 

zartaginen zaratotsak ez zizun

musika entzuten uzten

zure frantses eta alemanaren ezagutzak

alferrikakoak ziren sutegiko koipeen aurka

eta hoditeriak umeak bezala oihukatzen zuen

kalatxoriak eta patatak

kazola hondoan itsasten zirenean

 

zergatik zaude argazkietan irribarrez

ama?

 

Marilar Aleixandre
Itzulpena: Leire Bilbao

Bizitzak

 

Bizitzak ez du etsitzen

ezpada muga latzetan;

ezpadu Oihanarekin egiten amets,

egiten du Desertuarekin.

 

Eta hala, Iraila Garo Gorridunak

soilik Elur, soilik Otso,

Barren zabal eta izoztu

izan nahiko zukeen;

 

Eta izan nahiko zukeen Eguzkiak

Argi huts eta zorrotz

Erleen memoria ahulean;

 

Gaua, berriz,

hastapenetako garaiaz

oroitzen da bereziki,

orduan ez baitzen gaua besterik;

 

Era berean, Egundo Ez

edo Beti Beti

esaka dabil nire Bihotza;

Bi hitz bakarretan

erabakitzen ditu, zoritxarrez,

bere desira guztiak.

 

Bernardo Atxaga
Irudia: Koldo Torrea

 

Maite zaitudalako

 

maite zaitudalako

amets egin dut

burdinazko hostoetan zintzilikatu

zugana amildu naiz

gure maitasuna euri tanta delako

 

maite zaitudalako

sortu egin dut

nakarezko izerditan irristatu

zati izan naiz

gure maitasuna euri tanta delako

 

maite zaitudalako

uste

sinesten dut

dakit

gure maitasuna euri tanta dela

 

Jose Luis Otamendi
Irudia: Anajoxe Errondosoro

Izarak

 

I

Negua bukatzean

elurrak sentitzen duen dolumina

ezerekin ezin da alderatu,

ez bada,

ahoak mututzean,

izarak pairatzen duen etsipenarekin.

 

II

Izaren korapiloak

bizkorregi

ari dira

ene urkamendia

eraikitzen.

 

III

Izaren itsaso sakonean

indar abisalek

inarrosi zituzten

gure gorputz itsuak,

esku gosetiak

gero eta gehiago urrunduz.

 

IV

Esnatzean

babesgabe uzten gaituzte izarek,

islarik gabeko ispilu dira orduan

ametsak oro,

eskuraezinak.

 

Rikardo Arregi Diaz de Heredia
Irudia: Evita Weed

Lunak poema zoriontsu bat idazteko eskatzen dio Lunari

 

Poema zoriontsu bat eskatzen didazu. Zer  nahi duzu esatea. Maitasunean sinesten dudala. Bizitza honetan gehien hunkitzen nauena igandeetan pizza jatea dela. Biziki atsegin dudala hankartean esperma gordetzea, likido erortzen den arte, tantaz tanta, nire loaren lurzoru hotzera. Poema zoriontsu bat eskatzen didazu eta hori ia ezinezkoa da, zoriontsua naizenean ez baitakit adierazten. Edo zoriontsua naizenean bozkarioa desio dudalako. Edo zoriontsua naizenean gauza garrantzitsuagoak ari naizelako egiten, negar egitea bezala. Liburu bat irakurtzen dut non protagonistak bere katua hil eta ez duen ezer sentitzen. Abesti bat entzuten dut non bi maitale banandu eta ez duten ezer sentitzen. Whatssapeko mezuak irakurtzen ditut eta ikasten dut lagun batek zainak moztu nahi dituela ezer ez sentitzeko.  Zer nahi duzu orduan nik zuri esatea. Zein salba dezadan nahi duzu nik orain. Poema zoriontsu bat eskatzen didazu eta hau da esan ahal dizudan guztia: Ez.

 

Luna Miguel
Itzulpena: Leire Bilbao
Irudia: Angelo Pantazis

 

Bego horretan

 

zuri, emakume, ez dagozkizu labeak eta umeak

ez baitzara gai kaktus bat zaintzeko ere.

Ez duzu behar ez arrik ez etxerik

aska ezazu, eta abiatu, behingoz.

 

Zuzen zebilen zure maitale hura

zuretzat, istripu dira pertsonak:

gertatu egiten zaizkizu, bat-batean.

 

Miriam Reyes
Itzulpena: Danele Sarriugarte
Irudia: Callum Shaw

‘Bukaeraren hasiera’, post scriptum

Bukaeraren hasiera BERRIAko analisiaren post scriptum bat:
1. Foro Sozialak 2016ko urriko ekitaldian, ETAri armagabetzeari buruzko mezua bidaltzeaz gain, alderdi politikoei ohartarazi zien probesteko hauteskunderik gabeko orduko ia hiru urteko zikloa. ETA 2017ko apirilean desarmatu zen, eta 2018ko maiatzean desegin. Orain, euskal presoen auziaren konponbidea urratzeko, Espainiako Gobernuan eta Hego Euskal Herriko bietan eta haien sostengatzaileetan antzeko taldeak egoteaz aparte, ez dago, kalterako, interes elektoralaren arrisku handirik: Nafarroan hiru urte eta erdira izango dira berriro foru bozak; Espainiako gorteetan oraintxe hasi dute legealdia, eta, PSOE-UP gobernuak gehiengo sendorik ez izan arren, pare bat urte behintzat iraun dezake; eta EAEn aurten dituzte hauteskundeak, baina nagusia, EAJ,, lasai ederrean egon daiteke PSE bazkidea eta EP lagun berria hor dituela.
2. BERRIAren papereko eta sareko iazko 60 pieza irakurrienen berri eman du hedabide honek duela gutxi, eta lau dira euskal presoen auziari lotutakoak. Egia da presoen arloan iaz ez zela askorik mugitu, baina 60tik, lau (%6,6). Beste datu bat: lau artikulu horien artean ez dago manifestazio, hitzaldi, gogoeta, analisi, proposamen edota ebazpen instituzionalei-eta buruzkorik; atxiloketa bati buruzko elkarrizketa da bat, bi preso aske geratu zirenekoak bi eta preso baten aitaren hiletan Poliziak jarritako oztopoena bat. 2020 honetarako kontuan hartzekoa, agian; dena beharko den arren auziaren bukaeraren hasierarako.♦

Bukaeraren hasiera

BERRIAko analisiaren (2020-1-12) laburpena: Zentzuzkoa da aldarrikatzea euskal presoen auzia behingoz konponbide fasean jarri behar dela. Baldintzak badira. Partekatutako abiapuntu baterako zume sendoak daude; baina, halaber, baliagarria litzateke guztien artean ondorioztatzea auzia Espainiako Estatuan (ere) oraindik ez dela konponbidearen fasean ezarri; edo areago: PSOEren gobernuak urte eta erdian, zegoen egoera berezi eta ahulean mugimendu batzuk egin zituela baloratuta ere, beharrezkoa dela auziaren bukaeraren hasierari ekitea. Bakoitzak jarriko ditu gero terminoak: presoen askatasuna, etxeratzea, (bir)gizarteratzea, legediaren betetzea…; eta, logikoki, bakoitzak egingo ditu eskakizunak. Euskal presoek badituzte ametsak, bizi proiektuak, eta maite dute askatasun haizea, baina urruntzeak eta lehen graduak eragotzi egiten die legebideari jarraitzea, Euskal Herrian sentiaraztea, eta, egokiera ikustean, posibilista izatea. Zer egin behar du haietako batek Algecirasen-edo, Madrilen hiru eguneko irteera baimena jasota? Edo egunez ateratzekoa izanda? Zer gogo edukiko dute, urrun egonik, legebidean pausoak emateko? Madrilek ia ehun euskal preso ditu sorterritik 700 kilometro pasara, gizarteratze printzipioak baztertuta. Samina zabaltzen. Presoen auzian azken faseari lehenbailehen ekiteko erabakitasuna daukate euskal eragile askok. “Orain ez bada, noiz?”, galdetu du Sarek. Gaur-gaurkoz, 248 ohe huts daude. Eta hori nork ulertarazi… Euskal Herri berriari.♦

Handem herrian

   Duela 31 urte Amerikako Estatu Batuetan bizi nintzen, Connecticuten, Bridgeport izeneko herrian. Neguak hotzak baziren, otsaila oso gogorrago egin zitzaigun grebako piketetan urtebete generaman  600 bat pilotarioi. Animoak, hala ere, sinetsi nahi badidazue, goian genituen. Euskaldunok, izan ere, gatazka giroan, egoskorrak bilakatzen baikara, nekez emango dugu amore. Jarrera kolektiboaren jatorria, auskalo nondik datorren. 

   Handem herrian, nire etxetik 30 bat kilometrotara, United Auto Workers (UAW) sindikatuaren 148. egoitzan, ekitaldi bat burutzekoa zen. Greban zeuden sindikatu ezberdinetako partaideak biltzekoak ziren, solidaritate jaialdi baten barruan. Pilotariok, jai-alai player-ok tartean ginela, joan behar genuela esan zigun piketean Gabino Ezpeletak, IJAPAko (International Jai-Alai Player Association) gure sindikatuko ordezkariak. Ricky Lasak, elkarteko  lehendakari ahalguztidunak, Ezpeletari azpimarratu zion Handemen egoteko garrantziaz, komunikabide askotariko bidali bereziak agertuko zirelakoan.     

    Handemera, autoz inguratu ginen 80 bat lankide, emazte eta adiskide. Uniformatuta azaldu ginen pilotariok. Ez praka zuriekin eta kolore ezberdinetako elastikoekin, iraganean kantxaratzen ginen bezala, baizik eta  jaka gorriarekin, bizkarrean “Ijapa Player”  jartzen zuenarekin. Aurreko aldean, berriz, ikurrez josita: IJAPA, UAW, God Bless America, USA… Buruan kapela gorria, pin-ez beteta..        

   Aparkalekura hurbildu ginenean ohartu ginen dagoeneko sekulako jendetza gerturatu zela, lekurik ez autoak aparkatzeko. Egurrezko egoitza zaharrean sartu ginenean bero bafada bat sentitu nuen. Berehala erantzi genituen neguko berokiak eta bufandak, gure sindikatuko uniformea agerian sartu ginen areto nagusian. Ehun bat lagunentzako lekuan, halako hiru zeuden dagoeneko. Gure kolore gorriak berehala nahastu ziren beste sindikatuetako ordezkarien uniformeekin, nolabaiteko erromako zubia osatuz. 

   New Hampshireko paper fabriketako langileak ziren batzuk; Maine aldeko zerrategietakoak, besteak; Connecticuteko makina-erremintakoak ere baziren han. Kolore batekoak ala bestelakoak, grebalariak denok.

   Maiatzaren  Leheneko “Langileen eguna” ospatzeko asanblada egiten ari ginela zirudien. Une batetik bestera, kaleak hartzeko manifestaldian. 

   Kanpoan haize leia egiten bazuen, barruan, sekulako anaiarteko giroa; beroa eta emozioz beteta. Hura zalaparta! Hango iskanbila! Denok batera berbetan, builaka mintzo behar aldamenean zenuenarekin. Oholtzan igota, dozena erdi bat lagun, hizlari bakarra. Basomutil baten itxura hartu nion hizlari bizargorriari. Koadroaz osatutako franelazko alkandora, ukondoraino bilduta, zerrategietako langilearen planta zuen, Errezilgo (Gipuzkoa) baserritarra zela esan zitekeen

     Hizketan ari zela, esaldia bukatzear, hango txistu eta esku-zarta! Langileria baturik, jatorri ezberdinetako partaideak eta, tartean gu, euskaldunok. Grebalari guztien artean, New Hampshireko paper lantegietakoak izan ezik, geu ginen beteranoenak. Egun hartan, Handem herrian, historia egiten ari ginela sentitu nuen nire barrenean.

 Antolakuntzatik esan zioten Ezpeletari komenigarria izango litzatekeela guretako batek, gaztelaniaz hitz batzuk esatea oholtza gainetik. Izan ere, aretoan hainbat latino jatorrizko langile zelako. Estimatuko luketela euren hizkuntzan hitz batzuk  entzutea.

   Halakoetan —lehen ere gertatu zen— Ricky Lasaren (IJAPAko lehendakaria) parte hartzea ezinbestekoa izaten zen. Hain justu, ikaragarri gustukoa zuen jende aurrean nabarmentzea. Plazagizona eta planta ederrekoa izateaz gain, hazi egiten zen jende aurrean. Lasa, ordea, Washington-era joana zen, Espainiako enbaxadako diplomatiko batekin biltzera. 

    Ezpeleta niregana hurbildu zen. Aretoko izkina batera eraman ninduen. Belarrira —seminarioan ikasitako estiloan— zuri-zuri, gozo-gozo, barre txikian. Ni nintzela egokiena oholtza gainera igotzeko, latinoek eskertuko luketela. “Atera kontuak, Iñaxio, zenbat komunikabide dauden. Prime time-en aterako gaituk”, erregutu zidan.

    Charles Chaplinen filma bat etorri zitzaidan gogora, “Tempi Moderni”, Milanen (Italia) jokatzen nengoenean ikusitakoa. Eszena batean, oker ez banago, oso ondo ez banaiz gogoratzen, estolda batetik ateratzen da Charlot. Lurretik jasotzen du bandera gorri bat, manifestari batek galdutakoa. Haien atzetik doala, bandera gorria eskuan, beste multzo bat hurbiltzen zaio gibeletik. Poliziak atxilotu egiten du Charlot.

     Ni ere, jaka gorriz jantzita, kapelu gorria buruan, konturatu orduko oholtza gainean ikusi nuen nire burua. Urduri jartzeko betarik gabe. Ehunka lagun, behean, denak niri begira. Nik zer esango.

     Konortea galdu edo amets gaizto bat bizitzen. Protagonista, protagonismoa bilatu gabe. Zerrategiko ordezkaria sumatu nuen nire aurkezpena egiten. Urrutitik helduko bailiren hitz solteak… jai-alai players, strike, Basque heroes… Bai, gutaz ari zen. Kameren argiek eta argazkilarien flashek itsutu ninduten. Isildu zen hizlaria eta, nonbait, nire txanda izan behar zuen. Baina ni, mutu, izoztuta, ehunka lagun, behean, niregan begiak josita. Ez dakit bertsolariak oholtzaren gainean zer sentitzen duen gaia eman eta gero, isilune horietan, burumakur, denek zain, zerekin ekingo dion… Ez zen nire plaza, baina, ezin bertatik ihes egin.

     Halako batean, hasi nintzen zerbait esaten. Gaur da eguna, ordea, ez dakidala zehatz-mehatz zertaz aritu nintzen. Beste baten gorputzean sartuta banengo bezala sentitu bainintzen. Ez ni, beste bat, arituko balitz bezala hizketan nire ordez. Entzuten nituen gauzak ezagunak egiten zitzaizkidan. Nazioarteko Brigadak, Victor Jara, Allenderen Txile… Zarauzko Zinema pilotalekuko mitinetan Ortziri eta Esnaolari entzundakoak. Baita esloganak: “Herri elkartua ez da inoiz zanpatua izango”…  “Duintasunak ez du mugarik ezagutzen”… ¡”Gora langileria elkartuta!”… Sacco eta Vanzetti ere, sartu nituela zaku berean, uste dut. Txistu eta txalo artean sumatzen nuen beste ni hura. Ezin gelditurik, trenak abiada hartzen duenean bezala, balaztari sakatu gabe, aurrera eta aurrera…

    Ezpeletak atera  ninduen trantze hartatik, oholtzan bertan. Besarkada bat eman eta esanez:  “Hori duk, Iñaxio!… Lortu diagu!”.

    Zorabiatuta jaitsi nintzen oholtzatik, non nengoela jakin gabe. Lankideek besarkatzen nindutela, kazetariak mikroekin eta kameren flashekin, osatutako laino batean.

 

Presoak eta lurraldetasuna

Badute jada Espainiako Gobernuko presidentea, espektakulu baten ondoren. Eta zenbat espainolizatu dugun ikuspegia azkenaldian (ere). Lekutan dago deskonexio mentala. Ados, Madrilen ere partida jokatu behar da. Baina komeni selektiboa izatea, Espainiako Estatuaren eguneroko zurrunbiloan murgiltzeke. Badira borrokatzeko kontuak: eskumenak, inbertsioak, murrizketak, mozalkeriak, helegiteak… Andaluzian ere izango dituzten bezala. Baina, taxuzko aurrerabide nazional baterako, Madrilgo mahai jokoan ez dago autodeterminazioaren arrastorik. Estatuaren lurralde ereduaren auzia aipatzen da talde politiko abertzaleen artean ere, eta gutxitxo Hego Euskal Herriaren lurraldetasun batasuna. Langai dago zorua prestatzea, eta, Madrilen ere partida jokatu behar denez, hango eta Hego Euskal Herriko askotariko indar harremanak kontuan hartuta —instituzionalak barne—, lehentasun bat da hasiera puntuan jartzea euskal presoen —eta deportatu eta iheslarien— auziaren bukaera. Beste bat, Hego Euskal Herriaren batasun instituzionalerantz jotzea, formulak formula, erritmoak erritmo. EH Bildu eta EH Bairen Euskal Bideak (2015) zera dio —zioen?— “prozesu eratzailearen” hirugarren fasean: “Eredu juridiko-politikoaren gaineko erabakiak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako autonomia erkidegoari eta Nafarroari dagokienez, Espainiako Estatuarekin harremana erabaki aurretik, bi eremuetako arteko harremana erabakitzea lehenesten dugu, Hego Euskal Herriko lurralde batasuna lortze aldera”.♦